Beti astelehena. Gernikako sugarrak oraindik pizturik

Beti astelehena –

Jadanik 85 urte pasatu dira Alemaniako nazien Luftwafferen Condor Legioko eta Italiako faxisten Aviazione Legionariako hegazkinek Gernika bonbardatu eta erraustu zutenetik. Mola, Franco eta gainerako espainiar matxino faxistak laguntzera zetozen eta denbora berean, beren arma berriak probatzera. 1937ko apirilaren 26a zen, astelehena, merkatu eguna, eta Gernika inguruetatik joandako jendeaz lepo zegoen. Hegazkinen burrunbak urruntasunean entzuten hasi zirenean, euskal zirimiri goxoak bazterrak bustitzen zituen. Hegazkinek herria birrinduz gain, biztanleen aurka aritu zen, behin eta berriz, ihes egin nahian zebiltzanak gupidarik gabe metrailatuz. 2000 pertsonatik gora erail zituzten infernu hartan. Lumo auzoa bonbardatu ez zutenez gero, Gernikako Arbola, euskaldunen haritz sakratu eta miresgarria onik gelditu zen, sarraski handiaren lekuko eta jakile gisa.

1.- Ikusgarriaren aurrekariak

2018an, Xabier Soubelet “Xubiltz” idazle eta artista donibandarrak

“Gernika 81. Txoria badator, txoria badoa”  izeneko eleberri historikoa plazaratu zuen Elkar argitaletxearen bitartez. Hau izan zen euskal izaerari eskainitako trilogia baten azkena (“Izotzetik izanera” 2008an, lehena, eta “Sortzearen eztandak”, 2016an, bigarrena). Zenbait hilabete beranduago, Donibane Lohizuneko hainbat elkartek “Txoria badator, txoria badoa” izeneko ikusgarria antolatu eta jokatu zuten Dukonteneko Naturaren Antzokian, zoritxarrez, euriak neurri batez zapuztu zuena.

Orduz geroztik, Soubeletek Gernika martiriaren oroitzapena izan du beti berekin, eta azkenean, Xamanat taldearekin batera “Beti astelehena”  izeneko perfomance edo ikusgarria prestatu du, Iparraldeko zenbait herritan jokatu dutena. Azkena ekainaren 19an, igandearekin,  Zokoan, Piarres Larzabalek eraiki zuen eliza miresgarri eta ederrean, Ni, azken horretara hurbildu nintzen.

2.- Ikusgarriaren nondik norakoak

Lehen aipatu bezala, ekainaren 19an, igandearekin, arratsaldeko 5etan hasi zen Soubelet eta Xamanat taldearen azken emanaldia. Etxetik hurbil dudan elizara bertaratu, autoa bazterrean utzi, eta itsasontzi baten itxura duen barren ederrera sartu nintzen.        Ordurako dena prest zegoen, eta jarlekuetan aurpegi ezagun ainitz ikusi nituen, elizako arduraduna den Mikel Epaltza apeza tartean zegoela.

Musika ezti batez lagundurik Maialen Fauthoux-ek Gabriel Arestiren “Nere aitaren etxea” olerkia irakurri zuen, poliki eta ozenki: “Nere aitaren etxea defendituko dut, otsoen kontra, sikatearen kontra, lukurreriaren kontra, justiziaren kontra, nere aitaren etxea defendituko dut”  Bukaeran, honako esaldia gehitu zion:  “Guk ere etxearen nortasun euskalduna osoki lortu arte defendituko dugu”

Eta horren segidan, atsedenik gabe, eta oren eta erdiz jarraitu zuten kantuz, soinuz eta hitzez. Espektakulu ederra izateaz gain, liluragarria eta hunkigarria izan zen, bertan ginenon bihotz-gogoak  1937ko apirilaren 27 madarikatu hartara eraman gintuena. Gernikan sarraskituak izan ziren herritarren oihuak eta hasperenak sentitu ahal izan genituen gertu, baita beraien bihotz taupada azkarrak eta sufrikario latza ere.  Gernika, Gernika! Euskaldunen herri sakratua sugarretan kiskalia!

Halako batez, Itzatzeder olerkari donibandarrak apirilaren 27ko gauean, Gernikan egin zuten sarraskia ezagutu zuenean, egin zuen olerki gogoangarria ekarri ziguten gogora. Hona lehen kobla:

“Zure kantu sarkorra entzun dut gau huntan:

Aditu izan nuen jadanik askotan:

Bozkarioz bihotza gainditzen zitzaitan.

Gaur egin dut gogotik nigar ilunbetan…

Gernika, Gernika!”

“Txoria badator, txoria badoa” kantuaren mezua eta soinua barneraino sartu zitzaigun denoi. Horratx:

Ta txoria badator, ikaran edonor.

Merkatuan, amatxiren besoan saskia,

Badator sarraskia

eskutan landare eta hazia,

mamia ikaran mintzen hasia.

 

Merkatu eguna, iluna

eta soinu urruna

badurbil astuna.

AAAAAAAAAAAA!!!

 

Condorrak airean burrunba

txistuka eta bunba!

Stuka eta katakunba,

Condorrak airean burrunba

txistuka eta bunba!

Stuka eta katakunba,

ehorztoki eta tunba.

AAAAAAAAAAAA!!!

 

Merkatuan, amatxiren

besoan sarraskia,

hortxe dago odol nahaskia,

Huts-hutsik baitago betiko aulkia

euriaren azpian herri haragia.

Ta txoria badoa, putakumia!!!

 

Xabier Soubeleten irudikoz, bonbardaketa astelehen batez gertatu zen, Mari jainkosaren egutegi zaharreko lehen egunean, eta orduz geroztik, euskaldunok astelehenean bizi gara, arrotzek horrela bizitzera behartzen baikaituzte. Noizbait asteazkenera iritsiko al gara? Noizbait askatasuna erdietsiko al dugu?  Horixe da ikusgarriaren izenburuan dagoen mezua. Ikusgarriaz gain  margolan net abstraktu bat erakutsi ziguten, Soubeletek egina, orduko tragediaren berri grafikoa emanez. Aipatu margolanean agertzen diren ikurren berri eman ziguten, pittaka-pittaka, ikusgarriak aurrera egiten zuen neurrian: odola, euskal hartza, Gernikako Arbola, Errenteriako zubia (hortik sartu baitziren tropa faxistak), torero bat…, eta abar.

Beti astelehena
Ezkerretik hasita: Nat Cazarre, Maddi Irigoien,  Xabier Soubelet eta Maialen Fauthoux

Bukaera aldean, Maddi Irigoinek arrabitaz izugarri ongi jo zuen Pablo Gorosabel kantu-egile gipuzkoarrak gudarientzat egin zuen Hileta Soinua, famatua eta euskaldunoi horrenbeste historia eta oihartzun dakarzkiguna. Interpretazio bikaina, zinez. Amaieran han ginen ikus-entzuleok txaloaldi bero batez eskertu genuen artista horien lana. Mila esker zuei, Maddi Irigoien, Maialen Fauthoux, Nat Cazarre eta Xabier Soubeleti, horrelako ikusgarri ederrez eta liluragarriz gure bihotzak hunkitzeagatik, eta Gernikan egin zutenaren berri, herritarrek jasandako saminaren oroigarri mingotsa baina oroitu beharrekoaren oihartzuna gure gogoetara ekartzeagatik.  Ahazten ez duen Herria ez da nehoiz desagertuko! Eta Euskal Herriak aurrera eginen du, sarraski guztien gainetik, itxaropenari zirrikitu bat egin diogulako. Hala bedi! Eta Xabier Soubelet eta Xamanat taldeari ikusgarri honen zabalkundean zorte ona ukan dezatela opa egiten diegu bihotzez.

Amaierako kantua oraindik gure belarrietan entzuten genuelarik, muino gaineko elizatik aldendu ginen: “Zer litzateke Euskal Herria euskararik gabekoa? Zer litzateke Euskal Herria euskaldunik gabekoa? 

Beti astelehena
Xabier Soubeleten margolana Gernikako bonbardaketa irudikatuz.

Urruñan, 2022ko ekainaren 22an

Beti astelehena  Beti astelehena  Beti astelehena  Beti astelehena

Euskaltzalea eta irakasle-ohia