Aurten ere danborrada!

danborrada

Etzi telebistan gehien ikusiko diren irudiak Haur danborradarenak izango dira. Ikusiko dugu ilara bukaezin bat Alderdi Ederretik abiatuta, erdialdeari buelta eman ondoren Gipuzkoako plazara iristen dena. Ikusiko ditugu milaka ikusle, hiru orduz zain eta geldirik, aurretik desfilatzen duen haur ezagunen bati agur esateko prest. Eta pentsatuko dugu, hori aspergarria!

Baina datuek beste zerbait diote. Donostian, 16.943 lagun aterako dira danborra eta kupela jotzen, hauetatik 4.853 haurrak eta beste 12.093 helduak. 185.000 biztanle dituen hiri batean %9,2 da hori. Euskal Herri osotik (eta inguruetatik) iritsita, 2.008 musikariak ibiliko dira han eta hemen 24 orduz kaleak musikaz betetzen. Danborrada-talde hauen alboetan, beste askok joko dute makilatxoak eta ohol txikiak baliatuz, eta atzetik hainbat lagun joango dira doinu ezagunen erritmoan saltoka dantzan.

Guregana etorrita, elkarrekin gozatu nahi duten guztiek lekua izango dute. Ondo pasa denok!

Hementxe Donostiako danborradak

Hementxe Antiguako San Sebastian jaiak

Eta festa militar-itxurakoa dela esaten dutenentzat, hara hemen Donostia ondoko Antigua herrian Gazte Danborradakoen pieza bat, “Herriko seme”. Dantza eta parodia, baina jotzeko unean… fundamentua!

Irudia | Danborrariak dantzan | arasanse | Creative Commons By SA

ITSASGORAN - Irakaslea ofizioz, Idazlea afizioz

7 pentsamendu “Aurten ere danborrada!”-ri buruz

  • Halaxe da bai, askok eta askok festa militartzat duten arren, Danborrada ihauteri aurreko konpartsa da, ironiaz, satiraz eta jai giroz betetakoa.

    Esango nuke, parte hartzen duten askok eta askok ere ez dutela izaera “karnabalero” honen berri eta, akaso, Irun eta Hondarribiako alardeen eraginez, festa militar eta seriotzat dutela.

    Gure “konpainian” ere halaxe gertatzen da, batez ere zaharrenen artean eta danborreroen artean. Kupela jotzen dugunok, antza, asumituagoa daukagu festa, satira eta katxondeo jarrera.

    Hori bai, jotzerako orduan, serio demonio! 😉

  • Honddarbin ere fundamentuz desfilatzeaz gain jai giroz betetako ospakizuna egin daitekeela (eta batzuk egiten dutela) esango nuke, hemen ikusi daitekeen bezala: http://www.youtube.com/watch?v=JH-cxbby_xQ&feature=related

  • Arantza San Sebastianek idatzitako testuari ekarpentxoa egite aldera, hona Antiguako Gazte Danborradaren historia labur-labur. Gazte danborrada da, baina era berean hiriko zaharrenetakoa da.

    http://www.gaztezulo.com/berriak_view.php?uuid=1476

  • Mariputz: Ez dut esan nahi izan Hondarribian eta Irunen festarako tarterik ez dagoenik. Agian ez dut behar bezala adierazi.

    Festaren jatorriaz ari nintzen: Alardearena guztiz militarra da (jatorria), Danborrada aldiz militarrei trufa egiteko jaio zen.

    Besterik gabe.

  • Interesgarriak zuen ekarpenak.
    Batzuk, tradizioa petoa mantentzearen aldekoak, ez dira konturatzen ezagutzen dugun tradizio hori baino lehenago, ospatzeko beste moduak zeudela, baina guregana ere aldatuta iritsi direla.
    Beste batzuk, berriz, sustraiak zaindu eta aldi berean ohiturak egokitzearen aldekoek, jaia bizirik mantentzen dute eta aurrerantzean ere bizi-bizi jarraitzeko bidea egiten dute.
    Mariputzek bidalitako irudietan azaltzen den Alarde mistokoek egin dute bide hori, baita danborrada askok ere.
    Jaiaren funtsezkoa baita denek tokia izatea. Eta elkarrekin gozatzea.
    Zer bestela?

  • Gari Garaialde 2011-01-19 16:09

    Hondarribiko alardean beti egon da eztabaida alardea Amabirjiñari egindako botoa ala “bibalabirjen” jai bezala ospatu behar den. Ez da gauza berria eta ez du Jaizkibelek ekarri aldaketa.
    Baina egia da alrdearen inguruko eztabaida sortu zenetik, alarde tradizionalekoek “serioago” (serioegi ez esatearren) hartu dutela alardea eta alaiago Jaizkibelekoek. Baina barrundik ikusita esan behar dizuet, alarde diskriminatzailean ondo pasatzea beste helbururik ez duen jende ugari dagoela eta Jaizkibelen, zoritxarrez, alardea zerbait serioa dela pentsatzen duen jende gehiegi. Nere gusturako.

  • Erabat ados Garik adierazi duenarekin. Dena den, gauzatxo bat zehaztuko nuke: serioa eta ondo pasatzea ez direla antonimoak (hori da Arantzak eta Haritzek adierazi dutena ez da?).
    Nire ustez ondo pasatzea oso kontu serioa da!. Olariagak antzeko zerbait adierazi zuen zinta polit honetan:
    http://www.berria.info/zintak/olariaga/2010-04-07/