BATERA deialdian aukeratutako proiektuen crowdfunding kanpainak abian

BATERA deialdian aukeratutako proiektuen crowdfunding kanpainak abian –

Batera, kultur proiektuak elkarrekin diru-laguntza deialdiak Gasteiz 1200 – Defentsa amaigabea, Idi-gosea eta Beita proiektuak aukeratu ditu laguntza jasotzeko. Hiru proiektuen sustatzaileek Aritz Ibarrak, Sandra Salazar-ek eta Aitor Gomez-ek hilabete inguru pasa dute ideia egikaritzeko crowdfunding bana prestatzen. Kanpainak gaur abiatu dira. Ibarrak, Salazarrek eta Gomezek 40 egun izango dituzte beharrezkoa zaien dirua biltzeko.

Aritz Ibarra, Sandra Salazar eta Aitor Gomez gazteak dira iazko urrian martxan jarritako Batera, kultur proiektuak elkarrekin deialdiko lan aukeratuen egileak. Hilabete eman dute crowdfunding kanpainak prestatzen Itsulapikoa.eus plataforman ezagutzera emateko, eta gaur jarri dituzte abian. Antolatzaileek plataformako arduradunei eskerrak eman nahi izan dizkiete eskainitako laguntza guztiagatik.

Aurkeztutako lan guztien artean epaimahaiak hiru proiektu hauek aukeratu zituen, Uxue Ruiz de Arkaute Oihaneder Euskararen Etxeko ordezkariaren hitzetan “beren orijinaltasuna, euskarazko sorkuntzari egiten dioten ekarpena eta euskal jendartean sor dezakeen interesa” dela-eta.

BATERA deialdian aukeratutako proiektuen crowdfunding kanpainak abian jarri diraAukeratutako proiektuak garatu ahal izateko, Ibarrak, Salazarrek eta Gomezek deialdiko antolatzaileen, hots, Oihanederren, Gauekoak programaren, Laboral Kutxaren eta Vital Fundazioaren laguntza jasoko dute: Gasteizko proiektu onenari, Gasteiz 1200 – Defentsa amaigabea, Oihaneder-Gauekoak antolatzaile bikoteak emango dio laguntza; Arabako proiektu aukeratuari, Idi-gosea, Vital Fundazioak, eta Euskal Herrikoari, Beita, Laboral Kutxak.

Izan ere, egile bakoitzak crowfunding kanpaina antolatzeko aholkularitza jaso du, eta horrez gain, 2.000 € ko ekarpena egingo diete. Era honetan, 40 eguneko iraupena izango duen crowdfunding kanpaina bana jarri dute abian Euskal Herriko eta Gasteizko kulturzaleek eta euskaltzaleek beren proiektuak diruz lagun ditzaten.

Aritz Ibarrak Gasteiz 1200 – Defentsa amaigabea izenburupean eleberri grafikoa egin nahi du. Gasteizko historiaren gertakari erabakigarri bat ezagutaraztea helburu du proiektuak: 1200. urtean tropa gaztelarrek Nova Victoria (Gasteiz) hiri nafarra konkistatu zuten, eta bertako hiritarren eta euskaldunen herriaren etorkizuna errotik aldatu zuten. Garai hartako gasteiztarrek erresistentzia izugarria egin zuten konkistaren kontra, eta horrela hiriaren setioak 8/9 hilabete iraun zuen.

Sandra Salazarren Idi-gosea proiektuak elikadura-jokabidearen nahasmenduen eta nerbio bulimiaren gaiak aztertuko ditu. Bi ataletan banatuta egongo da: fanzinea eta erakusketa. Fanzinean nerbio bulimiaren inguruko informazioa eta gaixoen sentimenduak aztertuko ditu Sandrak, argazkiekin eta aldizkarietako hitzekin egindako collage ezberdinen bidez. Erakusketan fanzineko collage-ak izango dira hainbat informazio osagarrirekin.

Taldean aurkeztu du bere proiektua XUP! antzerki taldeak, eta Aitor Gomez dabil ordezkari lanetan: Beita proiektuak hamabost minutuko zortzi ataleko web-saila izan nahi du, eta eduki osagarriez lagundua argitaratu. Proiektu digital eta transmedia izango da, beraz, zortzi atalak oinarri digital batean izango dira eskuragarri. Ikuspegi gazte eta feminista batetik sortutako lana da Beita, gazteok gazteontzako sortua; misterio edo thriller eran kontaturiko istorioa da eta euskaraz eginikoa.

Babesleek deialdiaren eragina eta kultur-proiektu berritzaileak sustatzearen garrantzia nabarmendu dute. “Batera gazteentzako sustapena da eta kultura eta euskararentzako bultzada. Autokudeaketa eta autofinantzaketa sormenerako eragingarria da. Edizio hauetan frogatu da ideia handiak daudela, eta horiek babestea merezi dutela. Eta nola talde-lanak eta gazteen arteko kooperazioak proiektu handiak eskaintzen dizkigun” adierazi du Kepa Ortiz de Urbinak, Laboral Kutxako komunikazio arduradunak. Axier Urrestik, Vital Fundazioetako zuzendari exekutiboak, berriz, fundazioak bekarekiko daukan konpromisoa aipatu du: “Vital Fundazioan Batera proiektua bultzatzen jarraituko dugu euskara, gure lurraldea, gazteak eta bereziki kultura, sustatzen duen proiektu bat delako”.

Antolatzaileen hitzetan, Batera, kultur proiektuak elkarrekin deialdiarekin Gasteizko eta Euskal Herriko gazteen kultur-proiektuak euskaraz garatzeko beste modu bat abiatu da. Gauekoak programako Idoia Ruiz-en arabera, “gazteok ekoitzitako euskarazko sorkuntzari egiten dioten ekarpenagatik Batera bezalako deialdiak garrantzitsuak dira. Horrela, kultura eta aisialdia euskaraz kontsumitzeko aukerak zabaltzen goaz”.

“Aurten hiru proiektu jarri dira martxan, baina, ea hurrengo urteetan gehiago sustatzeko aukera dugun” amaitu du Uxue Ruiz de Arkautek.

BATERA deialdian aukeratutako proiektuen crowdfunding kanpainak abian