Arte[faktua] 70: Unai Elorriaga, Iturria, Josu Larrañaga, José Luis Padrón

Arte[faktua] 70: Unai Elorriaga –

Unai Elorriaga idazle, irakasle eta itzultzailea da aste honetako Arte[faktua] literatur saioko gonbidatu nagusia. Algortan elkartu gara berarekin, Susa argitaletxearekin kaleratutako liburuaz hitz egiteko: Iturria. Ipuinez osaturiko eleberria da Elorriagaren seigarren hau. Bere hitzetan, eleberriz mozorrotutako ipuin bilduma bat da. Halere, alde horretatik, irakurlearen esku uzten du obraren definizioa.

Deustuko Unibertsitatean, Filosofia eta Letretako lizentzia eskuratu zuen, Euskal Filologia espezialitatean. Geroztik, hizkuntza eta literatura irakasle, zuzentzaile, itzultzaile eta ikertzaile lanetan aritu da. Gaur egun, Leioako Barandiaran institutuan dabil, euskara eta literaturako eskolak ematen. Bestalde, hainbat literatura sari jaso ditu algortarrak; besteak beste, 2015eko Espainiako Kritika Saria, Iazko hezurrak eleberriari esker.

Josu Larrañaga hizkuntzalari eta etnografoa gonbidatu du Elorriagak elkarrizketara. Aspaldiko lagunak dira biak. Unibertsitate garaian horrenbesteko harremanik izan ez zuten arren, Labayru ikastegian elkarrekin lan egin zuten, eta orduan tinkotu zen laguntasuna. Larrañagaren ustetan, liburu hau Unai Elorriagaren orain arteko ibilbidearen muina da, bertan erabilitako hainbat baliabiderengatik. Adibidez, adineko pertsonen presentzia.

Aste honetako Artefaktu[egilea] tartean, Jose Luis Padron Euskadi Irratiko esataria izango dugu protagonista.

Bestalde, irakurlearen tartean, Enara Iratzagorriak Nerea Baldaren Atzerrian liburuaren gomendioa egingo digu.

Aste honetako Galdetegia-n, berriz, Fito Rodriguezek, Jose Luis Otamendik eta Adur Larreak, astero legez, literaturaren inguruko galdera banari erantzungo diote.

Gainera, Etxarri Aranazko irakurle taldeko Edurne Razkinek Philippe Claudelen Linh jaunaren biloba liburua gomendatuko digu Booktuber atalean.

Azkenik, asteroko nobedadeek, pitxiek eta, Garoa, Karrikiri, Hitz eta Baionako Elkar liburu-denden gomendioek osatuko dute saioa.

Hau guztia, larunbatean, arratsaldeko 15:00etan, ETB1en.

Arte[faktua] 70: Unai Elorriaga, Iturria, Josu Larrañaga, José Luis Padrón
Ikusi saioaren aurrerapena hemen
Arte[faktua] 70: Unai Elorriaga, Iturria, Josu Larrañaga, José Luis Padrón

Arte[faktua] literatur saioa ETBn