Atzeraturiko erosketak

Atzeraturiko erosketak

Dagoeneko hurbil-hurbil ditugu eguberriak: hasten ahal gara, beraz, haien kontra mintzatzen, zaila izaten baita gabonak maite dituenik aurkitzea. Beharrik haurrak inguruan ditugun, haurrek eguberrietan amek edo amatxiek telenobeletan duten funtzio berbera baitute: teorian gustuko ez dugun horretan murgiltzeko aitzakia bat ematea, alegia. Telenobelak ez zaizkit batere gustatzen, baina amak eguerdiro ez-dakit-zein ikusten duenez, haren ondoan jarri eta ikusi egiten dut, baina soil-soilik hari konpainia egiteagatik; eguberriak gorroto ditut, baina umeak hain ilusionatuak daude, etab.

Haurrek, halere, nahiko aldrebestua izaten dute gustua (pailazoak gustatzen zaizkie, adibidez), eta haien ilusioa gorabehera, nik ere ezinikusi handia diet ate-joka ditugun bestei. Telebistako iragarkiak normalean baino ergelagoak eta melengagoak izaten dira (ikus, bertzenaz, Campofriorena), eta filmen mailak beheiti egiten du nabarmen (Aste Sainduan gertatzen dena bezain larria izatera ailegatu gabe); motibo argirik gabe, jendeak sentimendu onak adierazten dizkio elkarri etengabe; eta familiarekin egon behar duzu nahitaez, hau da, maite duzun familiarekin baina baita aukeran gasolindegi batean abandonatua utziko zenukeen familia horrekin ere.

Eguberriek, aitor dezagun, badituzte gauza onak. Bat bertzerik ez aipatzeagatik, hortxe ditugu gabon-kantak. Heldu den astetik aitzinat, nonahi adituko ditugu: telebistan, irratian, hiper-merkatuetan, auzoko dendetan, kalean, liburu-dendetan, ostatuetan. Jendea non juntatu, gabon-kantak han. Baina, batzuetan, isildu egiten dira; abestien artean badira isiluneak, eta, motz-motzak izanda ere, orduan, a zer bakea! Horregatik bakarrik merezi du tortura musikal hori sufritzea, kanta akitutakoan eginen den isiltasun perfektuak zeruraino eramanen gaituelako bi segundoan.

Baina, segur aski alderik hoberena hauxe da: heldu diren bestek kritikoak izateko aukera ematen digute. Parada ematen digute erakusteko ez garela herritar pasiboak, badakigula zer gertatzen den gure inguruan, egoera aztertu eta horren gainean analisi sakonak egiteko. Are gehiago, besta hauek kritika egina dakarte berekin, eta horrek lana anitz errazten du, ez baitugu geronek kritika hori pentsatu behar. Urteko bertze zenbait egunekin ere (San Balendin egunarekin, aitaren eta amaren egunekin) berdin gertatzen da: badakigu gaitzetsi behar ditugula, lore-denden eta txokolatezko goxokien saltzaileen asmakizuna dela San Balendin eguna, eta gorbata eta lurrin saltzaileena aitaren eta amaren egunak. Era berean, badakigu eguberriak multinazional handi baten propaganda kanpaina direla: istorio sinple txatxu baten bidez, bere ideologia saltzen saiatzen da urtero eliza, gero eta arrakasta gutiagorekin. Eta badakigu, eguberrietan ere kontsumismo izugarria izaten dela eta hori kritikatu egin behar dela; beraz, opariak erosi bitartean (hainbertzeko ilusioa egiten die haurrei!) zintzo-zintzo kritikatzen dugu gehiegizko kontsumismo hori.

Niri, berriz, egia erran behar badut, opariak gustatzen zaizkit. Izan ere, eguberrietarik gustatzen zaidan gauza ia-ia bakarra dira (tira, sakon hausnartu eta gero, ohartu naiz lanera joan behar ez izatea ere ez zaidala gaizki iduritzen), nahiz eta zaila izaten den benetako opariak jasotzea. Zahartu ahala, nire inguruan sumatu dut opariak egiteko grinak beheiti egin duela, nabarmen apaldu dela; erran nahi baita, opariak niri egiteko grina. Polita izaten da, halere, ikustea norbaitek zure zaletasunak zein diren badakiela eta denbora hartu duela pentsatzeko zerk eginen dizun ilusioa (horretarako, ongi ezagutu behar zaituzte, jakina: nik, gustu orokorrak baizik ez aipatzeagatik, komikiak eta beldurrezko filmak ditut gogoko, eta Nafarroan kokaturiko trilogia historikoen azken aleak, are gehiago tituluan Jerusalem hitza baldin badaramate – ea irakurleren bat animatzen den!). Baina hori ez da ohikoa izaten. Horregatik, nik aspalditik amore eman eta atzeraturiko erosketak egitearekin konformatzen naiz: hau da, urtean erosi ahal izan ez dudan liburu hori eskatzen dut normalean (–“Zer nahi duzu?” –“Bada, halako liburu, halako dendatan saltzen dutena, halako apalategitan eta halako preziotan dagoena”: datu eta xehetasun guziak ematen ditut, ingurukoei zama hori arintze aldera, eta, batez ere, gorbatarik edo lurrinik eros ez diezadaten, orduan hasiko bainintzateke inolako dudarik gabe nire gainbehera).

Ongi da noizbehinka opariak jasotzea, eta ongi da, nire ustez, tarteka opariak trankil egin ahal izatea, geure burua zigortu gabe, betiere neurrian egiten baditugu. Baina eguberriekin gertatzen da euskararekin gertatzen dena: egun bat finkatu dugu egutegian euskaltzale amorratuak izateko: egun horretan, euskarari diogun amodioa adieraziko diogu, erdaraz adierazi ere, eta urteko gainerako egunetan bazter utziko dugu. Eguberriak dira erosketak egin bidenabar kontsumismoaren kontrako gogoetak egiteko tenorea, baina kritika hori bertan behera utziko dugu urteko gainerako egunetan. Eta, beharbada, hobe litzateke gure jarrera eredugarri horiek urte osora hedatuko bagenitu, eta egun guzietan saiatuko bagina euskaldun eta antikontsumista izaten, eta urtean behin opari batzuk lasai demonio erosiko bagenitu. Haurrei sekulako ilusioa egiten die. Eta guraso batzuei ere bai.

[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.