Arte[faktua] 79: Lucía Baskaran, Gorputz madarikatuak, Antxon Narbaiza, Ibon Martin

Arte[faktua] 79: Lucía Baskaran –

Lucía Baskaran idazle zarauztarra izango dugu aste honetako Arte[faktua]-n. Donostiako Ametzagaina parkean elkartuko gara berarekin, Alberdania argitaletxearekin plazaratutako Gorputz madarikatuak eleberriaz hitz egiteko. Lagun batek kontatutako istorio erreal bat izan zuen abiapuntutzat: emakume bati bikotekidea hil zaio, eta, horri aurre egiteko, haren anaiarekin harremanak izaten hasiko da. Hortik aurrera, berari interesatzen zaizkion gaiez hitz egiteko balio izan dio lanak Baskarani, hala nola emakumeen arteko laguntasuna eta emakumeek beren gorputzarekin duten harremana.

Madrilera joan zen Arte Dramatikoa ikastera, nahiz eta han ez zuen topatu espero zuena. Oso gaztea zen erabaki hori hartu zuenean. Konturatu zen berari interesatzen zitzaiona istorioak idaztea zela, eta ez antzeztea. Bartzelonako argitaletxe batean jardun du lanean denboraldi batez, sinopsiak eta beste idazten. Idaztea txikitatik egiten duen zerbait dela esan digu, amak eguneroko bat oparitu zionetik egiten duen zerbait.

Antxon Narbaiza Eibarko Harixe emoten irakurketa klubeko arduraduna gonbidatu du Baskaranek elkarrizketara. Haren irakurle taldean izan zen duela aste batzuk, eta oso gustura sentitu zen bertan. Bien familiek elkar ezagutzen dute, eta Narbaizak poz handia hartu omen zuen Baskaranek liburua atera zuela ikusi zuenean. Oso iritzi ona du eibartarrak liburuaz.

Ibon Martin idazle donostiarra izango dugu saio honetako Artefaktu[egilea] tartean.

Bestalde, Irakurlea atalean, Eñaut Retegi oiartzuarrak Aitaren etxea liburuaren gomendioa egingo digu.

Aste honetako Galdetegia-n, berriz, Pello Otxotekok, Irene Arraratsek eta Alaine Agirrek, astero legez, literaturaren inguruko galdera banari erantzungo diote.

Horretaz gain, Armentia Ikastolako Eukene de los Airesek Garbiñe Ubedaren Mehatxua liburuaz hitz egingo digu Booktuber atalean.

Azkenik, asteroko nobedadeek, pitxiek eta Brönte, Karrikiri, Hitz eta Baionako Elkar liburu-denden gomendioek osatuko dute saioa.

Hau guztia, larunbatean, arratsaldeko 15:00etan, ETB1en.

Arte[faktua] 79: Lucía Baskaran, Gorputz madarikatuak, Antxon Narbaiza, Ibon Martin
Ikusi saioaren aurrerapena hemen

Arte[faktua] 79: Lucía Baskaran, Gorputz madarikatuak, Antxon Narbaiza, Ibon Martin

Arte[faktua] literatur saioa ETBn