Arte[faktua] 144: ‘Sotoan gordeak’, mahastietako gelditasunean eta bakean ezkutatutako istorio beltza

Arte[faktua] 144: ‘Sotoan gordeak’, Miren Gorrotxategi – 

Azpeitiko Miren Gorrotxategi idazle eta irakaslearekin elkartu da Artefaktua Loiolako Santutegian. ‘Sotoan gordeak’ eleberri beltza plazaratu du Txalaparta argitaletxearen eskutik, Baztango udaletxeak eta (H)ilbeltza elkarteak eskainitako bekaren garaipena lortuta.

Nafarroako Viana herrian kokatuta dagoen mahasti eta ardo-upategi batean kokatu du eleberri honetako trama beltza egileak, Arduy familiaren ardandegian. Narrazioa hiru denbora-lerrotan egin du Gorrotxategik: 1989, 2009 eta 2019an, eta beraz, atzera eta aurrera ibiliko da irakurlea korapiloa askatuko duen momentura arte. Gorrotxategiren bigarren eleberri honetan emakumezko pertsonaiek daramate tramaren pisurik handiena, zalantzarik gabe. Egilearen lehen liburuan, aldiz, 33 ezkil nobelan, kontrara zen: hasiera batean behintzat, gizonezkoak ziren ahotsa zeramatena. Genero beltzak eskatzen dituen elementu guztiek osatzen dute liburua, eta egileak jakin izan du amuak non jarri irakurlea harrapatuta edukitzeko.

Gorrotxategik Laxaro Azkune gonbidatu du saiora. Gazte gaztetatik, idazten hasi zenean, ondoan izan duelako beti, eta bera izanik idatziak irakurtzen dituen lehenetarikoa, oso estimuan du bere osabaren iritzia. Gainera, Azkunerena da ’33 ezkil’ liburuaren abiapuntua, hasierako burezurra bere aurkikuntza izan baitzen. Azkune itzultzailea izan da, irakaslea, bertsolaritzan lan handia egindakoa, idazlea, eta batez ere, Loiolako Herri Irratiko esataria. Biak ala biak lotura zuzena dute, beraz, Loiolako Santutegi honetan kokatuta zegoen Herri Irratiarekin.

Gentz del Valle artista nafarraren apalategia ezagutzeko aukera ere izango dugu. Horretarako, Iruñeko Nafarroako Museora gerturatu gara, Basati/Salvaje/Wild erakusketaren kokagunera.

Angel Bidaurrazagaren eskutik iritsiko da aste honetako liburuaren gomendioa. Ekaitz Goienetxearen ‘Zaldi mamarroa’ liburua aukeratu du horretako.

Booktubea, aldiz, Todor Azurtzak egina da. Azurtza Boiseko Bertso Eskolako sustatzailea da, eta aukeratu duen liburua Uxue Alberdiren ‘Kontrako eztarritik’.

Hau guztia, saioa osatzen duten beste atalekin batera, larunbatean, arratsaldeko 12:55ean, ETB1en.

Miren Gorrotxategi - Arte[faktua] 144: ‘Sotoan gordeak’, Miren Gorrotxategi

Arte[faktua] 144: ‘Sotoan gordeak’, Miren Gorrotxategi  

Arte[faktua] literatur saioa ETBn