Ba ote dute arrainek sukarrik?

Errekako arrainek sekula ez dutela urik edaten jakin nuenetik, nire bizitza beste bat da. Eta itsasokoek edaten dutela jakin nuenetik, zer esanik ez: askotan agertu izan zaizkit nire ametsik goxoenetan arrainak, ezezagun handi horiek

Izan ere, itsasoko urak arrainen gorputzak baino gatz gehiago izaten du eta jakinekoa da ura osmosi bidez mugitzen dela, gatz gutxiagoko lekuetatik, gehiagokoetara. Txistea dirudi, baina itsasoko arrainak deshidrataturik hil litezke, baldin eta ez badute urik edaten.

Ur gezatako arrainen kasua alderantzizkoa da: gorputzean duten gatz disoluzioa urarena baino handiagoa izaten da eta nahigabe bada ere, “sartu” egiten zaiei ura gorputzean. Ez dute, beraz, edan beharrik.

arrainek egarri

 

Bart beste arrainkeria batekin egin dut amets, ordea: ba ote dute sukarrik arrainek?

Horrexetan jarri pentsatzen eta, egia esan behar bada, ematen zuen neuk neukala sukarra ohean jirabueltaka, izara guztiak zilipurdikatu ditudanean.

Halako batean erabaki dut ezinezkoa dela arrainek sukarrik izatea, ez, behintzat, bizi diren uraren tenperaturarena baino beroagoa.

Lasai geratu naiz, bada, baina lo hartzera nindoan unean, beste kontu batez ohartu naiz: logika beraren arabera, geuk ere ez genuke sekula ukan behar inguruko tenperatura baino altuagorik eta gaurko hotzarekin, esaterako, badabil sukar handiko jendea inguruan.

Zaputz, beraz, nire gogoetak eta zaputz nire loak. Ordenadorearen aurrean jezarri eta galdera hementxe plazaratzea otu zait. Zerbait baldin badakizu, erantzun, beraz: edukitzen ote dute arrainek sukarrik?

Eskerrik asko.

 

(Barkatuko didazu, baina egitera sekula ausartu izan ez naizen galderak egiteko ere profitatuko dut Zuzeuko bazter hau).

Nire begietatik ...

7 pentsamendu “Ba ote dute arrainek sukarrik?”-ri buruz

  • Itsasoko arrainek ura edan, edaten dutela dio Pelletierrek. Frogatu gabeko baieztapena sinistarazi nahi digu, ‘osmosia’ hitz potoloa bota eta bere argudioari itxura zientifikoa eman nahirik.
    Bada, jakizu Pelletier jaun jakintsu hori, ez dudala zuk esandakorik ezer sinisten. Itsasoko arrainek nola edango dute, bada, edaten duten hori kontrako eztarritik joan gabe! Gainera, edango balute, beti edan eta edan ibili beharko lukete, egarri mundiala izango luketeela ur gazia edanda. Eta pixa ere egin beharko lukete, ezta?, edandako hori gorputzetik ateratzeko. Inori ez diot entzun oraindik arrainek pixa egiten dutenik. Agian zuri entzungo dizut, edo irakurriko, egunen batean.

    Sukarrarena beste baterako utziko dugu, inporta ez bazaizu.

    • Barkatu atrebentzia, Petrikilo, baina uste dut ez zarela ezertaz ere enteratu.
      Baina nola joango zaie arrainei ura kontrako eztarritik, birikarik ez baldin badute!
      Bestalde, ez dakit nola ez zaren konturatu ura edan eta edan ibiltzearena eta pixa egitearena lotuta daudela. Begibistakoa da! Halaxe ibiltzen dira, bai, edan eta edan. Zergatik uste duzu, ba, ahoa etengabe ireki eta ixten dutela, kantatzeko?! Baina gero pixa egin beharrik ez daukate, zeren, hainbeste ur edan eta gero gorputza gatzez beteta gelditzen zaie, eta osteoporosiaren bidez berriz ere kanporatzen dute. Horri uraren zikloa deitzen zaio, eta Lehen Hezkuntzan ikasten da.
      Kontua da, batzuetan, bitarteko prozesu horretan arrainak arrantzatu egiten direla, eta hor ikus ditzakegu, arrantzontzietako kaxatan, gatzez lepo.
      Nire aitona arrantzalea da betitik, eta berak kontatatua da guztia (osteoporosiarena izan ezik, esan bezala LHn ikasten baita).
      Sukarrarena, galdetuko diot hurrengoan.

      • Nik ere egin diot iruzkin bat erantzunez, baina zergatik ez dakidala desagertu egin da. Edonola, harrigarria iruditzen zait batzuek duten ausardia ezer ez dakiten kontuez hitz egitean (petrikiloz ari naiz, jakina).

      • Eta erantzunaren tonua… ez dut sinetsi nahi halako jenderik badenik.

        • Eta Petrikilo ustezko sasijakintsu horren larriena ez da erabili duen tonua, baizik eta azentuazio koldarra, diskurtsoaren abiadura amarruzkoa eta, batez ere, bolumen zeharkako hori. Bisatn da: petrikilo sukarrak jotako arraina da!!!

  • Mila esker petrikilo iruzkin eder horregatik.
    Petrikilok zabalik utzitako gogoetari helduko diot nik, ahantzi behar ez ditugun zeinbait aipu eginez:

    – Arrainak izaki bizidunak dira, beraz, arrainak hil egiten dira.
    – Arrain bati heriotza eragin diezaioke:
    .Arrain handiago batek arrain txikiago bat erasotu eta zauritzeak.
    .Fabrikek pozointzen dituzten itsasoetako nahiz ibaietako ur kutsatuak.
    – Zauriak, substantzia kutsatzaileak eta gaixotasunak infekzio eragile potentzialak dira.

    Hipertermia (edo sukarra), inflamazioa edota gorritasuna infekzioa dagoenaren seinale direnez, arrainek sukarra izan dezaketela iruditzen zait.

    Ausnarketa honek ez ditu ordea gaiaren inguruan nituen dudak azaleratu besterik eta ez diot nireak ere zuekin elkarbanatzeari eutsiko:

    Ur gezeko arrainenak pentsatzen dut baietz baina, infektatu al daitezke ur gaziko arrainen zauriak?
    Amonak txikitatik esan dit itsasoan murgiltzeko noizbait izan ditudan zauriak. Azalekoez ari natzaizue noski, bihotzekoak bestelakoak izan ohi dira.

  • Lurrune Pelletier 2015-02-06 10:34

    Petrikilo, ez naiz zureari erantzuten hasiko, baina ni LurrunE naiz, LurrunE. Neska, beraz. Hori bederen jakin behar zenuke.