Begiratu femeninorik gabeko artea

MTM4Mw==

Munduaren ikuspegi bat eskaintzen digu zineak, istorio bat, pasarte bat, sentimendu bat, edo mila. Film orok bere zuzendariaren zatitxo bat darama, zuzendariaren begiradak zuzentzen du gurea. Eta begirada horik ia inoiz ez da emakumezko batena.

Zazpigarren artearen historia arakatzen hasi besterik ez duzu, zeinen emakumezko gutxi ageri diren ikusteko. Kameraren aurrean soilik izan du presentzia. Salbuespenak sabuespen, zuzendariarena gizonezkoen lanbidea izan da tradizioz.

Hain baztertua izan da emakumezkoaren presentzia kameraren atzean, ezen, Alice Guyren izena ere kasik zinemaren historiatik desagertua izan den. Eta Alice Guy ez zen edonor izan, baizik eta film narratibo bat pantailaratzen lehena izan zen. Lehen zinema zuzendaria, zinemaren historiagile batzuek jaso izan duten bezala.

Orain ageri dira, geroz eta gehiago, eta zinema egiteko modu femenino bat badela deskubritu dugu. Baina hala eta guztiz ere gutxiengoa dira. 2008an, Hollywoodeko zuzendarien %9a baizik ez zen emakumezkoa.

Zinemako saririk garrantzitsuenek ere inoiz ez dute emakumezko zuzendari bat saritu inoiz. Sekula emakumezko batek ez du zinema zuzendari onenaren Oscar sari preziatua eskuartean izan.

Aurten, Kathryn Bigelow estatuatxoa jasotzeko hautagaien artean egon daitekeela uste dute batzuk. Hala balitz, laugarren aldia litzateke emakumezko batek sari hori jasotzeko izendapena lortuko lukeena. Aurretik Lina Wertmüller, Jane Campion eta Sofia Coppola izendatuak izan baitziren, baina ez irabazleak.

Emakumezkoen begiradak zazpigarren artean espazio handiagoa izatea espero dutenek Bigelow-ren izendapenarekin amets egiten dute.

Batzuek esango dute ez duela axola kameraren atzean nor dagoen istorioa ona bada, baina, agian, bada garaia zinemaren historian inflexio puntu bat markatzeko, eta emakumezkoen begiak gure begiradak gehiagotan zuzentzeko. Begiratu femeninoa maizago ikusteko.

Irudia | Kamera | pedrosimoes | Creative Commons By SA
emakumeak, zinema
Eli Epelde

Kazetaria

10 pentsamendu “Begiratu femeninorik gabeko artea”-ri buruz

  • Beñat Sarasola
    B. Sarasola 2010-02-02 13:22

    Antzeko zerbait esaten du Karmele Jaiok gaur Berrian.

    Errespetu guztiarekin, planteamendu hau falazia bat dela iruditzen zait. Begirada maskulinoaren kontra egiteko modua ez da begirada femeninoa aldarrikatzea, begirada maskulino/femenino bitasunaren kontra egitea baino.

    Norbaitek uste du Eider Rodriguezen edo Uxue Apaolazaren literatura eta Karmele Jaiorena “begirada femeninoa”-ren etiketapean sailka litezkeela? Orduan zein da arazoa, Rodriguez eta Apaolaza ez direla aski femeninoak? Sofia Coppola eta Leni Riefensthalen zinemak begirada bera dute?

  • Eta zein da begirada femeninoa?

    Hauxe irakurri nuen orain dela gutxi: “Nik ez dut uste inondik ere emakumeen eta gizonen portaeran desberdintasun genetikorik dagoenik. Areago, “zientifikoki” ezer frogatuta egotekotan, kontrakoa da, konstrukzio sozio kulturalak direla”.
    (hemen: http://sustatu.com/1259138334/#1262953223)

    Nik ere horixe pentsatzen dut: konstrukzioak

  • Hasier Etxeberria

    Gaia intereseko baduzue, ez galdu datorren asteko Sautrela saioa. Oraintxe nator Josune Muños “Scolastica”ri elkarrizketa egitetik. Uste gabeko eraikuntza teorikoa egin du berak honetaz guztiaz. Sentitzen dut orain ezin hemen kontatua.

  • “Begirada maskulinoaren kontra egiteko modua ez da begirada femeninoa aldarrikatzea, begirada maskulino/femenino bitasunaren kontra egitea baino”, dio Beñatek.

    Baina:

    a) Karmele Jaiok ez du, nire ustez, begirada maskulinoaren kontra egin nahi, errealitate xume eta zehatzago baten kontra baizik: gizonezko askok (egun eta hemen gizonezkotzat jotzen diren eta gizonezko gisa bizi diren askok) emakumeek emakumeei buruz idatzitakoa aintzat ez hartzearen kontra baizik. Sinpleki.

    b) maskulino/femenino bitasunaren kontra egitea izan daiteke bidea, ados; baina bien bitartean, generotan nabarmen banatutako gizarte batean bizi gara, eta logiko eta zentzuzkoa ez ezik beharrezkoa ere iruditzen zait Karmelek egiten duen ohartarazpena.

    c) maskulino/femenino bitasunaren aurkakotasunean oinarrituta Karmelek egindakoaren gisako ohartarazpenak falaziatzat jotzea, ez al da internazionalismoaren izenean abertzaletasun edo nazionalismo oro znentzugabekeriatzat jotzearen antzekoa?

  • Hasier Etxeberria

    Pena da eztabaida honetara Josune Muñozek Sautrelako grabazioan atzo esandakoa ezin ekartzea, bete-betean lotzen baitzaio darabilzuen gaiari. Neuk ez dut bitasunaren kontuaren eztabaidan sartzeko asmorik, baina, ondo ulertu banion, Muñozek funtsean dioena da, 1- gurean ez dela eman ganorazko eztabaidarik literatura femeninoari buruz, 2- Emakume literatura bereiztua egon badagoela eta 3- euskal emakume idazleek ez dutela jakin feminismoaren arma dialektikoak erabiltzen euren statusa defendatzeko. Horixe.

  • Beñat Sarasola
    B. Sarasola 2010-02-03 11:21

    Arrazoi, Pipi, berriro irakurrita egia da Jaiorena beste norabide batean doala seguruenik. Nik falaziatzat jotzen dudana da diferentziaren feminismoa deitu izan zaion horretatik defendatzen diren gauza asko.

    Abertzaletasunaren inguruan, ez dut inongo arazorik bat egiten internazionalismoaren kritika klasiko horrekin. Arazoa abertzaletasuna ultzertzeko moduan dago neurri batean. Baiki, falazia hutsak iruditzen zaizkit abertzaletasunetik egiten diren aldarrikapen eta erabiltzen den hizkuntza molde esentzialista ugari. Ibarretxeren Pueblo gora eta Pueblo behera, Nafarroako Erresuma, edo, hobeto, NAFARROAKO ERRESUMA eta abar. Horrek guztiak diferentziaren esentzialismo feministak bezainbeste asaldatzen nau, egia esan. Hor zuzen zaude. Hori bai, abertzaletasun mota guztiak baztertzen ditu internazionalismoak? uste dut inolaz ere ezetz.

    Generotan banatuta gaudela? Ados, baina nire ustez irtenbidea ezin du izan “tira, momentuz hau eta gero gerokoak”. Eta delako feminitate zurrun horren barne (sentiberatasuna, goxotasuna, heterosexuala, etab.) sartzen ez diren emakumeak zer? lesbianak zer?…

  • Beñat Sarasola
    B. Sarasola 2010-02-03 11:28

    Beste zehaztapen bat. Nik ez dut diferentzia ukatzen, ez dudan bezala ukatzen euskaldun eta espainolen arteko ezbedintasuna; beti ere, baldin eta diferentzia hauek nahiko modu sui-generisean ulertzen baditugu. Eta sarritan estrategikoki diferentziak markatu behar dira, ados… baina kontuz.

  • Uste dut sakonean ados gaudela, Beñat. Baina ez dezagun feminismo esentzialistarik salatu halakorik ez dagoen lekuan. Are gehiago kontuan hartuta zenbat aldiz hartu izan gaituzten (eta hartzen eta hartuko gaituzten), horretarako motiborik gabe, abertzale esentzialistatzat.

  • Eli Epelde

    […] Duela egun gutxi, gai honekin zerikusia duen eztabaida egon zen hemen bertan. […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude