Argi dezadan

995baa8cab42b32d032ad586b7ba26e0.jpg

Ematen du TXORI HANDIAK izeneko sarrerak, kilipa baino apur bat gehiago egin diola zenbaiti. Argi dezadan, beraz, nire asmoa ez zela Susa-z ez besteko argitaldariak iraintzea, ez eta gutxiago ere. Ezagutzen ditut bat edo bi iraintzeko modukoak, baina sarrera horretan ez nuen zirika hasteko batere asmorik.

Esaten banuen Susa dela idazlea hobeki zaintzen duen argitaletxea, adierazi nahi nuena zen objektiboki bera dela —nik dakidanez—, egileak gehien errespetatzen dituena (edizioa soilik erosiz), eta bera dela, halaber, eskubide gehien ordaintzen dituena (%12). Oker banaiz, baten batek zuzen nazala. Honek esan nahi duena ez da gainerako editoreak krapulak direnik, baizik eta ez dutela egiten egileen alde Susak adinakorik. Horixe baizik ez. Agian eginen dute liburuen alde, aberriaren alde, edo nikeztakitzerren alde, baina ez egilearen alde. Hainbeste. Normala ere bada, egileak baitira enpresa horren jabe gehienak.

Jakina, izanen dira (izaten ahal dira!), tratu pribatu hobeak ere zenbaitetan, pentsatzen baitut, Atxaga batek, esaterako, ongi merezitakoak izango dituela irabaziak, eta ez direla mauka izango harekiko negoziaketak, baina, oro har, horixe du Susaren planteamenduak, besteena ez bezalakoa izatea (nik dakidanez, berriro).

TXORI HANDIAK sarrerarekin nahi nuen bakarra zen, hauts apur bat harrotu eta alua.mundua honetan hain maite dugun liburuaren gaiaren inguruko gogoetak egiten segitzea. (Klik egiten baduzu “liburuak” atalean, egiazta dezakezu ederki, eta “letra kontuak” izenekoan ere bai).

Ondo al dago euskal idazle bat ahalik eta etekin ekonomiko handiena lortzen saiatzea bere liburuarekin? Horixe plazaratu nahi nuen, ez besterik. Beraz, nahigabetan baten bati min egin badiot, barkamen eskaera doakio hemendixe.

Bestetik eman dezake, telebistan agertzen naizenez, ezin dudala deblauki ibili blog honetan gauzak jartzen. Ba, bai, deblauki eta nahi dudan moduan ibiliko naiz, horixe baita bloga egitearen askatasuna (teorikoa, bederen). Hau irakurle norbanako baten bloga da eta, gainera, zela-halako idazle den norbaitena ere bai. Baten bati ez bazaio gustatzen, ez dadila ibili etortzen. Hemen ez dago diru publikorik eta menpekotzarik, inorekin. uste dut bi gauza direla neure ageriko lan publikoa eta neure bizitza pribatua, non artistarenak ere baduen bere lekutxoa. Blog hau, nire bizitzako zati da, baten batek ez bazekien ere.

Eta galderari buruz esaten nuen baietz, niri ondo iruditzen zaidala euskal autore batek ahalik eta diru gehien ateratzea bere liburuaren aitzakia egoki erabiliz, besteak beste, argitaletxeek diru asko jartzen badute liburu baten apostuan, gero lan egin beharko dutelako liburu berorren mesedetan.

Eta berriro diot: zeuk, zer uste duzu zeuk?

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

4 pentsamendu “Argi dezadan”-ri buruz

  • Noski ondo dagoela !! euskal idazle edo arabiar idazle, frantziar, italiarrek…ahalik eta etekin ekonomiko handiena lotu nahi izatea bere liburuarengatik.
    Argitaldetxeen promozioa beste baterako utziko dut ez baitut oso argi ikusten promozio kontua…
    Eta “erreprografia eskubidea”? Martxan da??

  • Baina, baina… zer gertatu da H? Berriro diot nik ere: neri zilegi eta ondo iruditzen zait!

  • Eroskiko arraindegiko langileari Carrefourreko arraindegian lan beragatik gehiago ordaintzen badiote, zer egin behar du?
    Diot nik.

  • Tira, niri depende nor den idazlea, hobeto edo okerrago irudituko zait; izan ere, idazle batzuek saltzen duten irudia ez letorke bat proposamen bitxi honekin. Koherentzia kontu bat iruditzen zait, azken finean.
    Dena dela, lehenengo kapitulu bat ez zait iruditzen berme nahikoa. Hasiera oso onak dituzten liburu asko ezagutzen ditugu, ondoren indarra galtzen dutenak…