Kritika zinematografikoa: “Barbie”
Kritika zinematografikoa: “Barbie” –
Zuzendaria: Greta Gerwig
Urtea: 2023
Herrialdea: AEB
-“Arrosa koloreko errealitate paraleloa deseraikiz”-
Kolore arrosak hartu gaituen honetan, zinema estreinaldi arrunt batetik at gaudela badakigu. Uda bete-betean gara, eta urtero gertatu bezala, badira bizpahiru film bere nagusitasuna aldarrikatu nahian. Indiana Jones arkeologoaren erretiroa, kasu honetan, goizegi iritsi da, eta Mission: Impossible – Dead Reckoning Part One (Christopher McQuarrie, 2023) ez da behar beste nabarmendu. Mattel enpresak gizarteratutako panpina iraultzaileak bere presentzia hutsarekin ahanzturan utzi ditu, eta guk ere, itsu jo dugu zergatia jakitera. Warner Bros estudio mitikoaren eskutik, eta proiektua martxan jartzeko mila eta bat arazo gainditu ostean, Greta Gerwig proposatu zuen Margot Robbiek -bere ekoiztetxe propiotik etorri zen filma sortzeko ideia- Barbie zuzen dezan, eta honek, bere senarrarekin batera gidoia idazteko baldintza ezarrita, ezin ezezkorik eman.
Gerwigen aktore eta errealizadore ibilbideari erreparatuta, ezin esan daiteke pausu natural baten aurrean gaudela, behintzat espero genezakeena. Zinema estatubatuar independentearen ikur da, batez ere, bidaide duen Noah Baumbachen lanetan askatutako freskotasunagatik. XXI. mendeko emakume mundutar, existentzial eta umilaren aurpegia izan da berarena, eta izaera beretik heldu dira Lady Bird (2017) eta Little Women (2019) filmetan ezagutarazi dizkigun pertsonaiak. Bere lan berrienean, aldiz, enkarguzko proiektu handinahia izanik, bestelako narratiba eta eszenaratze batzuetara moldatu behar izan da, kontaketa klasiko eta heroiko campbelldarrera zuzenean lotutakoa.
Barbieland paradisu utopikoan lirain, non harri-kartoizko etxeek/eraikinek, kaleek eta hondartzek poztasuna eta idilioa transmititzen duten, barbiak dira Nobel saridunak, presidenteak, sendagileak, obra-langileak; Ken, aldiz, egintza sozial jakinik ez duen figura izango da, mutil-laguna, surfista, bigarren mailako herritarra. Errealitate paralelo bat aurkeztuko digu Gerwigek, Barbie panpina asmatu zutenek eskuadra eta kartaboiz diseinatutakoa, ustez, neskatoentzako jostailu bikaina litzatekeenaren unibertsoa. Baina berau deseraikitzean jarriko da zinemagilearen makinaria martxan. Pentsamendu ezkorrak zuzendu eta zelulitisa zein oin zapalak sendatu nahian, gure mundura bidaia egingo dute Robbiek haragitutako Barbie estandarizatuak eta Ryan Goslingek interpretatutako Kenek, eta orduan konturatuko dira bizi dutena ez dela benetan dirudiena; bada panpina estilizatua faxista dela ere oihukatuko duenik. Errealitate paraleloa deformatu egingo da.
Umore dosi zorrotzez josia, erridikulizazioan sustengatutako satira eraiki du zinemagileak, gizartean gizon-emakumeek dituzten rolak, Mattel enpresaren panpinek (are gehiago) gorputz perfektuen idealizazioa zein sexualizazioa eta edertasun kanonak gogor kritikatuz. Kontsumorako objektu izateko jaiotako jostailuaren nortasun kapitalista, eta inposatutako american way of life bizi-estiloaren irakurketa gaurkotua, kontzientziaduna, idatzi dute Gerwigek eta Baumbachek.
Filmak bisualki transmititzen du berezko indarra, eta Barbielanden gertatutako dantzaldi ikusgarriak eta pasarte musikatuak dira kontaketaren motorra, Damien Chazelleren Babylon-en (2022) gertatu bezala. Bi proiektuotako arima da Robbie, eta batean zein bestean, aktorearen presentzia hutsak, haren mugimendu eta aktore-indarrak espektakulutik bezainbeste dute emoziotik. Zinemaren historia maskulinoari egindako erreferentziak ere identifikagarriak dira oso: 2001: A Space Odyssey-ri (Stanley Kubrick, 1968) keinu eginez hasiko da filma, lotsagabeki, eta The Godfather (Francis Ford Coppola, 1972) zein Zack Snyderren zinemagintza ere ditu aipagai, besteak beste.
Baina, txanponaren bi aldeak jarriko ditu Barbiek mahai gainean, izan ere, azpitramak hala iradokita, panpina hauek hainbat eta hainbat belaunaldirentzat suposatu izan duen zorion-iturriak ere badu trataerarik, Toy Story (1995-2022) sagaren jatorrizko istoriotik oso urrun egongo ez litzatekeena: Barbie protagonistaren tristuraren eragile den mundu errealeko ama-alabaren (Mattel enpresako idazkaria, eta panpinekin jolasteaz nekatu den gaztea) arteko harreman eta sentimenduei tokitxoa egingo dio Gerwigek, bere filmografia laburra errotu duen gaia izanik, autore zantzua guztiz ez baztertzeko.
Desorekatua izango da hurbilketa afektiboa, eta monologo, hitzartze edota sermoietan bilatuko du babesa (telefilmetan nagusi izaten den gisan), emakumeen ahalduntzea eta genero berdintasuna eskutik helduta datozela argi eta garbi uzteko. Egia galantak entzungo ditugu, mingarriak direnak askorentzat, eta onartu beharrekoak. Halere, pelikularen diskurtso feministaren euslea da azpitrama familiarra, eta helarazi nahi den mezuaren bozgorailu.
(…)
Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!
Kritika zinematografikoa: “Barbie”