Arte[faktua] 139: Beatriz Fernandez hizkuntzalaria, ‘Hizkuntza gogoan’ dibulgazio-liburuaz

Arte[faktua] 139: Beatriz Fernandez hizkuntzalaria ‘Hizkuntza gogoan’  –

Beatriz Fernandez idazle bizkaitarra elkarrizketatuko du Yolanda Mendiolak aste honetako ‘Artefaktua’n. Fernandez EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Saileko irakasle titularra da, hizkuntzalaria, ikerlaria eta idazlea. Dibulgazio generoa da Fernandezek landu duena, eta horren barruan ‘Hizkuntza gogoan’ izenburua daramana da plazaratu duen azkena Erein argitaletxearekin. Galderak egitea du gogoko egileak, eta hainbat dira liburu honetan jorratuko dituenak hizkuntza zer den irakurleari azaltzeko asmoz; literatura eta zientziaren bidetik beti ere. Horretaz guztiaz hitz egiteko Gasteizko Letren fakultatean izango da saioa idazlearekin.

Miren Arantzeta hizkuntza patologietan aditua, ikertzaile doktorea da Fernandezek aukeratu duen gonbidatua saioan parte hartzeko. Arantzetak BBVA Fundazioak ikerketarako ematen duen Leonardo beka irabazi berri du ‘Hizkuntza eta elebitasuna zahartze osasungarrian: hiztegiaren biltegiratze mentalari buruzko azterlana’ proiektuarekin. Saioan hizkuntzaren patologiei buruz arituko dira, baita zahartzearen eraginez hizkuntzan sortzen diren ondorioez ere.

Bestalde, Laura Mintegi izango da aste honetako ‘arte egileak’ ataleko protagonista. Mintegi, irakaslea da EHUn eta idazlea. Saiakera, narrazio eta batez ere eleberriak dira idatzi dituenak; idazteak sortzen dizkion maniei eta pozei buruz arituko da gurekin.

Donostiako Okendo liburutegiko liburu zaina den Elena Aristondok Isabela Figueiredo Mozambikeko idazlearen ‘Cuaderno de memorias coloniales’ (Libros del Asteroide), liburuaren gomendioa eskainiko du.

Abian den Durangoko Azokari keinua eginez beteko dugu saioa, ohikoak diren beste atalekin batera.

Hori guztia, larunbatean, arratsaldeko 12:55ean, ETB1en.

Arte[faktua] 139: Beatriz Fernandez hizkuntzalaria, ‘Hizkuntza gogoan’ dibulgazio-liburuaz

Arte[faktua] literatur saioa ETBn