BBK Live: beroa, musika eta festa

Gaur jarriko da abian BBK Live jaialdiaren aurtengo edizioa. Urtero bezala, mundu mailako ospea duten taldeak izango ditugu Kobetamendiko gainetan, Rammstein, Pearl Jam, Alice in Chains edo Faith no More bezalako taldeak kasu.

Aurtengo berrikuntzen artean aipatu Carpa Vodafone izeneko hirugarren eskenatoki bat gehitu zaiela beste biei. Euskal Herriko taldeak ikusi ahal izango ditugu batik bat bertan. Aldi berean eskenatoki nagusietan mundu mailako taldeak ariko direla kontuan izanda, ikusi egin beharko da zenbat jende hurbiltzen den.

MjgwNw==

Lehen eguna: Kobetasoniken ordezkoa

Egitarauari erreparatuta, ez da gehiegi pentsatu behar gaurko eguna krisiagatik edo batek jakin zergatik aurten bertan behera geratu den Kobetasonik jaialdiaren ordezkoa dela ikusteko.

Iazko Bilbo hiria Pop/Rock txapelketako metal ataleko irabazle izan ziren Rise To Fall talde Bilbotarrak emango dio hasiera jaialdiari arratsaldeko 17:30ean. Gaurkoan Vodafone karpatik at joko duen euskal talde bakarra izango da honakoa. Volbeat talde daniarrak hartuko du hauen lekukoa. “Guitar Gangsters and Cadillac Blood” beren azken lana aurkeztuko dute arratsaldeko 18:20etatik aurrera.

19:10ean hasiko da musika lehen eskenatokian Bullet for my Valentine taldearekin. Nü metaletik hartutako ahots melodiko eta guturalen konbinaketa, metal klasikotik hartutako gitarra hotsa eta punk ukituak nahasten dituzte galestar hauek. Bigarren eskenatokira itzulita, Skunk Anansie talde ingelesak zuzenean duen indarra erakutsiko du 20:10ean. Hamar urteko geldialdiaren ondoren, indarberrituta itzuliko da Deborah Anne Dyer (Skin bezala ezagunagoa) abeslariak zuzenduriko laukotea. Rise Against talde estatubatuarraren txanda izango da ondoren. Hardcore melodikoa egiten duen laukoteak “Appeal to Reason” lan berria aurkeztuko du lehen eskenatokian 21:15etatik aurrera.

Slayer izango da emanaldi osoa gauez jotzeko tenorea izango duen lehen taldea. Estatubatuarren trash metal bortitza bizitzeko aukera izango du 22:30etatik aurrera bigarren eskenatokira urbiltzera ausartzen denak. Lehen eskenatokian, 22:45ean hasiko da gaurko kartel-buruen emanaldia. Rammstein seikote alemaniarrak ikuskizunetik musikatik beste duen emanaldia eskainiko du, Kobetako gainak metal industrialez eta suz betez.

Anti-flag talde estatubatuarra izango da gaurko egunari amaiera emateaz arduratuko dena bigarren eskenatokian, gaueko 1:30ean.

BBK Live zenbakitan:

-3 egun

-3 eskenatoki

-39 kontzertu

-6 barra

-90 zerbitzari

-6 ostalaritza postu

-300 kazetari akreditatu

-90.000 metro kuadroko esparrua

-700.000 pertsona erakartzeko helburua

Irudia | Rammstein, suarekin jolasean | Heijmans | Creative Commons By SA
BBK Live, musika

5 pentsamendu “BBK Live: beroa, musika eta festa”-ri buruz

  • Mega-banku-jaialdi horrek publizitate gutxi balu bezala, ZuZeun sartu ta, hara, propaganda gehiago.
    Zorionak.
    Bitartean areto, kontzertu eta talde txikiak txikituago, eta arretarik ez. Hobe dugu berpiztutato hilotz rock star millonario horien berri eman.

  • Oihan Larrañaga
    Oihan Larrañaga 2010-07-08 18:07

    Batek ez du bestea kentzen ibon.
    Nik neuk talde txiki batean jotzen dut eta badakit zein den egoera, baina horrek ez du esan nahi BBK Liven joko duten taldeen kontzertuen berri jakin nahi ez dudanik. Gainera, badakizu hemen zuk zeuk idatz dezakezula nahi duzun areto, kontzertu edo talde txikiri buruzko nahi beste albiste.
    Beraz, zuzeun parte hartzera gonbidatzen zaitut, guztiok izan dezagun ahal beste areto, kontzertu edo talderen berri.

  • Tira, zuzenagoa izango naiz: BOIKOTAZ ari naiz.
    Baina bueno, hemendik promozionatu edo “berri eman” nahi izanez gero, aurrera.

  • Oier Aranzabal

    Errektifikazioa eskatzen diot publikoki Oihan Larrañaga kazetari jaunari: Talde txiki batean jotzen duk?

    Talde “txikia”…

    ez haut ezagutzen. 😉

  • ¨ -700.000 pertsona erakartzeko helburua¨

    hau gehitxo izango dek ez?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude