Asteko zinema estreinaldien errepasoa

Asteko zinema estreinaldien errepasoa

Estreinaldiak: Abuztuak 4

Asteko zinema estreinaldien errepasoa

Egilea: Maialen Goñi

.

Réparer les vivants (Reparar a los vivos)

Etxerako bidean, hiru surflari gaztek istripu bat izango dute, eta Simon hilzorian egongo da. Une berean, Parisko ospitale batean, bihotza trasplantatzeko zain egongo da emakume bat. Thomas Remige transplanteetan adituak, bada, oraindik shock egoeran dauden Simonen gurasoak konbentzitu beharko ditu semearen bihotza beste bizitza bat salbatzeko erabili dezaten. Katell Quillévéré zinegile frantziarraren hirugarren film luzea Veneziako eta Torontoko zinema jaialdietan eskaini zuten iaz, eta Cesar sari frantziarretan egokitutako gidoi onenaren garaikurra eskuratzeko hautagaia izan zen, Maylis de Kerangalen izen bereko eleberrian oinarrituta baitago.

.

Kongens Nei (La decisión del rey)

1940an, soldadu alemaniarrak Osloko hirira iritsi zirenean, Norvegiako erregeak herrialdearen historia aldatuko zuen erabakia hartu behar izan zuen. Erik Poppe zinegile norvegiarraren lanak gertaera errealak ditu oinarrian, eta besteak beste, Jesper Christensen, Anders Baasmo Christiansen, Tuva Novotny eta Juliane Köhler aktoreek hartu dute parte gerra giroko draman.

.

Rückkehr nach Montauk (Regreso a Montauk)

Volker Schlöndorff zinegile alemanaren lan berria, Max Frischen eleberrian oinarritutakoa, Berlingo zinema jaialdiko Sail Ofizialean aurkeztu dute aurten. Filmeko protagonista Max Zorn idazlea da. Arrakasta handiko eleberri bat argitaratu berri du New Yorken, hain zuzen ere, hamazazpi urte lehenago, hiri horretan bertan Rebeccarekin bizi izandako maitasun harreman bati buruzko eleberria. Clara emaztearekin dagoen arren, Rebecca ikustea erabakiko du, bertan bizi baita ordutik. Eta elkarrekin Montaukera joango dira.

.

Atomic Blonde (Atómica)

Charlize Theron Lorraine Broughton espia errukigabearen azalean sartuko da 1989ko Berlinen girotutako akziozko thrillerrean. MI6ko ezkutuko agente bat hilik azalduko da Berlingo harresia eraitsi baino egun batzuk lehenago, eta Broughtonen egitekoa agente hori osatzen ari zen zerrenda topatzea izango da, Ekialdeko Berlinen lan egiten duten ezkutiko agente guztien izenak eskuratzeko. David Leitchek zuzendu du zinta, eta orotariko kritikak jaso dituen arren, tirorik falta ez duela eta ikusleei arnasa hartzeko tarterik ere ematen ez diela azpimarratu dute nazioarteko adituek.

.

Irakurtzen jarraitzeko, sartu Zinea atariko Estreinaldiak atalean!

Asteko zinema estreinaldien errepasoa
Estreinaldiak, zinea, zinea.eus
Zinea.eus

Euskal pantailaren gunea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude