Beste behin

Beste behin –

Joanes Illarregik Bertsolari Aldizkarian.


Uda honetako gertakari bat kontatzea da hilabete honetako nire kolaborazioaren asmoa. Herri batera bertsotara joan eta bertan bizitakoak aipatuko ditut, oraindik ere horrelakoak gertatzen zaizkigu eta bertsolarioi. Noiz eta non izan zen ez dut esango, antolatzaileen anonimotasuna babeste aldera.

Beste behin
Arg: Christopher Cook (Flickr)

Esan bezala, aurtengo udan gertatutakoa da hau. Beste kantukide batekin batera, herri baterako hots egin ziguten, ez-festak zirela eta bertso-afari bat egin asmo zutela eta gu bertaratzea gustatuko litzaiekela esanez. Guk baietz, libre geundela eta pozik joango ginela.

Igande gauez, gaueko 22:00etan zen afaria eta ondoren ginen kantuan aritzekoak. Iritsi ginen herrira 21:30 alderako, afalaurreko potea hartu eta ohitura denez antolatzaileekin egon, bat eta beste… betiko formalidadeak bete asmoz. Hartu genuen bada afalaurreko potea, eta ikusi genuen nola mahaiak-eta prestatzen ari ziren gu geunden lekutik gertu. Gugana oraindik inor ez zen etorri, baina ikusi genuen lanpetuta zeudela muntaia lanetan eta bertan geratu ginen.

22:00ak ere heldu ziren, afaltzen hasteko ordua berez (nahiz eta harritzekoa litzateken bertso-afari bat puntual hastea) eta gugana oraindik inor ez zen etorri, harrera egin edo non afaldu behar genuen esatera, edo saioari buruzko zerbait aipatzera… ezer ez. Erdi moskeatuta baina gu hurbildu ginen afaltokia prestatu zuten gunera. Beraien artean hizketan eta bat eta beste zebiltzan antolatzaileak (edo antolatzaile zirela uste genuenak, lanean ari zirenak zirelako) eta gu han: bi bertsolari, beste herri bateko ez-festetara joanak kantura, eta inork hitzik ere ez zigun zuzendu.

Halako batean eseri ziren afaltiar guztiak mahaian, eta etorri zen pertsona bat ea bakarrik edo norbaitekin afaldu nahi genuen galdetzera. Jendartean nahiago genuela azaldu genion, herriko kontuak-eta pixka bat kontatu eta bertako berri izateko. Beraz jarri gintuzten koadrila batekin mahai berean.

Afariak iraun zuen ordu eta gehiagoan bi hitz ere ez zizkigun inork zuzendu, ez bertako berririk eman… Saiatu ginen galdera batzuk eginez elkarrizketa luzatzen, baina alferrik izan zen. Eskerrak bi geunden, behintzat elkarrekin hitz egiteko!

Halako batean, igande gaueko 00:00ak pasatu zirenean, ekarri ziguten mikrofonoa eta hasi gintezkeela esan ziguten. Egin genuen gure lana, txalo jo ziguten bertsoro eta esango nuke entzulea gustora geratu zela, gozatu zutela saioarekin. Inoiz egindako saiorik txukunena ez zen izango, baina esaten den gisan “kunplitu genuela” uste dut.

Saioa amaitutakoan, hasierako egoera berbera: inor ez gugana, koadrilaka elkartzen hasi ziren eta musika jarri bozgoragailutik eta guztia biltzen hasi ziren. Hamabost bat minutu bertan egon ginen baina antolatzailerik etortzen ez zela ikusita, agurtu eta etxera alde egin genuen. Eskerrik asko umil bat ere jaso gabe etxera itzuli ginen, harriturik eta aho zapore txarrarekin. Diruzko ordainsaririk ere ez genuela izan, ez da notizia handia aipatutakoak aipatuta.

Pandemiarekin, itxialdiarekin… kultura eta sortzaileon lana balioan jarri zela eta benetan baloratu zela esaten zen 2020ko martxotik maiatzerako itxialdian, baina ikusten denez oraindik ere badago zer hobetu eta zer findu.

Beste behin Beste behin

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.