Arte[faktua] 77: Irati Elorrieta, Neguko argiak, Ianire de Andres, Yolanda Arrieta

Arte[faktua] 77: Irati Elorrieta –

Irati Elorrieta idazle algortarra da aste honetako Arte[faktua] literatur saioko gonbidatu nagusia. Algortan elkartu gara berarekin, Pamiela argitaletxearekin 2018an kaleratutako eleberriaz hitz egiteko: Neguko argiak. Parisen elkar ezagutu eta Berlinera bizitzera joandako bi emakume euskaldun dira protagonistak. Memoria, adiskidetasuna eta kulturen arteko elkarbizitza dira liburuko ardatzetako batzuk. Hirigintzaz ere jardun du Elorrietak eleberrian, eta Berlin eta Parisko hotsak, usainak… deskribatzen dituelarik. Erreferentzia zinematografiko nahiz musikalak ere nonahi aurki ditzakegu irakurketan. Liburu honi esker, Euskadi Saria irabazi zuen Elorriagak 2019an.

Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi zuen Leioako campusean. Urte batzuetan horrekin lotutako lanak egin bazituen ere, orain irakaslea da. Ikasleek erlijioaren ordez aukeratu dezaketen ikasgai bat ematen du, ikuspegi humanista batetik balioak eta beste jorratzen dituena. Berlinen daramatza azken hogei urteak. Handik Euskal Herriko literaturaren joan-etorriei jarraitzen diela dio. Eta, hona etorritakoan, interesatzen zaizkion liburuak Berlinera eramateko aprobetxatzen omen du.

Ianire de Andres arkitektoa gonbidatu du Elorriagak elkarrizketara. Aldiri. Arkitektura eta abar izeneko arkitektura aldizkari bateko kidea da Ianire, eta, duela hilabete pare bat, Elorriagarekin  harremanetan jarri ziren, bere liburuarekiko interesa zutela eta. De Andresek dioenez, espazioak eta hiriak, liburuan zehar, presentzia handia zuela ikusi zuten, ia beste protagonista baten parekoa. Horregatik, interesgarria iruditu zitzaien euren gaia beste diziplina batetik jorratzea. Kasu honetan, literatura.

Yolanda Arrieta idazlea izango dugu, galdera batzuk erantzunez, aste honetako Artefaktu[egilea] tarteko protagonista.

Bestalde, Irakurlea atalean, Itziar Pilar Alberdi algortarrak Nino Haratischwiliren La octava vida liburuaren gomendioa egingo digu.

Aste honetako Galdetegia-n, berriz, Hasier Larretxeak, Jose Luis Otamendik eta Mariasun Landak, astero legez, literaturaren inguruko galdera banari erantzungo diote.

Horretaz gain, Paueko eta Aturrialdeko Unibertsiteko Laura Etchegarayk, Lorea Etchegarayk eta Iraia Amenabarrek 3 Mariak liburuaz hitz egingo digute Booktuber atalean.

Aste honetatik aurrera, Karrikiri, Hitz eta Baionako Elkarrekin batera, Iruneko Brönte liburu dendak osatuko ditu saio amaierako gomendioak. Eskerrak eman nahi dizkiogu Garoari orain arte gure saioari emandako laguntzagatik.

Hau guztia, larunbatean, arratsaldeko 15:00etan, ETB1en.

Arte[faktua] 77: Irati Elorrieta
Ikusi saioaren aurrerapena hemen

Arte[faktua] 77: Irati Elorrieta

Arte[faktua] literatur saioa ETBn