Arte[faktua] 74: Iñigo Astiz, Analfabetoa, Damaris Pan, Joxean Fernandez

Arte[faktua] 74: Iñigo Astiz –

Iñigo Astiz idazle eta kazetari iruindarra da aste honetako Arte[faktua] literatur saioko gonbidatu nagusia. Erandion, egun bizi den herrian elkartu gara berarekin, besteak beste, Susa argitaletxearekin argitaratutako Analfabetoa poema liburuaz hitz egiteko. Aurrekoan bezala, maitasuna, adiskidetasuna, heriotza eta politika dira liburuko gai nagusiak. Bizitza bera, alegia. Oraingoan, ordea, horretaz gain, igarri arren ulertzen ez ditugun gauzetan jarri nahi izan du arreta.

Erandiotik Barakaldora joaten den Gasolinoan hasiko dugu elkarrizketa. Bertan, bere ibilbideaz nahiz gaur egungo jardueraz solastatuko gara. Berria egunkariko kultur kazetaria da duela hamar urtetik. Azken hilabeteotan, aipatutako poema liburuaz gain, beste lan batzuk ere argitaratu ditu: Xangre izeneko fanzinearen lehenengo alean ipuin bat eta Joemak eta polasak izeneko umeentzako poema liburua, eta, Damaris Pan ilustratzailearekin batera, Sandro Penna poeta italiarraren poesia euskarara ekarri du.

Horrexegatik gonbidatu du Damaris Pan elkarrizketara. EHUko irakaslea da, non, bere esanetan, gauza oso teknikoak nahiz irizpide propioa eraikitzen laguntzen dien ikasleei. Esan bezala, Astizek euskaratutako Sandro Pennaren poema bilduma ilustratu du Damarisek. Azken honek, italiarraren poesia ezagutu, eta mezu bat bidali omen zion Astizi, nafarrak hura itzultzen urteak zeramatzala jakin gabe. Horrela sortu zen liburua sortzeko ideia.

Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiako zuzendariak bere liburu kutunen berri emango digu aste honetako Apalat[egia] tartean.

Bestalde, irakurlearen atalean, Tabakalerako Ubik Sorkuntza Liburutegiko Leire Mitxelenak Digital Apollo liburuaren gomendioa egingo digu.

Aste honetako Galdetegia-n, berriz, Kattalin Minerrek, Unai Elorriagak eta Laura Uruburuk, astero legez, literaturaren inguruko galdera banari erantzungo diote.

Gainera, Herri txiki, infernu handi saioko aurkezle Zuhaitz Gurrutxagak Inesaren balada liburua gomendatuko digu Booktuber atalean.

Azkenik, asteroko nobedadeek, pitxiek eta Garoa, Karrikiri, Hitz eta Baionako Elkar liburu-denden gomendioek osatuko dute saioa.

Hori guztia, larunbatean, arratsaldeko 15:00etan, ETB1en.

Arte[faktua] 74: Iñigo Astiz, Analfabetoa, Damaris Pan, Joxean Fernandez
Ikusi saioaren aurrerapena hemen

Arte[faktua] 74: Iñigo Astiz, Analfabetoa, Damaris Pan, Joxean Fernandez

Arte[faktua] literatur saioa ETBn