[Kafe Aleak] Baden Powell e Vinicius de Moraes “Os afro-sambas”

[Kafe Aleak] Baden Powell e Vinicius de Moraes “Os afro-sambas” –

[Kafe Aleak] Baden Powell e Vinicius de Moraes "Os afro-sambas"

.

Baden Powell e Vinicius de Moraes

“Os afro-sambas de Baden e Vinicius (Forma, 1966)

.

Zaila zait azaltzea zergatik aukeratu eta aurkezten dizuedan “Os Afro-sambas” gustatzen zaizkidan disko guztien artetik. Atentzioa eman zidan beste garai eta leku batera eramaten nauelako: lagun batzuk elkartu ziren orduan, musikari esker eta bizitza ulertzeko modu berberari esker, eguneroko dibertsioa eta parranda nagusi, txankletetan edo nahierara ibiliz, baina betiere uneaz gozatuz.

[Kafe Aleak] Baden Powell e Vinicius de Moraes "Os afro-sambas"Musika entzuten dugunean joera dugu gehiegi aletzeko, abesti bakoitzaren egitura aztertzen dugu, hitzen kalitatea; horrexegatik jartzen ditugu etiketak, oso ezaugarri subjetiboetan oinarritu arren. Musika brasildarra inauterietako erritmoekin lotua izan da beti, batukada, txilibitua eta beste ezer gutxirekin. Mundu osora zabaldu zuena, ordea, bossa nova izan zen, ia beti Vinicius de Moraesek zuzendutako musikariekin. Viniciusek, inguruan musikari onenak izateaz gain, lehen aipatu dudan eta bere kantuetan aldarrikatzen duen askatasuna islatzen du, baita disko honetako kantuetan ere.

Bossa nova antologiarik onentzat jo izan den “La fusa” bildumari esker ezagutu nuen “Os Afro-sambas” diskoko abestietako bat. Alaitasuna eta giro ona islatzen zuten kantu horien artean entzun nuen “Canto e Osana”. Horixe izan zen haritik tiratzera eraman ninduen amua. Orduan sakontzea erabaki nuen (ez da komenigarria gogoa irenstea) eta CDa enkargatu behar izan nuen, ez baitzen oso erraza lortzen.

Diskoak Afrika dakarkigu gogora. Baden Powellek halaxe berretsi zuen bere musikaz hitz egitean. Afrikak inspiratu zuen, bertan baitago sanbaren jatorria, baita bere hitzetan sarritan ageri den Umbanda erlijio afro-brasildarrarena ere. Entzutearen poderioz (eta itzultzaile automatikoaren laguntza aitortuz) filosofia hori zertan den irudikatu ahal izan dut: norberak ez daki zer den edo zer izango den, bakarrik daki zer izan zen, eta horretaz ere ezin da ziur egon.

Jakina, badago diskoaz gozatzerik alde mistikoari jaramonik egin gabe; portugesa jakin gabe zenbait esaldi ulertzeko modukoak dira. Dibertigarria da kantatzea, doinua hobetzen ahalegintzea… azken batean denok murduskatzen dugu ingelesa, hein batean, entzun izan ditugun kantuei esker.

Abesti guztien pisua Baden Powellen (bai, boy scouten fundatzailearen izen berbera du) gitarrak darama. Abestiei giro enigmatikoa ematen die eta zatien arteko trantsizioak bere burura datozkion bezalaxe jotzen ditu. Ematen du gitarrak inguruan dauen perkusio jotzaile guztiak zoratu behar dituela. Baden basapiztia da gitarrarekin, soinuak gainjartzen dira eta, zenbaitetan, instrumentu gehiegi dagoela dirudien arren, azkenean zapalarta horri zentzua ematea lortzen du. Instrumentu horien guztien artean berimbau izenekoa dago; soinu huts eta dardarkariko tresna da. Lemanjá, Xango eta abarri kantatzeko ukitu etnikorik egokiena ematen die.

Disko honetan Em Cy laukoteko lau ahizpek ere abesten dute; nire ustez, Rio de janeiroko kafeetako batean ezagutuko zituen Viniciusek, horrelakoetan jo ohi zuten eta. Haien ekarpena ez da koruetara mugatzen: kanta batzuetan leloa eurek abesten dute, eta beste batzuetan Viniciusi erantzuten diote, musika afrikarrean egin ohi den gisan. Nolanahi ere, diskoaren ideia ez zatekeen berberea haiek gabe.

Edizio honen soinu kalitatea erdipurdikoa da, baina 90eko hamarkadan Baden Powellek ia kanta guztiak grabatu zituen berriro, Vinicius gabe. Ez da hain autentikoa, jakina. Autentikoena litzateke garai hartan egon izana Vinicius eta Badenekin hondartzako saio inprobisaturen batean, jaima eta chill-outetako modernoen posetik urrun. Jotzea eta gozatzea. Besteri behar al da?

Saravá!

Jon Andoni Izurieta (1975, Portugalete) Musikazalea

“Kafe aleak” liburua erosteko

[Kafe Aleak] Baden Powell e Vinicius de Moraes “Os afro-sambas”

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude