Arte[faktua] 40: Mariasun Landa ‘Txikiaren handitasuna literaturan’, Asun Agiriano, Joseina Etxeberria

Arte[faktua] 40: Mariasun Landa –

Euskarazko Haur eta Gazte literaturan izen handienetakoa den Mariasun Landa idazlea da aste honetako Arte[faktua]ko gonbidatu nagusia. “Txikiaren handitasuna literaturan” liburua plazaratu berri du. Urteetan zehar emandako hitzaldi, ponentzia, artikulu eta saiakera batzuk bildu ditu 22 testutan. Gogoetagai nagusiak feminismoa eta sexismoa, irakurketa literarioa, idazketa eta haur eta gazte literatura dira.

Errenteriarra 19 urterekin Parisera joan zen eta han egin zituen Filosofia ikasketak. Handik bueltan euskara ikasi eta  Zarautzen hasi zen eskolak ematen. 82an plazaratu zuen lehen ipuina. Geroztik 40 bat idatzi eta sari ugari jaso ditu eta bere obra 14 hizkuntzatara itzuli da. Jakiundeko kide da eta 25 urtez Unibertsitatean irakasle lanetan aritu da.

Landak Asun Agiriano gonbidatu du. Agiriano Filosofian lizentziaduna da eta Bartzelonako UAB Unibertsitatean Haur eta Gazte Literaturako Masterra egina du. 1991z geroztik, Arrasateko Udal bibliotekan irakurketa sustatzen eta bibliotekari lanetan dihardu. Galtzagorri elkartearen sortzaileetakoa da eta Behinola aldizkariaren erredakzio-batzordeko kide.

Irakurlearen tartean, Arantza Urkia Donostia Kulturako Liburutegi Zerbitzuaren zuzendariak Ramon Saizarbitoriaren “Egunero hasten delako” liburuaren aipamena egingo du. Hain zuzen ere, aurten bete dira 50 urte liburua argitaratu zela.

Galdetegian Juan Kruz Igerabide, Eneko Bidegain eta Gotzon Hermosilla idazleek euren liburu kuttunen berri emango dute. Gauza bera egingo du Joseina Etxeberria Euskadi Irratiko esatariak Apalategia izeneko tartean.

Oiartzungo Elizalde Eskolako Malen, Ariane eta Nahia ikasleek, Asun Balzolaren “Indiana Jonesen zamarra” liburua gaitzat hartuta egingo dute aste honetako booktubea.

Horrez guztiaz gain, asteroko nobedadeek, pitxiek, liburu-denden gomendioek eta abarrek osatuko dute saioa.

Hau guztia, larunbatean, 15:00etan, ETB1en.

Arte[faktua] 40: Mariasun Landa

Arte[faktua] 40: Mariasun Landa

Arte[faktua] literatur saioa ETBn