Bertsoa badabil (bertsolaria oholtzatik kartzelara eta itzuliko bidean)

ODEyBertsoa berez estatikoa da. Geldirik egiten den ekintza komunikatibo bat. Bertso soila izan beharrean, bertso saioa aztertzen baldin badugu, hau ere estatikoa da. Sortzen den lekualdatze bakarra, atzeko planotik lehen plano edo mikrofono aurrera egiten den mugimendua baino ez da. Gehienez bizpahiru segundo irauten duen mugimendua besterik ez. Patxadaz egiten den mugimendua.           

Bertso saio konkretu batzuetan aldiz, bai topa dezakegula benetako lekualdatzea. Berez tentsio gehien egon daiteken bertso saioetan, hau da txapelketetako bertso saioetan. Bertan sortzen da mugimendurik luzeena.

Txapelketetan kartzelako saioak  ezinbesteko bihurtu direnetik, bertsolariak, saioak tentsio handia daukan une batean, oholtzatik altxatu eta eskenatokitik aparte dagoen nonbaitera joan beharra izaten du. Hasieran taldean, oholtzatik kartzelarakoa mugimendua kolektiboa baita, baina itzultzea banaka egiten du; Kartzelatik atera, korridore batetik bakarrik pasatu, jendaurrera azaldu eta mikrofono aurrean paratu. Kartzelako saioa ailegatzen denean, bertsolariak saioaren zatirik handiena egina dauka. Norberaren lana nolakoa izan den badaki, baita besteena ere. Joan etorri honek pentsatzeko parada ematen du; egindakoaz eta egin beharrekoaz.

Beste alde batetik, 2.004ean Barakaldon jokatutako Txapelketa Nagusiko finalaz geroztik, hasieran egiten den oholtzarako bidea ere saioan barruan koka dezakegu. Ikuskizunaren kodeez jabetzen joan den heinean, saioa osotasun bat hartzen ari da eta bertsolariek aurkeztu eta eskenatokira egiten duten bidea jende artean egiten dute. Lehen txaloak ikusle artetik ibilian doazela jasotzen dituzte. Saio osoa aurretik dutela, dena egiteke.

Hemen klikatuz gero, pantaila osoan ikusteko aukera izango duzu.

Irudia | Bertsoak entzuten | Gari Garaialde | Creative Commons By SA

MILA HITZ - Freelance argazkilaria. BostokPhoto egitasmoan buru belarri nabil. EuskalHerriko Informatzaile Grafikoen Elkarteko kidea.

5 pentsamendu “Bertsoa badabil (bertsolaria oholtzatik kartzelara eta itzuliko bidean)”-ri buruz