Atzera bueltarik gabe, La Polla Records

Atzera bueltarik gabe, La Polla Records –

Lekunberriko Kantinan Berri Txarrak hirukoteak agurrari buruzko azalpenak ematen zizkigun bitartean, La Polla Records taldea berpiztu egin zen, sare sozialetan bederen. Orduantxe hasi zen martxoaren 13ra arteko atzerako kontaketa, berraurkitzeari buruzko azalpenak gaur ematekoak ziren-eta. Eguerdian, eta zuzenean, dagoeneko pasa den hilabetean Vocentoko hedabideek aurreratu zutena jakinarazi dute: kontzertutzar bat joko dute Euskal Herrian, urriaren 19a BECen.

Atzera bueltarik gabe, La Polla Records
La Voz edo OTrena izan zitekeen baina ez, La Polla Recordsen afixa da, eta eskertzen da Evaristoren zintzotasuna tisertan.

“Ez atsedenik ez bakerik” deituko da taldearen 40. urtemuga ospatuko duen bira -eta lan berria-, momentuz lau data baino ez dituena; Euskal Herrian bakarra, Barakaldokoa, taldearen afixatan BEC Bilbon kokatu duten arren. Guzti-guztietan El Drogas izango dute lagun, aguraindarrak bezala eskarmentu handiko musikaria berau. Sarrerak martxoaren 20an jarriko dira salgai, 11.00etan.

Birak beste zortzi hitzordu izango ei ditu Hego eta Ertamerikan, oraindik datarik jakinarazi ez bada ere.

.

«Ni descanso, ni paz»

La Polla Records taldeak “El ultimo (el) de la polla” (Maldito Records), argitaratu eta 2003an eman zituen azken zuzenekoak.  Orain, 15 urte geroago, orduko boskote bera elkartu da berriro oholtza gainean, Evaristo, Sumé, Abel, Txiki eta Tripi. Gainera, Evaristok aspaldi idatzitako hitzek gaurkotasunik galdu ez duten honetan, taldeak argitalpen berri bat iragarri du, “Ni descanso, ni paz”.

Argitalpen berri bat diogu eta ez lan berria, azken finean “Ni descanso, ni paz” bilduma lan bat da-eta. La Polla Recordsen lehen hiru diskoetako (“Salve”, “Revolución” eta “No somos nada”) 19 kanta hautatu jasoko ditu, Usurbilen Haritz Arreguyrekin berriro grabatuak, gehi kanta berri bakarra, dagoeneko entzungai dagoena -azpian duzue bideoa-, bildumari eta birari izenburua ematen diona.

“Ni descanso, ni paz” maiatzaren 10ean salgai jarriko du diskoa argitaratu eta biraren ardura duen Cultura Rockek -besteak beste Fito & Fitipaldisen managementa daramana-, baina ezin baduzu ordura arte itxaron, etzitik aurrera ale gutxi batzuk eskuragarri izango dituzu El Corte Inglesean eta FNACen, Evaristo Paramosen sinadura eta guzti. Ekonomia da, tontolapiko!

Atzera bueltarik gabe, La Polla Records