Ahuntza, astoa eta emakumea

Ahuntza, astoa eta emakumea

Txalaparta argitaletxeak plazaratutako “Historia de las mujeres de Euskal Herria” irakurri du Amatiñok; itxura denez asko gustatu zaio.

.

Ahuntza, astoa eta emakumea ez ditu inork teman hautsiko*

 (Alegia, kolpeka baino ez dutela jaramonik egingo. Ikerketak dakartzan atsotitzetako bat).
 
Duela bost edo sei mila urte inguru, ehizatan atera behar izan zuen arrak aurkikuntza nabarmen bi egin zituen. Bata, zakilik gabe ez zela amatasunik. Bestea, mundua zabala zela eta lantzean behin etxeratuz gero bertan aurkitzen zuela emea umezain. Bizimodu hura gustatu zitzaion eta ordu arteko historia aldatu zuen. Baita bere gisara kontatu ere.
Ahuntza, astoa eta emakumeaSekulakoa. Sekulako datu-pila eta hausnar-multzoa bildu eta argitaratu dute, elkar-lanean, Ana zein Rosa Iziz Elarre nafar historiagrafo eta etnografo ahizpek: “Historia de las mujeres en Euskal Herria. Prehistoria, romanización y Reino de Navarra”. Ea bostehun orrialdetan barrena, beste horrenbeste bibliografi-iturri estreinako jaso eta aztertu dituzte, “iragan mendeetako euskal emakumeen pentsamendua, egoera, itxaropenak eta beldurrak” laburbilduz.
.
Misoginiak errotik erion izan die kultura greziar-erromatarrari lehenik eta kristautasunari gero. Eta zenbait historialarik (Caro Baroja, Azpiazu…) aginterik eta erabaki-ahalmenik izandako euskal emakumeen kasu gomutagarriak azpimarratu izan dituzten arren, Iziz Elarre ahizpen iritziz, herritar xehearen egoera ordezkatzen ez zuten salbuespen soilak baino ez ziren izan.
.
Paleolitiko aroan zein Neolitikoaren hasieran dezente berdintsuak edo kidetsuak izan omen ziren gizon-emakumeen jokamoldeak eta eginkizunak. Baina Neolitikoaren amaierarekin batera heldu ziren nekazaritza, abelzaintza, jabego pribatua, gudua, oldarra, bikotea, hierarkia eta agintea. Geroztik, arraren nagusitasuna mendez mende arautu eta finkatu zen eta, mendebaldean, Trentoko kontzilioarekin, emakumearen menpekotasuna irmo ezarri eta tinkatu. Nafar Erresuma eta, oro har, Euskal Herria, ez ziren uholde hartatik at geratu.
.
Ikerketak samaldaka eskaintzen ditu datuak, erreferentzia mordo ugaria, emakumea gutxiesten dituzten errefrauak eta hitz-zerrendak, inoiz aurretik aipatu gabekoen protagonismoak eta, izkriburik ezean, han-hemenka sakabanaturik iraun duten edozenbat irudi, eskultura, pintura eta ilustrazioren lekukotasuna.
.
Prehistoria eta erromanizazioa, Erdi Aroko misoginia eta sexualitatea, legeria eta foruak, emakumeen lanbide eta zereginak; sorginak, erlijio katolikoa eta Inkisizioa, ohiturak eta janzkerak…
.
Altxor bat.
Ahuntza, astoa eta emakumea

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.