Baserria eta hiria gurutzatzen diren lekuan

Baserria eta hiria gurutzatzen diren lekuan –

Baserriko Uztak udaberrikoa jasoko du, Urduñako Santa Klara baserrian. Bertan joko du Rafa Ruedak etzi, maiatzak 19, Mikel Kormenzanaren etxaldean. Bata eta besteari telefonoz deitu, eta elkarren arteko elkarrizketa izan balute bezala jaso nahi izan ditugu bata eta bestearen esanak.

Araialdekotzat har daitekeen arren Bizkaian dago Urduña -historikoki mugalde gatazkatsua-, herrialdean hiri titulua duen gune bakarra baita berau, Euskal Herriaren eta Gaztelaren arteko muga. Bertan ezagutuko dute elkar baserririk gabeko baserritarrak eta hiriari kantatzen dion musikariak.

Mikel Kormenzanak musika zalea dela esan digu, zuzenekoetara gutxi joaten dela aitortu digun arren; Rafa Rueda, adibidez, “PLTren garaitik” ezagutzen duen arren, ez du bakarkako ibilian jarraitu. Bere aldetik, Laudio eta inguruetan bakarka bai, “baina Urduñan aspaldi, PLTren sasoian” jo izan duela gogoratzen du Rafa Ruedak.

Mungiako musikariak ez du harreman esturik izan baserriarekin. “Amamak aspaldi joan zen baserritik, bospasei urte inguru nituela kendu zituzten behiak eta”; noizean behin joan arren ez du eguneroko bizitzarik egin baserrian, ez du oroitzapenik. Alta, “gaur eguneko baserriek ere badute hiritik asko”, dio azken diskoan hiriari kantatu dion musikariak. “Baserri batean ere Japoneko Tokio hiriaren erdian para zaitezke ordenagailua piztu eta klik bat eginda. Azkenean, hiriaren kontua gaur eguneko gure bizimoduaren isla ere bada”.

Ruedak ez bezala, Kormenzanak beti izan du harremana baserriarekin, gurasoak ere, bi adarretatik, baserritarrak ziren-eta. “Esne behiekin egiten zuten lan gurasoek, baina nik familiako beste atal bat berreskuratzea erabaki nuen, frutarena”. Eta horretan dihardute hiru lagunek, orain 20 urte hasita.

“Gu baserritarrak gara, lehen esne behien ustiapena genuen lurretan ekoizpena aldatu eta fruta arbolak lantzen ditugulako, baina kalean bizi gara betidanik”, dio Kormenzanak. “Ez da oso kontu arrunta orokorrean, baina gure inguruan ezta oso ezohikoa ere. Historikoki lurralde gatazkatsua izan da Urduña -bi herrialderen arteko mugan- eta baserritarren etxeak herri barruan egon izan dira beti”. Hortik dator aurkezpenean baserririk gabeko baserritarra deitu izana.

Baserria eta hiria gurutzatzen diren lekuan
Sagarrak eta kantuak, arima eta gorputzaren elikagai.

Kormenzanak oso argi zuen nekazaritza ekologikoa jorratu nahi zuela, eta ikasketa bukaerako proiektua horrekin lotuta egin zuen -ingeniari agronomoa da-, “fruta arbolekin, amaren aldetik inguruan genituen fruitu txikiak beti ezagutu izan ditut-eta”. Egun, hiru lur eremu lantzen dituzte; Urduñakoaz gain, kostaldean orain bospasei urtetik zitrikoekin duten bat, eta ondoko herri batean duten sagastia.

Fruta txikietan arakatz txuri eta gorria, andere-mahatsak, masusta gorri eta beltzak, magurdiak, arabarbak, intxusak… eta fruta handietan piku, kaki, irasagar, madari, gerezi eta sagarrak, “inguruan betidanik egon diren fruituak” lantzen dituzte batez ere; espezie asko eta ekoizpen txikia bakoitzeko.

Tokian tokikoa eta sasoian sasoikoa jateko kontzientzia berreskuratzen ari da Rafa Rueda ere. “Egia esan, gero eta gehiago arduratzen nau gaiak, urte batzuetatik hona eta edadean aurrera goazela, gero eta gehiago”. Globalizazioan bizi garen honetan, ingurukora, baserrikora, zuk zeuk landatutakora bueltatzea interesgarria dela deritzo.

Musikari mungiarrak ez ditu oraindik Tologorriko marmeladak dastatu, “baina entzun dut gozoak direla, bai. Nik neuk ez ditut asko jaten marmeladak, baina gozozalea naiz eta noizean behin gustatzen zaizkit gosaltzeko. Aprobetxatuko dut bisita poteren bat erosteko”.

Tologorri tontorrak ematen dio izena Urduñako baserritarrak lantzen dituen fruituekin egiten duen marmeladari -gure mendia da, dio Kormenzanak-. “Hasi ginenean oraindik jende askok ez zuen ohiturarik fruitu txikiak freskoan jateko, eta hauek jasotzeko denbora ere oso luzea ez dutenez, marmeladak, konpotak eta zukuak egiten hasi ginen”.

Egun, gero eta ezagutza gehiago dago, eta beraz, gehiago saltzen omen da freskoan ere, baina behin bidea eginda jarraitzen dute marmeladekin ere, noski. “Magurdi eta arakatzarekin hasi ginen, lehena ezaguna zelako eta bigarrena justu kontrakoagatik, ezezaguna zelako, probatzearren. Egun zapore mordoa ditugu eta oso pozik gara, saiatzen gara mahai gaineratzen oso errazak ez direnekin ere, eta jendearentzako interesgarria da zapore berriak aurkitzea, betikoaz gain; ezagutza egiteko aukera ematen die”. Azken finean, eta urduñarrak berak esaten duen moduan, “oraindik ere ezagutzen ez dugun fruta piloa dugu inguruan”.

.

Zapatuko zita

Kormenzanak marmeladarekin bezala, Ruedak musikarekin elikatzen ditu gorputz eta arimak. Hiri kristalezkoak du azken lana, bakarkako bosgarrena. “Hirian kokatutako lan kontzeptual bat da -dio musikariak-, hirian bizi diren hamar pertsonaien istorioak, kantu guztiek pertsona izen propioak dituzte-eta.  Azken finean, gaur egungo gizartearen bizimodua islatzen saiatzen den lan musikal bat“. Eta sonoritate aldetik 80ko hamarkada bukaera 90eko hasierara eramango gaituena. “Intuizioari bide eman diot lan hau egiterakoan, libre eta aurreiritzi gutxiagorekin sentitu naiz, eta sasoi horretako background-a azaleratu zait beste batzuetan baino gehiago”.

Hiri kristalezkoak iazko hondarretan argitaratu zen, eta “gure txikitasunean nahiko pozik” dagoela dio Ruedak, orain arte izan duen erantzunarekin. “Atera dira emanaldiak formatu ezberdinetan eta taldean jotzeko aukera ere izaten ari naiz, gure bezalako proposamen baterako oso erraza ez dena egun. Eta erantzun positiboa jaso dut jendearen aldetik ere. “Taldean jotzeko aukera askorik ez dagoenean, puntua hartzerako ia ia beste egitasmo batean zaude jada, baina honakoan oso puntu majoan gaude, musikariekin lortutako sonoritate eta feeling-arekin oso gustura nago, disfrutatzen”; eta entzuleak igarri egiten du.

Zuzenean lau musikarik osatzen du Rafa Ruedaren taldea, mungiarra bera gitarran, Koldo Uriarte teklatuetan, Ander Zulaika baterian eta Jaime Nieto baxuan dela, eta beraiekin joko du etzi ere, fruituak batzeko prestaketetan dagoen Mikel Kormenzanaren etxaldean. “Fruitu batzuk ernalduta daude alearekin, eta beste batzuk loretan. Hemendik hilabetera hasiko gara arakatzak jasotzen, eta gero beste guztiak errenkadan, uztailetik azarora arte edo”.

Urduñako baserritarrak EHKOlektibotik jaso zuen Baserriko Uztan parte hartzeko gonbitea. “Egia esan, ez nekien ondo zer zen ere, baina nekazaritza eta kultura uztartuko zituela esan zidaten eta baietza eman nuen; beti nago prest horrelako proposamen berrietarako”.

Kormenzanarentzako ez ezik, Ruedarentzako ere berria izango da larunbateko hitzordua, “oso berezia da tokia eta musika aldetik erakargarria egiten zait”. Mungiarraren ustez gero eta sarriago antolatzen dira kontzertuak ezohiko toki eta ordutegietan, “joera dago orain giro ezberdinetara zabaltzeko, eta gero eta sarriago emango den esperientzia izango da”. Bere kasuan, ez bada hitzaldi edo ikastetxeren batean, sekula jo gabea da eguerdi partean, gutxiago bandarekin.

Beraz, hitzordu berezia izango da musikarientzat ere. “Bakarrik kontutan hartuta egunez izango dela, argiztapenik gabe, ingurua ez dela ohiko oholtza bat, publikoan ere aurpegiak aurrez aurre izango ditugula eta agian familia giroa izango dela nagusi, ume eta guzti… denak baldintzatzen du zure jarrera. Gu, guk egiten duguna inguruarekin nahastera goaz, eta jo arte ez dakigu zer aterako den. Baina toki guztiak bereziak badira oraingoa are bereziagoa; orain arteko esperientzia bitxienetako bat guretzako”.

“Ez dakit kortan edo non joko dugun…” egin du zalantza Ruedak, ez daki Kormentzanak zuzenekoa baratzean egiteko asmoa duela-eta. Eguraldi iragarpena ona denez, “fruta arbolen baratzean egiteko asmoa dugu -argitu digu urduñarrak-, gure eguneroko jarduna bertan dagoelako”.

Santa Klara baserrian goiz elkartu eta etxaldea erakutsiko dute aurrena, kontzertua baino lehen. Eta gerturatutakoek bazkaria egingo dute gero. “Hosto ezberdinen entsalada, bertako ekoizle baten pasta orburuekin… eta plater nagusia gure baserriko okela, haragi behiak ere baditugu-eta -aurreratu digu menua Mikel Kormentzanak-; guzti-guztia hamar kilometro bueltako elikagaiz egina”. Bertokoagoa ezin!

Etzi, maiatzak 19 larunbata, 10.30etan Santa Klara baserriko eguneroko jarduna ezagutu, 12.00etan Rafa Rueda zuzenean entzun eta 13.30ean bazkaltzeko sarrerak 20 euroan saltzen dira -sei urtera artekoek doan eta aurrerako umeek 12 euro-. Oraindik izenik eman ez baduzu, agudo ibiliz gero baduzu aukera. Idatzi baserrikouzta@gmail.com helbidera.

Baserria eta hiria gurutzatzen diren lekuan Baserria eta hiria gurutzatzen diren lekuan Baserria eta hiria gurutzatzen diren lekuan Baserria eta hiria gurutzatzen diren lekuan Baserria eta hiria gurutzatzen diren lekuan Baserria eta hiria gurutzatzen diren lekuan

ZUZEUko erredakzio kide