Bestara noa, bestatik nator (parrandaren seriotasunaz)

Bestara noa, bestatik nator (parrandaren seriotasunaz)Bestara noa –

Mikel Laboaren heriotzak gaupasaz harrapatu ninduen herriko jaietan, Ormaiztegin, 2008ko abenduaren 1eko goizaldean. Berria iritsi eta berehala, agian (batek daki) Euskal Herri osoan egin zitzaion lehen omenaldia egin genion maisuari taberna zulo batean, bere kantak ordu luzez abestuz, sentimendu asko eta malko gutxi batzuekin.

Pasa dira bederatzi urte, eta Ormaiztegiko jaiak ospatu dira berriz ere. Herrira gindoazela lagun batekin abesten joan nintzen Laboaren “Bentara noa” kantaren uzta propioko bertsio bat, parranda bidean abestu ohi duguna:

Bestara noa, bestatik nator,

bestan da nere gogoa.

Bestako arrosak krabelinetan,

hartu dut amodioa.

Zeren eta maite dugu festa, eta seguraski, festak maite gaitu. Baina azken urteetan badirudi besta pipertzen ari zaigula, parranda urardotu, olgetarako sena “logelaratu”. Festa, ulertu dugun moduan, krisian dago.

Bestara noaArriskuan dago Baztandarren Biltzarra. Erran hedabideak jaso duenaren arabera, Baztandarren Biltzarra antolatzen duen elkarteak zailtasun handiak dauzka bere lanarekin jarraitu ahal izateko: «orain arte ginen kide kopuruarekin nahiko larri ibiltzen ginen besta aitzinerat ateratzeko; honekin ez aski, azken hilabeteetan kide kopurua jautsi egin da. Hortaz eta egoera sakonki aztertuta, kide berriak sartzea ezinbertzekoa da». Honi konponbidea bilatzeko, abenduaren 29rako baztandar guztiei zuzendutako bilera bat deitu dute. Bilera Arizkuneneako sabaian izanen da, ostiralean, 20:30ean. Garbi mintzatu ziren elkarteko kideak: egun horretan behar adina kide hurbiltzen ez badira, ez da bestarik egingo. 1964etik hona urtero ospatu da bailarako hamabost herriak batzen dituen jaia, azaleraz Euskal Herriko udalerri handienaren besta.

Ez naiz gai Baztandarren Biltzarrak suposatzen duen guztia azaltzeko, lehenik eta behin, goierritarra naizelako; baina jakit badakit Elizondoko karriketan ezagutu zirela lapurtar batzuk eta Segurako koadrila bat, eta horrek ekarri zuela gerora Iparra Hegoa. Batek daki zenbait ekimen, harreman eta ideia zoro zein zoragarri sortuko ziren Baztandarren Biltzarra medio.

Tamalez, ez gaude kasu isolatu baten aurrean. Makina bat tokitan arazo bera errepikatzen da: ez dago aski jende festarako espazio kolektiboak antolatzeko. Jendea zahartzen da, edo erre, eta atzera begiratzerakoan ez da erreleborik ikusten.

Arg: Iñigo Uriz (Berria)

Literatura, zinema, musika… elikagai kulturalak dira; baina kasu, parranda ere. Festarik festa Euskal Herria ezagutu dugu, eta bere kantak, eta bere usadioak, eta bere jendea… Hori lagun askok egindako sukalde lanagatik izan da. Taldean eraikitako festetan ikusi ditut elkartasuna, konpromisoa eta errespetua; norbanakoaren sorkuntzari plaza ematen dion komunitatea;  denbora labur eta espazio murriztu batean sortzen den hala moduzko lurralde askeago bat. Hau da, soziedadeko (elkarteko) mentalitatea, gure erro kulturalekin estuki lotua: denok egin behar dugula zerbait gutxi batzuk dena egin behar ez dezaten. Animalia kolektiboak omen gara.

Baina mentalitate kontratista errotzen doa apurka. Gaseosoak geroz eta gehiago dira.

Horren erakusle da azken urteetan egonkortzen hasi den festa eredu bat, eta iruditzen zait eredu hori sustengatzen duen pentsamoldeak Baztandarren Biltzarraren ataka berdinera eramango dituela herri bat baino gehiago: kuadrilen karpak. Hau da, kuadrila bakoitzak karpa txiki bat erosi, musika ekipo bat alokatu, beraien edariak eraman, eta bertan geratu herriko festetan. “Carpe diem” “karpa diem”ekin nahastea. Herriko jendearekin batera zerbait eraiki beharrean, kuadrilako txiringitoa sortu; inguruko musikari, antzezle edota bertsolariei plaza bat eman ordez, “despacito” hamazazpi aldiz entzuteko bozgorailu batzuk jarri; dantza talde, kultur elkarte edota herri mugimenduarentzako sos batzuk lortu beharrean, diruak supermerkatuan gastatu. Beste behin ere, eta beste esparru batean, komunitateari ekarpen bat egiteko prest ez daudenen asmakizun geniala, berekoikeriaren gorazarrea, axolagabetasunaren apologia, zilborrari omenaldia.

Agian, datorren urtean ez omen da txosnagunerik izango Ormaiztegin. Akaso, datorren urteko uztailaren hirugarren astean ez dugu topo egingo Elizondon. Baliteke Zarauzko Euskal Jaiak ere ez izatea orain arte ezagutu ditugun bezalakoak. Batek daki.

“Alferrarentzat jana eta langilearentzat lana”, dio esaera zaharrak. Baina kontua da jada ez daudela aski langile dauden alfer guztiak elikatzeko.

Bestara noa

 

Baztan, baztandarren biltzarra, Bestara noa, Elizondo, festa, festak, jai eredua, jaiak, parranda, txosnak
Beñat Hach Embarek

Mairua naiz behelaino artean. Kolaborazioak GARAn; ZUZEU orainkarian erredakzioko kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Goierri.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude