Arte[faktua] 117: Fernando Rey editore eta itzultzailea, aste honetako protagonista

Arte[faktua] 117: Fernando Rey –

Fernando Rey editore eta itzultzailea izango da aste honetako ‘Artefaktua’n gonbidatu nagusia. Joseba Sarrionandiaren Habanako gaukaria (Pamiela) trilogiako azken bi aleen edizio lanak egin ditu, beraz, lan hori izango dute hizpide Reyk eta Yolanda Mendiolak, besteak beste. Sherlock Holmsen abenturen bi ale izan ziren bere lehen itzulpenak, eta ordutik, 65 liburu itzuli ditu 23 urteko ibilbidean. 2007an Itzulpengintzako Euskadi Literatur saria irabazi zuen Tabucciren Pereirak dioenez liburuagatik.

Xabier Olarra idazle eta itzultzailea batuko da elkarrizketara saioaren erdialdean. Aspaldiko lagunak dira Rey eta Olarra, baita elkarrekin lan asko burututakoak ere. Sarrionandiaren lanaz duten iritziaz arituko dira.

Aste honetan, Letren bidaia atalean, ‘Sarrionandiaren zubia’ izeneko erreportajea eskainiko dugu. Bertan, Joxemari Iturralde, Eider Rodriguez eta Beñat Sarasola idazleekin hitz egingo dugu trilogiaren amaierak Sarrionandiaren bizitzan eta literaturan sorraraziko duen fase berriaz.

Bestalde, Asier LI musikari eta idazlearen Apalategia ezagutzeko aukera izango dugu. Zein da, bere iritziz, musikaltasuna darion liburua? Eta orain esku artean duena?

Horretaz gain, Oihana Esnaola debarrak Nicolas Antona eta Nina Jacqminen Elefantearen tristura liburua gomendatuko digu, Debako portutik.

Hau guztia, eta saioa osatzen duten Galdetegia, pitxiak, nobedadeak eta liburu-denden gomendioak, larunbatean, arratsaldeko 12:50ean, ETB1en.

Arte[faktua] 117: Fernando Rey editorea, aste honetako protagonista
Ikusi elkarrizketaren aurrerapena hemen
Arte[faktua] 117: Fernando Rey editorea, aste honetako protagonista

Arte[faktua] literatur saioa ETBn