Arte[faktua] 66: Jose Luis Otamendi, Disoluzio agiriak, Amagoia Gurrutxaga, Jon Iruretagoiena

Arte[faktua] 66: Jose Luis Otamendi –

Jose Luis Otamendi poeta azpeitiarra da Arte[faktua] literatur saioko aste honetako gonbidatu nagusia. Azpeitian, bere sorterrian elkartu gara berarekin, Susa argitaletxearekin plazaratutako poema liburuaz hitz egiteko: Disoluzio agiriak. Zazpi kapitulutan banatu du liburua: hasierakoan eta amaierakoan 7 poema daude, eta besteetan, berriz, bost.

Bizi ditugun garai aldakorrek sortutako galderak agerian jarri nahi izan ditu Otamendik bere azken lan honetan. Ezagutu dugun mundua urtzen ari dela dio, garai likido bihurtzen, desegiten. Eta une honek, herri honek, beste poesia molde bat behar duela.

Amagoia Gurrutxaga Berria egunkariko kazetaria gonbidatu du Otamendik saiora. Azken honen hitzetan, aspalditik mamitutako laguntasun eta konplizitatea dute. Duela hogeita hamar urte baino gehiago bere irakaslea izandakoa da, gainera. Idazle eta kazetari gisa, interes oso handiz jarraitzen omen dio haren lanari. Bestalde, bere literatur zaletasunaren parte handi bat Otamendiri zor diola esan digu Gurrutxagak.

Jon Iruretagoiena Donostiarra Kaiarriba Elkarteko arraunlariak bere liburu kuttunen berri emango digu aste honetako Apalat[egia]-n.

Irakurlea-ren tartean, berriz, Jon Zufiaurrek Ignacio Abella idazlearen La memoria del bosque liburuaren gomendioa egingo du.

Bestalde, Galdetegia-n, Gotzon Hermosilla, Kattalin Miner eta Iban Zaldua idazleek literaturaren inguruko galdera bana erantzungo digute.

Azkenik, aste honetako Booktuber-en atalean, Armentia Ikastolako Ander Cruz booktuberrak Pijama marradunaz jantzitako mutikoa liburuaren aipamena egingo digu.

Horrek guztiak eta asteroko nobedadeek, pitxiek eta Garoa, Karrikiri, Hitz eta Baionako Elkar liburu-denden gomendioek osatuko dute saioa.

Hori guztia, larunbatean, 15:00etan, ETB1en.

Ikusi saioaren aurrerapena hemen

eitb.eus/artefaktua/bideoak

Logotipo EITB Ikonoa

Arte[faktua] 66: Jose Luis Otamendi, Disoluzio agiriak, Amagoia Gurrutxaga, Jon Iruretagoiena

Arte[faktua] literatur saioa ETBn