Beranduegi (Kasik ipuin guziak)

Beranduegi (Kasik ipuin guziak) –

Behin, euskal Sergi Pàmies izendatua izateko zorian egon nintzen. Bigarren gelditu nintzen, gertatzen ohi zaidan bezala; eta saria eramatea ohorea izanen zatekeen arren, egia aitortu behar badut, Kataluniako idazle baten euskal ordaina izatekotan, euskal Terenci Moix izan nahi izanen nukeen. Baldintza irreala nahita erabili dut, dagoeneko beranduegi baita, eta nahi hura iraganeko kontua.

Uda honetan, nire beranduegi guziei errepasoa emateko aukera izan dut, bai eta nostalgiari atea pixka bat irekitzekoa ere, eta hara non nire burua harrapatu dudan berriz ere Moixen liburuak irakurtzen. Tira, batzuk berriz ere, eta bertze batzuk lehen aldiz. Naski Moix da –nahiz eta datu hori inor gutiri interesatzen zaion– nire liburutegiko idazle erredundanteena: haren liburu franko espainolez (aspaldian erosiak) eta katalanez (bildumara geroxeago etorriak) izateaz gainera, ipuinak ale solteetan dauzkat (1978ko Lili Barcelona i altres travestis, 1979ko Assassinar amb l’amor i altres contes) eta denak –edo kasik denak, baten bat kanpoan gelditu zen– Columna argitaletxeak 2003an publikatu zuen Tots els contes liburuan bilduak. Hondarreko horri, labutxaca-ko Tots els contes gehitu diot uda honetan.

Eta zer du, bada, labutxacako bildumak Columnako Ipuin guziak-ek ez duena? Bada, Julià Guillamonen aitzin-solas bat –biek daramate, bistan dena, Pere Gimferrerren aitzin-solas bat, zeren bada Terenci Moixen libururik, poetaren hitzaurrerik ez duenik?–, orrialde gutitan Moixen literatura hobeki ulertzeko hainbat giltzarri ematen dituena. Bertzeak bertze, haren liburu interesgarrienak katalanez idatzitakoak direla. Horren inguruan adostasun zabala dago: gauza bera du errana Jordi Nopcak, eta, kontxo, baita Santi Leonék ere.

Ni, nolanahi ere, bere etapa espainolean harrapatu ninduen Moixek: telebistaren bidez, lehenik –Polvo de estrellas saioan, aktorea nongoa zen, elkarrizketa haren hizkuntzan, berdin italieraz, ingelesez edo frantsesez, egiteko haren gaitasunak liluratua ninduen; eta elkarrizketetan zernahiri buruz, zinematik eta komikietarik goi mailako literaturara, mintzatzekoak; eta, zertarako uka, keinuetan zerion koketeria puntu bihurriak–, eta liburuen bidez, geroago: No digas que fue un sueño izan zen irakurri nion lehen nobela –ez zen inolaz ere alferrikako ariketa: Kavafis ezagutarazi zidan hasmentan aipaturiko poemari esker–, baina Mundo machoMón mascle, berez– izan zen betiko sorgindu ninduena. Bertzeak bertze, lagundu zidan ulertzen bazela bertze Moix bat, ez zena zehazki edo osorik telebistan eta aldizkarietan ikusten nuena.

Uda honetan irakurri ditudan ipuinetan geroago etorriko ziren kasik Moix guziak daude, manera batean edo bertzean: hain gustuko dudan Món mascle idatziko zuena, eta, orobat, 90eko hamarkadan Mujercísimas –titulu bat aipatze aldera– idatziko zuena; pepluma eta Hollywoodeko ekoizpen erraldoiak maite zituen zinemazalea, eta Antonioni edo Pasoliniren lanak gogoko zituena; panorama literarioa inarrosteko asmoa zuena eta Planeta saria irabazi gogo zuena.

Ipuin guziak ez dira ongi zahartu, nire ustez, baina aski harrigarria da narrazio bakoitzean gauza berriak probatzeko joera, goi mailakoa eta behe mailako nahasteko borondatea, eta sakontasuna fribolitate ttantta doiak botatzeko gaitasuna –edo beharbada alderantziz da: fribolitateari behar diren sakontasun ttanttak botatzekoa–. Eta sexuaz idazteko manera, gero etorriko zirenei bidea urratu ziena.

Aitzin-solasean, Julià Guillamonek dio Moixek inguruan zuen mundua kritikatzen zuela eta, aldi berean, haren konplizitatea behar zuela: mundu literario katalana, lehen fasean, eta Espainiako farandularen mundua, bigarrenean. Uda honetan, nerabezaroko mitoa izan nuen Moixen ipuinak irakurriz ohartu naiz orduan ikusi ez nuen haren alde batez: izan zen gauza guziez gainera, Moixek bere kultura, itogarria zelakoan, utzi zuen idazlea ere izan zen. Batek daki. Beharbada oraindik ez da beranduegi.

Beranduegi (Kasik ipuin guziak)

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.