Arte[faktua] 115: Maialen Berasategi itzultzailea, aste honetako ‘Artefaktua’n

Arte[faktua] 115: Maialen Berasategi  ‘Artefaktua’ –

Maialen Berasategi itzultzaile eta zuzentzailea izango da larunbat honetako gonbidatu nagusia ‘Artefaktua’n. Adrianne Rich idazle estatubatuarraren saiakera bat euskaratu du, Txalaparta argitaletxearen eskutik: ‘Emakumeagandik jaioak. Amatasuna esperientzia eta instituzio gisa’. Rich-ek, bere esperientzia eta ezagutza pertsonaletik abiatuta, amatasunak historian zehar izandako bilakaera aztertzen du bertan. Hernaniko Ereñozu auzoko Iturralde jatetxean elkartuko dira Berasategi eta Yolanda Mendiola.

Saioaren erdialdera, Irene Arrarats itzultzaile hernaniarra batuko da elkarrizketara. Joan den denboraldian, Arraratsek, Simone de Beauvoir-en ‘Bigarren sexua’ itzuli berri zuenean, Berasategi gonbidatu zuen saiora. Alderantziz gertatuko da oraingoan. Amatasunaz eta gai horretan bi autoreek duten iritzi ezberdinaz arituko dira, besteak beste.

Aste honetan, Arte saltzaileak atalean, Elgoibarko Pitxintxu liburu eta opari-dendan izango gara bertako Izaskun eta Mari Joserekin, dendaren historiaren, anekdoten eta abarren berri jakiteko. Bestalde, Ainara Maia idazle irundarra gehiago ezagutzeko aukera izango dugu Arte egileak tartearen bitartez. Horretaz gain, Josu Aizpuru Martínez de Marigorta Galtzagorriko 2020ko Booktuberboom lehiaketako parte-hartzaileak Uxue Alberdiren ‘Aulki jokoa’ gomendatuko digu.

Hau guztia, eta saioa osatzen duten Galdetegia, pitxiak, nobedadeak eta liburu-denden gomendioak, larunbatean, arratsaldeko 12:50ean, ETB1en. Aste honetan, gainera, martxoaren 8ari omen eginez, saioan agertuko diren sortzaile eta liburu guztiak emakumezkoak eta emakumezkoenak izango dira.

Arte[faktua] 115: Maialen Berasategi itzultzailea, aste honetako 'Artefaktua'n

Ikusi solasaldiaren aurrerapena hemen

Arte[faktua] 115: Maialen Berasategi itzultzailea, aste honetako ‘Artefaktua’n

Arte[faktua] literatur saioa ETBn