Argia ikusi dut, Zabalaga baserrira sartu nahian.

Gozo zegoen goiza atzo, zeru urdinean odei gutxi batzuk zeruari zertzelada zuriak emateko eta hego haize ukitu bat eguna goxatzeko. Paperetan irakurri eta irratietan entzuna dudanez, Chillida Lekura joateko azken parada izan nezakeen atzokoa eta beraz gogoak irekita neuzkala abiatu nintzen Hernanirat.

Burdina eta belarraz paso egin eta Zabalagara hurbildu nintzen.

Argia ikusi dut, Zabalaga baserrira sartu nahian

(goiko ezkerreko erpinean KLIK gin, neurriak axola du eta)

Jendea zebilen Zabalaga baserri ederraren atetik barrura eta barrutik atera; ez etengabe, baina bai jario geldo batean. Noizean behin butxadura txikiak sortzen ziren, jendeak barrura sartu nahian, barrengoei kanpora irteteko betarik ez baizien uzten, sartzea ateratzea baino zirraragarriagoa bailitzan.

Baina jenderik sartzen ez zenean, argia sartzen zen barrura ahal zuen zirrikitu guztietatik. Berotu ezinik baina ederki epeltzen zuen neguko eguzki horren izpiak zebiltzan, atea libre topatzen zuten bakoitzean etxera sartu nahirik , jendearen hanka artetik jendeak atea oztopatzen bazuen eta jendea bizkarren bultzatuz atea trabatzen geratzen baziren.

Xarmangarria izan zen unea, nor baino nor, Zabalagaren erraiak jendeak ala argiak okupatuko zuen erabaki ezinik. Irratiak esan du, jada hori ez dela gehiago gertatuko, jendeak ez duela berriro jolas hortan esku hartzeko aukerarik izango, urtea amaitzerekin batera Chillida-Lekuk ateak itxi eta jendea Zabalagara sartzea ekidingo dutela, beraien nahia bada ere bisitariek Zabalagara sartzen jarraitu dezatela. Baina argiaz arduratu al da norbait?

Jendea kexu da “es cultura, es cultura!” oihukatuz, Lekua beste leku batzuek baino garrantzitsuagoa dela eta ixtea galera berreskuragaitza litzatekeela esanez; Baina neuri duda sortu zitzaidan, ateari eta eguzkiaren argiari begira nintzela: Kultura zer da, aterik eder arraro edo metafisikoena egin eta bertara argia nola sartzen den begira geratzea ala etxeetara argia sartu dadin ateak ireki eta leihoak zabaltzea?

“Hiltzen banaiz, balkoia zabalik utzi” esan zuen Lorca poetak, eta hemen gaude gu, ateak itxi eta itxi, garestia zabalik uztea balitz bezala.

Hau idazten nabilela, irratiak esan du Zarauzko Photomuseuma ere ixtekotan izan zela Iraila alde horretan baina azkenik aurrera egitea lortu duela. Ni asko poztu naiz, Koldo, Luis bezain ondo bizi ez dela iruditzen baitzait…

Irudia | Jendea Zabalaga baserrira sartzen | Zuri So | Creative Commons By SA

Argia ikusi dut, Zabalaga baserrira sartu nahian.

"Que pasa por la calle?!" galderak kurisotatea sortu, kalera irten eta nik ere "ikusi ditut umeak kalean ametsak akatzen". Ikusi bakarrik ez, kontatzeko gogoa ere piztu zait.

2 pentsamendu “Argia ikusi dut, Zabalaga baserrira sartu nahian.”-ri buruz

  • Aitor Furundarena Usabiaga 2010-12-30 23:44

    Testu ederra. Chillida leku ondotik pasa naiz ni ere gaur, halabeharrez, eta zur eta lur geratu, bertan ikusi dudan auto eta jende piloaz. Museo honen kasua aztertuz gero, analisi eta eztabadaida interesgarriak sortuko liratekelakoan nago. Arteaz, gizartean arteak duen eta behar luken tokiaz, arteari ezartzen diogun balio ekonomikoen irizpideez… ez dakit, baina, zein izan daiteken honetarako espazioa. Norbaiti aukeraren bat bururatzen zaio?

  • Bai, Aitor, bada zeresanik. Agian orain da momentua, benetan (betirako edo) publiko zabalari ixteko berria izan dugunean. Bertan lanean aritu naiz kasik hasieratik, beraz zuk botatako gaiak egonerokotasunean izan ditut. Beste gai batetaz mintza gintezkeen orain: artearen “publiko-pribatu” adjektiboaz.