Baltasar emakumea izan zenekoa

Baltasar emakumea izan zenekoa

Kattalin Agerrek Dantzan atarian.

Azken urteotan izan da polemikarik Errege Magoak emakumeek gorpuztearen inguruan, erabat barneratuta baitago historikoki gizonezkoak izan direla. Baina hori sinesmen okerra da. Historiako momentu batzuetan, Errege Magoak bi gizonezko eta emakume baten bidez irudikatu izan dira. XIV eta XV. mendeetan, artearen historiako gailurtzat jotzen diren Quattrocentoan eta Cinquecentoan, Berpizkundeko artista handienek margotu zituzten erregeetan, oso maiz, emakume bat ageri da bi gizonekin bateran Errege Magoen paperean.

.

Hiru errege mago ekialdetik? Lau hitz eta lau oker

Baltasar emakumea izan zenekoa
Ravena, VI. mendeko mosaikoa.

Maiz aipatu den moduan, ez ziren hiru, ez ziren erregeak, ez ziren magoak eta ez dago argi ekialdetik ote zetozen. Mateoren ebanjelioaren pasarte labur bat da Errege Magoen mitoa elikatu duen aipu historiko bakarra, eta bertan, adibidez, ez da esaten hiru zirenik, hiru opari -urrea, intsentsua eta mirra- ekarri zituztela baizik. Batzuetan bi aipatu izan dira, lau beste batzuetan, zazpi zenbaitetan eta baita hamabi ere tradizio armeniarraren arabera.

Mago aipamenarekin garaian jakintsu-astrologoak izendatzen ziren, ez aztiak. Errege zirenik ez da inon aipatzen hainbat mende pasa arte. Eta ekialdea kontzeptu erlatiboa da, nondik begiratzen zaion edozer izan baitaiteke.

Benedicto XVI. aita santuak adibidez, Europako mendebaldean, Tartesson kokatu zuen Errege Magoen jatorria.

.

Cuattrocentoko Erregina

Berpizkundean, XIV. eta XV. mendeetan, Europako arteak urrezko aroa bizi izan zuen aroan, nazioarteko artista handienei egin zitzaizkien enkarguen artean ohiko gaia izan zen “Magoen adorazioa” izenekoa. Belengo estalpera Jesus ume jaio berria adoratzera joandako Errege Magoen estanpa irudikatuz maisu-lanak egin zituzten garaiko margolari handienek, XIV. mendean hasi eta hurrengo bi mendeetan: Giotto, Fra Angelico, Leonardo da Vinci, Gozzoli, Botticelli, Jeronimo Bosch, Grekoa, Velazquez, Rubens,… Horren kontzientzia presente ez badugu ere, lehen margolanetan, XIV. eta XV. mende hasierakoetan, oso ohikoa izan zen hiru magoetako bat emakumea izatea.

.

Goiztiarrenetakoa Giotto di Bondone da, Firenzeko margolari eta arkitekto handia, italiar berpizkundearen aitzindaria, Paduako Scrovegni kapillan honako freskoa margotu zuena 1303 eta 1305 bitartean [1 eta 2]. Sienako Luca di Tomme maisuaren lana, berriz, Madrilen ikusi daiteke gaur egun [3]. Italiako Berpizkunde oparoaren beste adibide bat [4], egile ezezagun batena. Eta Vienako maisua, zeini honako margolan honek eman zion izena, hain zuzen ere “Adorazioaren Vienako Maisua” moduan ezagutzen baita lan honen egilea [5]. “Magoen adorazioa”, maisu alemaniar ezezaguna, 1420 [6].

Zenbat milaka ikusle izaten ditu Florentziako Uffizi galeriak urtean? Han ikusi eta goza daitezke ondoko bi margolan hauek. Hartzen al dugu kontzientzia ikusleek eta arte maitaleek hiru errege magoetako bat erregina dela, emakumea dela?

.

Luken Aranburu dantzariak ekarri dizkigu Uffizi galeriako irudi eder hauek [1 eta 2].
Florentzian baita, baina San Marco museoan, ikusi daiteke Angelicoren margolan hau erregina koroa buruan erakusten diguna [3]. “Magoen adorazioa”: Antonio Vivarini (1445-47) [4] eta Stefano da Zevio (1434), Verona [5].

.

Baltasar, emakume beltza

XV. mendean, kristautasunak mundura zabaltzeko zeukan nahiari erantzunez, gaur egun futbolean aplikatzen den marketing estrategia bera jarri zuen martxan. Zure erlijioa Afrikan saldu nahi baduzu izendatu errege afrikar bat. Horrela, Errege Magoak garai hartan ezagutzen ziren hiru kontinenteetako errege izendatu zituzten, Meltxor Europakoa, Gaspar Asiakoa eta Baltasar Afrikakoa. Horrela hasi zen ordura arte azal zurikoa ageri zen errege edo erregina, larru beltzeko agertzen. Eta emakumea zenez askotan, ba hainbatetan erregin beltzak izan ziren.

XV. mende bukaerarako hiru errege gizonezkoak ugaritzen hasi ziren eta XVI. menderako erreginak, zuri ala beltz, desagertuak ziren erregeen irudikatzetik. Horrela, “beti” hiru gizonezko izan direneko irudia iritsi da XXI. mendera, eta nahiz eta arteak, emakume erreginen iruditeria oparoz eta zoragarriz betetako ondarea eta historia eskaintzen digun, barneratuta dugun eredu misoginoak gain hartzen du arteak erakutsi eta begiek ikusten dutena ezkutuan mantenduz.

Baltasar emakumea izan zenekoa  Baltasar emakumea izan zenekoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.