Atharratze eta Aloze maskaradan elkarturik

Atharratze eta Aloze maskaradan elkarturik –

2020an Euskal Herrira iritsi zitzaigun koronabirus izurriteak gure bizimodua aldatu du arrunt, egonkortasun eza ekarri digu arlo guztietan, eta gure bizitza sozio-kulturala, gure bestak eta kaleko erritualak ere kaltetuak izan dira, Badira orduz geroztik ospatu gabe ditugunak: San Ferminak, danborrada, Baionako Bestak, eta abar luze-luze-luzea; eta badira, xendra estuetatik abiatuta, aitzina egin dutenak. Hori da Zuberoako maskaradekin gertatu zaiguna.

Atharratze eta Aloze maskaradan elkarturik

2020an, Altzürükük maskaradak antolatu zituen, eta izurria gainera zetorkigula iragartzen ziguten arren, lauzpabost saio eder eta alegera egin zituzten. 2021eko negua iritsi zitzaigun, eta ezarritako osasun arauak zirela eta, Atharratze eta Alozek alde batetik, eta Barkoxek bestaldetik, antolatu nahi zituzten maskaradak bertan behera utzi behar izan zituzten. Hura pena eta malura! Baina udara iritsi zen eta barkoxtarrak, erdi ezkutuan, erdi agerian, beren maskarada ederrak  antolatzen eta jokatzen hasi ziren. Azkena, 2022ko urtarrilaren 8an jokatu zuten. Ezohiko moduan eta ezohiko datetan, baina barkoxtarrek maskaradaren sua iraunarazi dute eta erritualaren lekukoa Atharratze eta Alozeko gazteei pasatu diete. Merezimendu handia barkoxtarrena!!!

Eta horrela, aurtengo urtarrilaren 16an, igandearekin, atharraztar eta aloztar gazteek, barkoxtarrek pasatu sugarra harturik, hasiera eman diete aurtengo maskarada saioei. Hamabi aldiz jokatuko dute osora, Atharratzen, Pagolan, Lexantzün, Barkoxen, Altzürükün, Santa Grazin, Muskildin, Idauzen, Ainharben, Alozen, Irurin eta azkena apirilaren 17an, Gamere-Zihigan.   Egutegi zabala eta aberatsa, normaltasunera itzultzeko ahalegina eginen duena. Joimo Arantzet dantza-errejenta izan da dantzarien trebatzaile handia.

Atharratze eta Aloze maskaradan elkarturik

Arestian erren bezala, urtarrilaren 16ko igandea iritsi zen, hotza baina ateria, eta eguzkia zeruan. Zuberoako borthüak elurrez beterik ziren. Goizeko 8etan izan zen lehen barrikada kanpo aldeko etxe berrietan, eta jadanik Euskal Herriko bazter guztietatik hurbildutako jendea ikus eta entzun zitekeen. Han, zuberotarrez gain, baziren lapurtarrak, baxenafarrak, bizkaitarrak, gipuzkoarrak, nafartarrak…  Ahoa zabaldu orduko nabaritzen zitzaien nongoak ziren. Ohiko dantza erritualak egin zituzten eta xorrotxek beren bertsoak eman ondoren, denok mahaietara hurbildu ginen, arizaleak lehenik, eta ondoren gainerako guztiak. Han bazen zer jan eta zer edan. Berehala entzun ziren lehen kantuak.

Hona hemen, Dominika Haztoik emanik, aurten Atharratzeko barrikadetan xorrotxek kantatutako bertsetak:

Lehen barrikadan:

Zotal egünak fini / maskaradak abiun

Ihaute sasoa / profeita dezagün

kanpotiar, xiberotar / gaixto edo hun

oroer deiziegü / urte berri hun.

 

Bertset hau zuretako / Junes adixkide

zelü gain gainetik / guri so egiten,

zure kantore ederrez / girade gozatzen,

 gazteek egün zütügü / erremestiatzen.

 

Bigarren barrikada Tito Ardo-saltzailearen biltokiaren aitzinean izan zen. Hirugarren barrikada Xahoren sortetxean izan zen, bertan aterpetzen den Prefosta elkarteko kideek eskainirik.

 

Bigarren barrikadan:

Bertset hau hiretako / oi Tito laguna

urte oroz eskeintzen / ardo beroa,

aitzina jarraik ezak / ümür hunean

hain beikira laket / gaztik hirekilan.

 

Hirugarren barrikadan:

Oraiko neskatilek / trankilki pipatzen,

potiko gazteekilan / gustin arrolatzen,

lotsa ez paliade / herriko aphezen,

laster ikus gintzazke / ostatietan sartzen.

              

Laugarrena Arhanpian. bosgarrena Sorholüzen eta hortxe Dominika Haztoik eta Eugène Errezarretek bertsoz hartu gintuzten. Aipatu bi adiskideak xorrotxak izan ziren 2000. urtean Atharratzek jokatu zituen maskaradetan, eta orduz geroztik, gainerako herriek Atharratzen jokatu dituzten maskaradetan, toki berean egin diete harrera beroa, barrikadaz eta bertsoz. Aurten gauza bera errepikatu dute hogeita bigarren aldiz.

 

Laugarren barrikadan:

Ai zer jente propiak / diren xorrotxak,

azkar, elegant, phestü / kantari lifent hunak, 

neska edo potiko / biak ber ürratsetan,

zuin gorago kantan / zinez laket gira.

 

Bosgarren barrikadan:

Maskaraden txoriak / Sorholüzen dü habia,

dantzari, tabalari, xorrotx / hor beitira nasai,

ahatze gabe ere / andere ta laborarisa

zure uhuretan / gure Dominika.

 

Xorrotx zaharren bertseta:

Ai zer alegrantzia / egün Atharratzen,

gazteria ederra / delarik jüntatzen,

üjantza xaharrak / tützüe berpizten,

suhetatzen deitziegü / profeita dezazüen

 

Eugène Errezarret eta Dominika Haztoi xorrotxak 2000ko maskaradan.

Seigarrena Herriko Etxean eta zazpigarrena herriko plazan. Hortxe kantu eta dantzen artean bukatu zen goizeko saioa.

 

Seigarren barrikadan:

Egün hun deizügü / andere mera zuri,

suhetatzen deiziegü / lüzaz osagarri,

bazterrer beti beha / atenzioneki,

sarri entzünen dira / plazan zunbait berri.

 

Zazpigarren barrikadan:

Agur bero bat züer / atharraztarrak,

ikusten zütiegü / plaza huntan denak,

jinik uhuratzera / üjantxa xaharrak

xorrotxek deitziegü / esker hoberenak.

 

Arratsaldeko 3,30etan, toki berean, hau da, herriko plazan, hasiera eman zioten arratsaldeko joko nagusiari. Arizaleak iritsi zirenerako plaza jendez mukuru zen, hotz handia, baina eguzki ahulak nolabaiteko goxotasuna eskaintzen zigun.  Hortxe izan ginen bi oren eta erdiz, maskaradari adi eta so. Erran behar da, atharraztar eta aloztar gazteek biziki saio ederra jokatu zutela, tradizionala, aldaketa berri handirik gabea, hastapenetik bukaera arte bertan ikusten ari ginen guztiok gatibatu gintuena. Zamalzainaren ferratze jokoa, brailea, hainbat herriri egindako ohiko kritika irringarriak, xorrotxen bertsetak, Pitxuren pitokeriak, godalet dantza ikusgarria, Pitxuren heriotza eta testamentua, arrapiztea, azken kanthorea, amaierako muneinak eta aintzina-pika…., den-dena pasatu zen modu atseginean, urteroko erritualari jarraiki.

Atharratze eta Aloze maskaradan elkarturik
Arizaleak ikusleen artean. Ezkerrean jarririk Niko Etxart.

Arratsaldeko joko nagusian xorrotxek  (Clément Errezarret eta Mathilde Baqué) egin zituzten sartu-irteeretan sei bertset abestu zituzten. Bertset guztiak, bai goizeko barrikadetakoak eta bai arratsaldekoak Dominika Haztoik eginak dira. Horra joko nagusian entzun genituenak:

Goizik jaiki gira / hunat jiteko,

bidia franko lüze / egarritzeko

ükeiten balin badügü / behin edateko,

gero deiziegü / aisa khantatüko.

 

Ihauteko sasuan / maskarada pizten,

xiberotar bihotzak / zinez dira bozten,

zonbait aldiz negüak / bagütü izozten,

züen batzarriak aldiz / gogoa berotzen.

 

Agur jente hunak / ziek arren heben,

gük aldiz ez dakigü / solamente non giren,

Eüskal Herrin girela / deikie erraiten,

nahi ginuke jakin / Atharratze nuntxe den.

 

Besta, besta, besta / egün dezagün besta

ihautian gireno / dezagün profeita,

aski sarri jinen da / Goroxüma lüzea

ordin eginen dügü / barur bijilia.

 

Jauna, anderea / kaute, buhameak,

kestu, laborariak eta / dantzari güziak,

küküillero gazteak / eta gü xorrotxak,

oroen izenean / gure goraintziak.

 

Goizian ohartürik / gure sorlekhia,

pekatü izan zaikü / maskad’egitea,

uhura gitzatzie / eüskaldun gazteria,

laida dezagün beti / Eüskal Herria.

Buhameak eta hartza
Ohiko jende meta
Bukaeran muneinak dantzatzen

Gero plazako bi ostatuak jendez bete ziren, eta hor kantuz eta elestatuz luze aritu ziren jendeak. Maskarada saio ederra Atharratzen jokatu zutena, jokatzeko dituzten gainerako hamaiken aitzindari eta bide-abiatzaile bikaina. Aupa Atharratze-Sorholüze eta aupa Aloze-Ziboze! Biba maskarada!

2022ko urtarrilaren 17an

Atharratze eta Aloze maskaradan elkarturik  Atharratze eta Aloze maskaradan elkarturik  Atharratze eta Aloze maskaradan elkarturik 

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

3 pentsamendu “Atharratze eta Aloze maskaradan elkarturik”-ri buruz

  • Zalantza bat, Joseba: “maskaradan” ala “maskaradetan”. Allande Sokarros zenak esaten zuen beti pluralean erabili beharreko hitza dela: maskaradak, maskaradetan…

  • Joseba Aurkenerena 2022-01-23 10:20

    Aupa Juan Luis, maskarada eta maskaradak erabiltzen dira. Ene ustez, manexok erabiltzen dugu gehien bat singularrean, eta Xiberoan pluralean, horrekin adierazi nahi baitute urte batez, neguko hainbat asteburutan, eginen diren maskarada saioak. Nik ere Junes Casenaveri, Allande Sokarrosi, Jüje Etxebarneri eta beste lagunei pluralean erabiltzen entzun diet.
    Pastoral hitzarekin ere bada saltsa. Batuaz pastoral hitza da, baina Xiberoan pastorala erraiten dute, azken a hori a itsatsia dutelakoan. Gainera, Junes Casenaveri ainitzetan entzun diot idazten direlarik trajeriak direla, eta jokatzen direnean pastoralak.

  • Ados, Joseba. Eskerrik asko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude