Arrasateko txalaparta festa, Arbolapetako zuhaitzaren hotsarekin

Arrasateko txalaparta festa, Arbolapetako zuhaitzaren hotsarekin

2014ko urriaren 29an bota zuten 114 urtetan Arbolapetan izan zen gaztainondoa. Ttakun txalaparta taldeko kideek, baina, modu baten esanda, bizirik mantenduko dute, txalaparta egin dute-eta gaztainondo maitatuaren enborrarekin. Zapatuan egingo duten Txalaparta Festan aurkeztuko dute.

Bezperako egunetan herritar asko elkartu ziren Arrasateko ikurretako bat izan zen zuhaitza agurtzeko. Ttakun taldeko kideak ere han ziren; zuhaitzaren alboan kokatu zuten txalapartan gainera, enborreanĀ  ere astindu zituzten makilak. “Zuhaitzaren enborrean ttakunak egiten ari ginela otu zitzaion Gorka Zubizarreta taldekideari akaso aukera egon zitekeela Arbolapetako zuhaitz maitearen zati batzuekin txalaparta bat egiteko. Baimena eskatu genuen eta baiezkoa eman ziguten”, azaldu du Kike Dapenak, Arrasateko Ttakun taldeko kideak.

Zapatuan, Txalaparta Festa egingo dute eta orduan erakutsiko dute txalaparta berria herritarren aurrean. Eguerdian, txalaparta nola egin duten azalduko dute Ttakunekoek Herriko Plazan egingo duten tailerrean; iluntzean, berriz, txalaparta berriaren soinuaz gozatzeko aukera izango da Arbolapetako zuhaitz berriaren ondoan.

Txalaparta egiteko prozesua

Gaztainondoa bota zuten goizean Arbolapetan ziren Ttakun taldeko Unai Langaran eta Kike Dapena. “Udaleko teknikariek adarrak moztu ahala aukeratu genituen enbor zatiak. Handik zerrategira eraman genituen ohol forman mozteko, eta gure egoitzan sikatu genituen gero”, azaldu du Unai Langaranek.

Gustura daude emaitzarekin; soinu bizia duela diote eta, duda barik, hunkigarria dela egur bereziaren gainean jotzea.

Askotariko herrietatik

Aurreko edizioetako egitura jarraituta egun osoko jaia antolatu dute, eta beste hainbat herritako taldeak gonbidatu dituzte. Casino elkartean bazkalduko dute elkarrekin eta txartelak Herriko Plazan salduko dituzte 10 eurotan.

 

Testuaren jatorria: http://goiena.eus

Arrasateko txalaparta festa, Arbolapetako zuhaitzaren hotsarekin

Arrasateko txalaparta festa, Arbolapetako zuhaitzaren hotsarekin