Bi Donostiak

asDuela pare bat egun aurkeztu zituen Eusko Jaurlaritzak EAEko V. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzak, Donostian. Autonomia erkidegoko hizkuntzen erabileraren datuak ezagutu nahi dituenak hemen du Berria-k eginiko laburpena.

Ni aldiz, harritu nauen arren errealitatearen islada den datu edo aspektu bat azpimarratzera noa; Donostia da euskal hiztun gehien dituen EAEko hiriburua, baina, biztanleen erdia baino gehiagok (%52.1), ez daki deus euskaraz.

Datu hauek arazo edo egoera bat biluzten dute: Donostian euskal hiztun kopurua “handia” den arren, hauek ezin dute bi hirikideetatik batekin euskaraz komunikatu. Bestalde, elebakar diren hiritarrak ez dira gai euskarazko adierazpen kulturalak, politikoak ez eta “jarriazu zurito bat” bezelako eguneroko esaldiak ulertzeko.

“Norberak nahi duen hizkuntza erabil dezake”, esango luke batek baino gehiagok. Erabilera norberaren erabakia da bai, baina jakin edo ulertzeaz ari garenean, administrazio publikoaren erantzukizuna ukaezina da. Izan ere, donostiarren erdiaren euskara ezjakintasunak, gainontzeko erdiaren eskubideak urratzen ditu.

Arazoa sakona da eta baita ondorioak ere. Hizkuntza arazo horrek, donostia bi zatitan banatzera darama: Euskaraz bizi direnak, euskaraz bizi ditzaketen leku, giro, ekitaldi, eta kaleeak betetzen dituztenak alde batetik, eta euskaraz egiten den guztia ulertzerik sikiera ez dutenak bestetik.

Hauteskundeek ere adierazi zuten hiriko korronte politiko eta sozialen banaketa argia, baina, hizkuntzak ez luke Donostiako eguneroko bizitza bi mundutan sailkatu eta banaketa hori kaleetara eraman behar.

Ez larritu hala ere, “Gol!” eta “Sebastian bat bada zeruan” esaten badakigun artean, podremos decir que todos somos donostiarras.

NIRE KONTRA ESANAK

9 pentsamendu “Bi Donostiak”-ri buruz

  • Nik ez dut uste Donostia bitan zatitua dagoenik. Egia da badaudela “euskaraz egiten den guztia ulertzerik sikiera ez dutenak”. Baina alderantzizkoa ez nuke esango, hau da, euskaraz bizi geranok “euskaraz bizi ditzakegun leku, giro, ekitaldi, eta kaleeak betetzen” ditugula. Edo “haiek soilik” betetzen ditugula, behinik behin.

    Gasteizen ikasi zuen lagun batek zera esan zidan: nik Donostian edozein tokitan egiten dut lehen hitza euskaraz, eta besteak ez baldin badaki, bestea da gaizki gelditzen dena. Gasteizen (esan Bilbo, esan Iruña, esan Baiona) gaizki NI gelditzen naizela dirudi!”.

    Esan nahi dut, Donostian euskararen bisibilitatea norma da edonon, gune zehatz batzutan izan ezik. Nago beste hiriburuetan alderantziz dela, euskararen bisibilitatea nuloa dela, eta gune zehatz batzuetara joan beharrean direla haren bila.

  • Txantxangorria 2012-03-09 20:48

    guztiz ados dezuk esaten duenarekin.

    ni donostiara joaten naizenean (edo gipuzkoara, napar iparraldera edo bizkai ekialdera) lehenengo hitzak beti euskaraz egiten ditut, naturaltasun osoz gainera. Beste hiriburu eta lurraldetan aldiz erderaz, edo ausardi pixkatekin nire aurrekoari ea euskaraz dakien galdetzen diot.

  • Agian oker nabil, baina esango nuke Bilboko errealitatea ez dela Gasteizkoa edo Iruñekoaren parekoa (Baionakoa aipatu ere ez). Urte asko daramatzat lehenego berba euskaraz egiten denda eta tabernetan eta garapena bistakoa da, bereziki aurrean duzuna 30 urtetik beherakoa bada.
    Kontua da jendea sarritan saiatu ere ez dela egiten eta horrela zaila da merkataritzan eta ostalaritzan dauden euskaldunak bistaratzea.

  • Derzuk eta manuk esaten dutenarekin ados nago. Ni Bilbon bizi naiz eta hiriko errealitate soziolinguistikoa ezagutzen dut. Ez da Donostiaren parekoa, han euskerak presentzia handiagoa duelako, baina makina bat lekutan euskaraz egin dezakezu Bilbon. Azken urteotan presentzia handitu egin dela esango nuke, eta batez ere gazte belaunaldiak ematen dio/emango dio/eman ahal dio bultzadarik handiena egoerari.

    Gero beste faktore batzuk ere izan behar ditugu kontuan. Bilbora egunero hurreratzen den jende asko Bilbo baino askoz leku erdaldunagoetatik (Ezkerraldea, kasu) dator, eta horiek ere dendetan, bulegoetan, jendeaurren… daude. Bestalde, leku ofizialetan (badakit legez elebidunak behar dutela izan, baina denok dakigu beti-beti ez dela horrela) euskaraz egiteko aukera ia %100koa da, behintzat jende aurrean daudenak (liburutegi, zentro publiko…).

    Apurka-apurka, baina aurrera goaz!

  • Ildo beretik, Loiuko aireportuko tabernan euskaraz egin daiteke bertan dagoen (dauden?) euskaldun gaztearekin. Ez bagara saiatzen ezin jakin non egin dezakegun. Orain, nabarmena dena Donostiako Udalak komertzio eta ostalaritza euskalduntzeko egiten duen (egin duen) ahaleginaren eta Bilboko Udalaren utzikeriaren arteko aldea da. Azken bi hamarkadetan Bilboko Udalak ez du ahalegin serio bakarra ere egin komertzio arloan ezer ere aurreratzeko. Biribilko izeneko apaño penagarri bat (diagnostikoaren diagnostikoaren osteko ikerketa diagnostikatzailea) baino ez. Lotsagarria ez, iraingarria da. Eskandaluzkoa. Negargarria. Aurtengo aurrekontutan 120.000 euroko partida dago “Euskara gizarte arloetan sartzen laguntzea” atalean. Berbarako, Alondegiak berak bakarrik 8.121.173 euroko dirulaguntza du Udalaren aldetik. EAJk lotsa apurrik badu zeozer egin behar du gure Barcina, gure Rita Barberá, gure Gallardonen euskararekiko mespretxua gainditzeko.

  • Bilbon gero eta leku gehiagotan egin daiteke gure hizkuntzan, ai denok egingo bagenu!!
    Horixe da erronka, euskaldunak BISTARATZEA. Eta ezetza jasota ere, erdaraz erantzun duenak gogoan hartuko du hainbat euskaraz dabiltzala eta ingurukoek ere gogoan hartuko dute. Sarritan arazo sozialak konponbidean jartzeko lehengo pausoa bisibilitatea da, euskaldunekin ere hala gertatzen da: egiten ez badugu (ozen gainera) ez gara, eta ez bagara, beti egongo dira hor eskaerarik ez dagoela diotenak.Beraz, bilbotarrok lehenengo, baina Bilbora zatozen bermiotar-gernikar-zornotzar-durangar-larrabetzuar horrek lagunduiguzu Bilbo euskalduntzen, ez ibili beti erdaraz kapitalean!!

  • Erabat ados Iralarekin. Bilboko euskaldunok dugu hor ardura gehien. Eta hizkuntza-alternantzia ere baliatu behar dogu, katalanek aspaldi egiten duten bezala. Nik askotan egiten dut, taberna/denda/dena delako batean euskeraz eskatu eta besteak erderaz erantzuten badit ere (horrek esan nahi du, hala ere, zeozer ulertu duela), nik euskeraz segitzen dut. Horrelako egoerei ez diegu beldurrik izan behar, hori ere aurrerapauso bat bada ere. “Hablame en castellano, no entiendo lo que me dices” horietatik euskara-gaztelania alternantziara pasatzea ere bada pauso bat, besteak ulertzen duelaren seinale. Eta horrela pizten dira kontzientziak… nik neuk kasu bat ezagutzen dut, jende aurrean elkarte batean lane egiten duen neska batena…euskararik jakin ez, eta euskaldun asko hurbiltzen zaizkiola ikusita, euskara ikastea erabaki du, bere esanetan “besteei erderaz egitea exijitzeko eskubiderik ez daukalako”. Beraz, badoa, apurka-apurka!

  • Nik Donostian ghetoak besterik ez ditut ikusten.

    Gaztelaniaz bakarrik mintzo direnak beraien esparruak dituzte: eskola propioak, unibertsitate propioak, bizitzeko era bat… Erreferentziak London edo New Yorken dituen jendea da. Donostiatik ateratzerakoan, lehenago joaten dira Madrilera Usurbilera edota Hernanira baino. Bakarrik daude hainbat kilometrotan, eta bere baitan bizi dira.

    Euskal ghetoak ere badira, edota izan dira orain arte. Donostian biztalegoaren zati bat zu bezalakoa ez denean, zurera biltzen zara. Hori bai, inguruko herriek bestelako girua dute, eta egoera ez da hain larria.

  • Neurri batean ados nago diozunarekin, Herria. Bilbon ere argi eta garbi ikusten da erdaldunik peto-petoenen joera zein den. Adibidez, Eskola Frantsesera, Eskola Alemanera, Inglesera eta Amerikanora bidaltzen dituzten gehienak (nahiz eta nik neuk esan dezakedan kontrakoak ere ezagutu ditudala) erdaldun erabatekoak dira, eta ez dute euskarari buruz ezer jakin nahi. Erreferente kulturalak kanpoan dituzte, bertan baino. Niri tristea iruditzen zait, edozelan ere. Bestalde, euskaldun asko, Bilbon, betiko leku euskaldunetan batzen dira. Tabernak har ditzagun adibide lez: Antzokia, Alde Zaharreko tabernak (Somera, Erronda kalekoak; Kalderapeko AEKko taberna…)… Ondo dago, nire ustez, euskaldunok indarguneak izatea, baina KONTUZ! Ghetizazio arriskua ikusten dut nik hor ere.
    Faltsua da nire ustez euskaldun bakarrik izan daitekeela aipatu ditudan leku horietan (nolabait ideia hori somatzen dut euskaldun askorengan…)… imajinatzen dut Donostian ere horrelako zerbait gertatzen dela…