Benito, zenbaki ordinalen gainetik

Benito, zenbaki ordinalen gainetik

Saizarbitoriari izarren argia itzali zaio, ezin du kosmosaren laguntza eskuratu. Txillardegik giza harremanek eraginiko zauriak sendatzeko galaxietan barrena bidaiatzen zuen, Marko Aureliok aholkatu legez. Ostera, Saizarbitoriaren protagonista batzuek ez desirak erlatibizatzeko baizik desirak betetzeko eskatzen diete izarrei; ez dakien aita hil, zehazki. Eta izarrek ez diete jaramonik egiten. Lur honetako izakiei lotzera mugatu behar beren zorion eta zoritxarrak.

Ugariagoak izaten dira zoritxarrak pozaldiak baino; inertziak eta berezko joerek zoritxarrera garamatzate. Berezko joeren artean errua eta beldurra ditugu, oroimena eta irudimena zorionbidetik erauzten dizkiguten pasio tristeak. Erruak iraganera kateatzen gaitu eta Martutene-ren ardatzetako bat da. Beldurtu, berriz, etorkizunak gaitu beldurtzen, oroz lehen heriotzak, eta Hamaika pauso da beldurraren eleberria.

Damutik eta kezkatik libre, orainaldi betean bizi da Bi bihotz, hilobi bat-eko Benito; bera da Saizarbitoriaren pertsonaiarik jakintsu eta zoriontsuena.

Benito, zenbaki ordinalen gainetikLehen begiratuan, ematen du “Benito” izenak Spinoza omentzen duela.

(Saizarbitoriak tentuz zaintzen du liburu bakoitzean zein filosofo aipatu, gai nagusiari loturik: Egunero hasten delako eta Heidegger-en larridura existentziala; Ene Jesus eta Jesukristo, etikaren historia irauli zuen gurutziltzatua; Hamaika pauso eta Epikteto, Camus (“Kondenatua pasiboki joan ohi da heriotzara bidean, inoiz baloretzat hartu izan den halako jarrera isil batean”; “Izuaren isila bakarrik, beldurraren sorgortasuna besterik ez”) eta Unamuno (zeinen gogaikarria den); Kandinskyren tradizioa eta Descartes (“sufritzen dut, beraz maiteminduta nago”); Martutene eta Wittgenstein, filosofiaren historia osoko errudunik oinazetsuena…)

Arretaz aztertuz gero, nabarmentzen da Spinozarena baino Pirronen jarraitzaileagoa dela Benito. Saizarbitoriaren protagonista gehienak fundamentalistak dira, dogmatikoak. Itxuraz fundamentalismoaren kritikoak diren ilustratuak ere ilustrazioaren fundamentalistak dira. Aldiz, Benitoren jarrera da: Ez dakit gauza handirik, berdin dio, beharbada bai beharbada ez, auskalo. Ez da hain desberdina bizirik egotea eta hilik egotea.

Artaxonakoa sorkuraz, frankisten aldeko boluntario izan zen, patxadaz; eibartarra izan balitz patxada berdintsuz zatekeen errepublikazale: “Denei arrazoi ematen dieten horietakoa zen, edozer gauzarekin konformatzen zena, eta zoriontsu izateko txorizo zati bat, ogia eta ardoa besterik behar ez zuena”. Sakoneko eszeptizismo horri esker bizi da kontent, hain zakarra den emaztearen alboan. Hori bai, ahal duenean marrazki bizidunak ikusten ditu litxarreriak jan bitartean, etxeko giro petrala barre algara osasungarriz alaituz.

Saizarbitoria izan da lehenbiziko euskal idazlea frankista baten azalean sartu eta sinpatia handiz erakutsi diguna. Kontuz ibili, dena den, “lehenbiziko” horrekin, donostiarraren protagonistak hondamendira amiltzen dituen indar makurren artean ez baita eskasena lehenbizikoaren lilura. Abaituak karrikan zein ohean behin eta berriro darabil gogoan Max Frisch-en esaldia: “Emakume batekin, lehen aldi oro, lehen aldia da berriro”.

Emakumea protagonista duten Saizarbitoriaren eleberrietan, Egunero hasten delako-n zein Kandinskyren tradizioa-n, berebiziko garrantzia du lehenbiziko aldi sexualak. Ez batean ez bestean, protagonista gaztea ez da emamintza apurtu dionarekin geldituko. Saizarbitoriaren obraren azpiegitura psikologikoak Freuden eragina du, eta lehen aldiaren inguruan ere ematen du donostiarrak Freuden “Birjintasunaren tabu”-a aintzat hartu duela. Freudek dio esanguratsua dela hainbat eta hainbat herritan lehenbiziko aldia senarrak mamitu behar ez izatea. Emaztegai birjinak senarraren aitarekin edo apaizarekin jotzen du larrua, edota egurrezko idolo bati eskaintzen dio himena. San Agustinek kontatzen du erromatar ezkontzetan ohikoa zela emaztegaia senarrarekin elkartu baino lehen Priapo jainkoaren zakil erraldoiaren gainean esertzea.

Nondik nora hartzen da hain maiz senarrari eginiko mesedetzat emaztegaiaren himena besteren batek haustea? Enigma hori behar bezala ulertu ahal izateko, birjintasuna galtzen duenaren sentimenduak ezagutu behar. Freuden paziente femenino ezkonberri batek amets egin zuen desloratu zuen gizonari burua ebakitzen ziola, eta testuinguru honetan Freudentzat, noski, burua zakila da. Era berean, Anzengruber-en komedia batean, nekazari batek uko egiten dio zegokion neskalagunarekin ezkontzeari, bizitzaz oraindik deus ere ez dakielakoan. Beste gizon batekin ezkon dadin ahalbidetzen du, eta itxaron: behin neskalaguna alargundutakoan ezkonduko dira, ordurako ez zaio eta arriskutsu izango. Arriskutsu? Anzengruber-en obrak “Pozoi birjinala” du izena, eta Freudi gogorarazten dio suge-sorgintzaileak lanari ekin baino lehen sugeari zapi bati haginka eginarazten diola, bertan utz dezan pozoia, ondoren sugea nahieran erabili ahal izateko.

Hara giltza: desloratzeak gizonaren aurkako etsaitasuna dakar, lehenbiziko aldia pairarazi dionaren aurkako erasokortasun latza, kutsu patologikoa har lezakeena: frigidotasuna. Iharduki agresibo horixe litzateke birjintasunaren tabuaren kausa. Aipatu ohituren xedea, beraz, senarrari gainetik kentzea da emakumeak sentitzen duen amorrua birjintasuna ebatsi eta zulatu duenaren aurka. Freuden ustez, zoriontsuagoak izaten dira bigarren ezkontzak lehenbizikoak baino.

Saizarbitoriak ederki adierazi du kontraste hau: euskararen eta Euskal Herriaren hasiera enigmatikoarekiko jakin-minarekin hain sarkastikoak izaten diren ilustratu euskaldunek zeharo erabakigarri sentitzen dute lehen sexu harremana, sakratu. Abaitua ginekologoarentzat balirudike munduan ez dagoela emakume baten intimitatean lehen aldiz sartzea adinako gozamen sakonik. Bederatzigarren edo hogeita zazpigarren aldiaren aurkako tamainako aurreiritziak darabiltzanak derrigorrez amaituko du paziente baten aluan atzamar bi sartzen, behar ginekologikorik eta eskularrurik gabe. Benitori, aitzitik, orainaldian bizi denari guztia zaionez etengabe diferente eta berri, berdin litzaizkioke harrigarri lehenbiziko aldia, bigarrena zein azkenaurrekoa.

Benito, zenbaki ordinalen gainetik

Zer duzu buruan “Benito, zenbaki ordinalen gainetik”-ri buruz

  • Hi Markox, lur honetakoa al haiz hi? Ala, bederen, hemen hago aparkatuta, gainerokoon ondoan?
    Ez zirudik.