Euskara-islandiera hiztegia eta balezaleen triskantza

Euskara-islandiera hiztegia eta balezaleen triskantza –

Balearen eta bakailaoaren  atzetik abiatuta gure arrantzaleak Irlanda, Islandia eta Groenlandiako itsasertzetara hurbildu ziren. Noiztik zebiltzan hango itsasoetan zaila zehaztea bada ere, badirudi oso garai zaharretatik egiten zutela. Alabaina, euskal baleazaleen presentziaz mintzatzen zaigun lehen idazkia 1604. urtekoa da.

Idatziriko arrasto gehiago badaude, baina denak berantiarragoak dira. Badirudi, gero Ternuan eta San Lorentzon gertatuko den bezala, lurralde hauetan ere, merkataritzako harremanak errazteko asmoz, tarteko hizkera bat sortu zela, euskara eta bertako mintzairak nahasiz. Esandakoaren lekuko daukagu  Dicolas Gerardus Hondricus Deen-ek Amsterdanen argitatu duen  1637an dataturik diren bi latinezko glosarioen barruan erantsitako “Euskara-Islandera” izeneko hiztegia. Lehen glosarioan 517 hitz alderatzen dira eta bigarrenean 228. Euskarazko hitzak lapurteraz daudenez, bertan aipatzen diguten Islandiako Vestifirdin izeneko kostaldean erruz zebiltzan euskal arrantzaleak Donibane Lohizune edo Ziburu aldekoak zirela ondoriozta daiteke. Hiztegiaz gain euskal gramatikari buruzko zehaztasunak ematen dituzte: euskal mugatzailearen berezitasunak, diptongoak, infinitiboa, kontsonante taldeak, soinu konposatuak… eta abar. Aipatzekoa da ere, hiztegian azaldutako hitz gehienak estu loturik daudela merkataritzarekin. Ikus ditzagun hauetako batzuk: 

Lapurtera zaharra / islandiera / euskara batua:

 

gisona  / madur / gizona  // emastia / kona / emaztea 

harra  /  bara  / haurra  //  eskonduba  / hion  / ezkondua

uncia  / skip  / itsasontzi  //  pilotuba  /  styremadur  / pilotua, lemazaina

laguna  / skispsfolk  / laguna  //  ogia  / braud / ogia

arnaua   / vyn  / ardoa  //   ura  / vatn / ura

esnia  /  miolk  / esnea  //  balia / hoalfishur  / balea

billara  / tobach / tabakoa   //  elisa /  kyrkia / eliza

galsa  /  buxur / galtza, praka  //  galsa barnicua  / nabuxur /   galtza-barnekoa

orassia  / kambur /  orrazia  //  debossiunia  / lestrakbok  / meza liburua,       

januna  / oflata /  hostia, jaunona // enia  / perfur pu pab / nirea, enea

ilia /  har / ilea  //  begigia  / augu  / begia

sudurra / nef  / sudurra  // koccotsa  / haka / kokotsa

leppua  / hals  / lepoa  // bisarra /   skego / bizarra

bularra / binga / bularra // sabilla /  mage  / sabela

sorbalda  / oxl  / sorbalda // biscarra  / brigurr / bizkarra

escomuturra  / vlflidur / eskumuturra 

miralia  / stor speigell / miraila, ispilua // escuba  / hond / eskua

hartsa / biarndyr  / hartza  //  arasaldia  /  kvolld / arratsaldea         

bigiar / a morgun  / bihar  //  sacurra  / selur / itsas-txakurra, foka

arensuria  / hakal  / marrazoa //  parruca  / pirrich  / ileordea

sapardalaco  /  snoppungur / zaplastakoa.   

Eta salerosketak errazteko, bigarren glosarioan euskal zenbakien sistema azaltzen dute: bat, bigia, hyru, laur, borts, sei, saspir, sorci, bedheraci, hamar, hameica, hamavi, hamayru, hamalaur, hamaborts… hogoi….

Bada bestalde, oso gertakizun gogorra kontatzen digun 1615eko islandiar idazkia. Badirudi urte hartan hiru baleontzi gipuzkoar Islandiako itsasertzetara iritsi zirela. Lehendabizi bi nao iritsi ziren, lehenengoan kapitaina Pedro Agirre izenekoa zen eta bigarrenean Esteban Telleria.

Hiru egun beranduago, aurreko biak baino askoz handiagoa zen hirugarren itsasontzia iritsi zen. Bertako kapitaina Martin de Villafranca donostiarra zen. Osora 85 itsasgizon ziren. Hiru ontziek lehorretik oso gertu ainguratu zuten, eta bertatik, arpoiak jaurtiz,  hurbil zeuzkaten baleak ehizatzen aritu ziren.

Inguruetako kostaldetik islandiar franko izaten zen euskaldunen arrantzari begira. Behin, hamaika balea harrapatu omen zituzten eta beste hainbeste zauritu. Harrapatu ondoren lehorrera eramaten zituzten txikitzera eta zatikatzera, eta nahiz eta Reyk Jafjördur eskualdeko gobernadoreak guztiz debekaturik eduki, euskaldunek bertako biztanleei balearen koipea saltzen zieten. Garai haiek zail samarrak ziren euskal baleazaleentzat, daniarrak, holandesak, ingelesak eta frantsesak balearen arrantzan hasiak baitziren, ordura arte gure arbasoen monopolioa izandakoa arriskuan jarriz.

Islandiaren jabe ziren  daniarrek urte haietatik aurrera uharteko kostaldean balearen arrantzan aritzeko baimenak kendu zizkieten euskal arrantzaleei. Horretarako Danimarkako errege zen Christian IV.ak bere erret agindu batean, euskaldunen kontrako zenbait argudio plazaratu zituen, haren ustez gure arbasoen jokaera ez baitzen beti baketsua izaten, eta gaineratu zuenez oso gustu txarreko txantxak egiten omen zizkieten bertako biztanleei.

Islandiako daniar gobernadoreak hiru itsasontzi gipuzkoarren berri izan zuenean, beraien kontrako ekintzak agindu zizkion irlako arduradun nagusia zen Ari Magnusson-i. Hala eta guztiz ere, 1615.eko uda inolako istilurik gabe iragan zen. Irailaren 13an bukatu egin zituzten azkeneko lanak eta itsasoratu egin ziren kontuak argitzeko asmotan. Hurrengo egunean, Martin kapitaina, zenbait marinelekin batera, handik hurbil zegoen Arnes herrirantz abiatu zen. Bertako apaiz luteranoa zorretan zegoen euskaldunekin hauek emandako baleki puska handi batengatik, eta berarengana joan ziren zorra kita zezan. Trukean ardi batzuk eskatu zizkioten. Apaizak bere zorra ukatu zuen eta ez zien sosik ordaindu nahi izan. Eztabaidaren erdian marinel euskaldun batek soka bat ezarri omen zion lepoaren inguruan, eta ondorioz, apaiz luteranoak zezen bat eta txekor eder bat eskaini zizkien ordain gisa.

Gau hartan gertatu zena ikaragarria izan zen. Ekaitz handi batek Martin eta Pedroren ontziak lotzen zituzten ainguren sokak hautsi egin zituen eta ondorioz, bi naoak txikitu egin ziren inguruan zeuden izozmendi ugariekin talka eginez. Bitartean, Arneseko apaizak bertako agintariena jo zuen eta hauek, gehiegi pentsatu gabe armada koskor bat bidali zuten euskaldunen aurka, gobernadore bera buru zelarik. Urriaren 13an, ostirala, euskaldunak Aedey-ko eskualdean, ontziren bat edo beste erosten ahalegintzen ziren bitartean, gobernadoreak eta bere gizonek erasotzeari ekin zioten. Euskal baleazaleak lo zeudela erail zituzten, eta sarraski hartatik bakar bakarrik salbatu ziren aldameneko baserri batean lotan zeuden Martin de Villafranca kapitaina eta bere gizonak.

Baserria inguratu zutenean Martin kapitaina irten zen bakarrik eta barkazioa eskatu zien islandiarrei, baita daniar gobernadoreak berehala onartu ere. Baina Martinek, gobernadorearen hitzetan sinistuz, bere zizpoleta eman zien momentu berean, daniar soldadu batek sekulako aizkorakada eman zion lepoan. Martin kapitainak, hilzorian zegoela, alde egin ahal izan zuen burua itsasora botaz, orduan islandiarrak harrika hasi omen zitzaizkion eta hil egin zuten. Gero, euskaldun marinelak babesten ziren baserriari eraso egin zioten eta banan-banan denak hil zituzten. Gorpuak itsaso aurreko harkaitzetara eraman eta biluztu ondoren, sabela ireki zieten. Ondoren, hilotz guztiak elkarrekin lotu eta itsasora bota zituzten.

Bakarrik zenbait jarduera berezitan ari ziren zenbait euskaldun salbatu ziren sarraski hartatik, eta hurrengo urtean, 1616an, hain zuzen ere, ihes egin zuten Islandiatik Euskal Herri aldera ingeles ontzi batean.

Euskara-islandiera hiztegia eta balezaleen triskantza
Euskara-islandiera hiztegia eta balezaleen triskantza
Euskara-islandiera hiztegia eta balezaleen triskantza
Euskara-islandiera hiztegia eta balezaleen triskantza

Euskaltzalea eta irakasle-ohia