BAZINEN BEHIN: Xabier Madariaga, umorearen kontrastea?

Xabier Madariaga –

“Ur Handitan: dramatik ihesi”. Izan zitekeen Ur Handitan erreportaje saioko atal baten izenburua, izan zitekeen, baina ez da kasua. Bazinen Behin egitasmoaren hirugarren eta azken -oraingoz- hitzaldiaren titularra da, eta espero zitekeen bezala, Xabier Madariaga izan da hizlaria.

Xabier Madariaga

Kontrastearen ikuspegitik hitz egin zuen kazetariak, umorearen kontrajarri, umorearen antitesi. Hitz potoloa da drama, potoloa ere Madariagaren ibilbide profesionala. Historia garaikidearen mugarri izan diren gertaera askoren lekuko eta berriemaile izanik, “gerra kazetari” gisa izendatu du askok, baina Madariagak ez du etiketa hori gustuko. Lanez lan eta etiketaz etiketa, seriotasunaren eta dramatismoaren mugan kokatu da komunikatzailea, hori, baina, “programa zehatz batzuek eta protagonista zehatz batzuen bizipenek ekarri duten etiketa” dela dio, eskegi dioten “San Benitoa”.

Kazetaritzari buruzko hausnarketak, ibilbidean zehar bizi dituen momenturik gogoangarrienak, bizipen horiek eratorri dituzten etiketak… Lehen pertsonatik asko duen hitzaldia. Arina, sakona eta interesgarria. Umorearen kontrastetik hasi eta minutuak pasa ahala irudi hori desitxuratzea helburu duen hizlaria. Tradizionaletik gutxi izan arren, aditua eta arituaren hitzaldien antzera, tratamendu aldetik hobetu litekeen edukia. Dudarik gabe, hamar minutuko tartea hartu eta ikustea merezi duen mintzaldia.

Zerotik abiatutako proiektu berritzailea, lehen ekitaldi jendetsua eta hiru hitzaldi interesgarri esku artean. Hitzaldien iraupen zehatzagoa, hizlarien tonuaren egokitasuna, ahotsaz gaindiko euskarrien erabilera…, aurrera begira zehaztasun handiagoz landu beharreko puntuen artean. Oraingoz, eskerrak eman eta ilusio handiz sorturiko proiektu honen fruituak ikusi eta elkarbanatzeko gonbita mahai gainean. Berandu baino lehen elkar ikusiko dugulakoan…

Irune, Mikel eta Nagore

Xabier Madariaga

Billabonatarra. Berritsua eta pentsalaria, ikus-entzunezko komunikazioa ikasi eta proiektu berritzaile askoren sortzaile izatea helburu duen 22 urteko he(gaztia).