Arte[faktua] 73: Laura Uruburu, Katigatu ninduzun librea nintzena, Onintza Enbeita, Bea Salaberri

Arte[faktua] 73: Laura Uruburu –

Laura Uruburu idazle eta filologo bizkaitarra da aste honetako Arte[faktua] saioko gonbidatu nagusia. Gernikan, bere sorterrian elkartu gara Labayru Fundazioaren eskutik argitaratutako eleberriaz hitz egiteko: Katigatu ninduzun librea nintzena. Zoritxar bat bizi izan duen emakume bat da liburuko protagonista. Bertan, orain arte horren demoniatuta egon diren emakumeen ahotsa, desira eta plazera islatu nahi izan ditu, haien ahalduntzea helburutzat jarririk.

Egun, Gernikako Berritzeguneko zuzendaria da Uruburu. Bertan, Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak kudeatuta, ikastetxeetako irakasleentzako aholkularitza, berrikuntza eta prestakuntza eskaintzen dute. Idaztea denbora librean egiten duen ariketa da, nahiz eta nahi bezain beste egiten ez duen. Bere hitzetan, ikasle ona izan zen Uruburu. Irakasle izandakoa ere bada, hala nola Onintza Enbeita bertsolaria izan zuen ikasle.

Horrexegatik gonbidatu du Onintza Enbeita elkarrizketara. Uruburu irakaskuntzan hasi berria zen bertsolari muxikarraren andereño izan zenean. Urte haien oroitzapen oso onak dituela esan digu Enbeitak. Hiru urtetik zortzi urtera egon zen berarekin. Inguruko eskolek zituzten pedagogia metodoekin alderatuz, beraiek beste planeta batean omen zeuden. Bere esanetan, askoz ere libreago ziren.

Bea Salaberri idazle baxenabartarra izango dugu aste honetako Artefaktu[egilea] ataleko protagonista.

Bestalde, irakurlearen atalean, Lasarteko Orbela ekodendako Pilar Garcíak Michael Brownen El proceso de la presencia liburuaren gomendioa egingo digu.

Aste honetako Galdetegia-n, berriz, Goiatz Labandibarrek, Fito Rodriguezek eta Amagoia Gurrutxagak astero legez, literaturaren inguruko galdera banari erantzungo diote.

Gainera, Gasteizko Armentia Ikastolako Irati Kosorok Bat, bi Manchester liburua gomendatuko digu Booktuber atalean.

Azkenik, asteroko nobedadeek, pitxiek eta Garoa, Karrikiri, Hitz eta Baionako Elkar liburu-denden gomendioek osatuko dute saioa.

Hori guztia, larunbatean, arratsaldeko 15:00etan, ETB1en.

Arte[faktua] 73: Laura Uruburu, Katigatu ninduzun librea nintzena, Onintza Enbeita, Bea Salaberri
Ikusi saioaren arrerapena hemen
Arte[faktua] 73: Laura Uruburu, Katigatu ninduzun librea nintzena, Onintza Enbeita, Bea Salaberri

Arte[faktua] literatur saioa ETBn