TopAraba, Arabako euskal kulturaren sormena sustatzeko Oihanederrek proposatzen duen egitasmoa

TopAraba, Arabako euskal kulturaren sormena sustatzeko Oihanederrek proposatzen duen egitasmoa –

Euskarazko kultur sormena sustatzeko, berrikuntza suspertzeko eta sareak sortzeko asmotan, Oihaneder Euskararen Etxeak TopAraba egitasmoa jarri du martxan aurten ere. Araban bizi diren kultur diziplina anitzetako norbanako sortzaileak harremanetan jarri nahi ditu Oihanederrek, eta horretarako baliabide ekonomiko, tekniko eta materialak eskainiko dizkie. Egitasmo honekin diziplinarteko sormen proiektu ezberdinak lagunduko dira, eta 7.500 €-ko diru-poltsa osatuko da. Egitasmoak Vital Fundazioaren babesa du.

TopAraba, Arabako euskal kulturaren sormena sustatzeko Oihanederrek proposatzen duen egitasmoaBigarren urtez, Oihaneder Euskararen Etxeak TopAraba egitasmoa jarriko du martxan. Kultur diziplina ezberdinetako norbanako sortzaile arabarrei zuzendutako proposamena da eta euskarazko kultur sormena sustatzea, berrikuntza suspertzea eta sortzaileen artean sareak sortzea ditu helburu.

Egitasmoak abiapuntua otsailaren 12an burutuko den topaketan izango du; Kultiba enpresak dinamizatuko du saioa. Hasieran, partaideek haien buruak aurkeztu eta dakartzaten ideiak azalduko dituzte labur-labur. Entzundakoaren arabera, partaideen artean elkarrizketa azkarrak antolatuko dira eta, dinamika ezberdinekin, sortzaileen sarea sortu eta proiektuak garatzeko behar den gutxieneko konfiantza landuko da. Horrekin, egitasmoak izango dituen hurrengo urratsak eta parte hartzeko aukerak azalduko dira.

Gaurtik otsailaren 7ra bitartean, topaketan izena emateko epea irekita egongo da. Parte hartu ahal izateko ezinbestekoa izango da topaketarako sortu den inprimakia betetzea. Egitasmoa bere osotasunean beren-beregi 18 urtetik gorako eta Araban erroldatutako kultur sortzaileei zuzenduta dago.

Behin topaketa egin ondoren etorriko dira egitasmoaren gainontzeko faseak:

  • Deialdia: topaketan landu diren diziplinarteko kultur proiektuak aurkezteko 4 asteko epea izango dute. Proiektuak lantzeko aholkularitza teoriko pertsonalizatua jasoko dute taldeek. Ondoren, gehienez 2 proiektuen aukeraketa egingo da. 7.500 €-ko diru poltsa egongo da aukeratutako proiektuak garatzeko.
  • Proiektuen sormen prozesua: aukeratutako proiektuen garapena, gehienez 12 hilabeteko epean burutzekoa.
  • Aurkezpen publikoa: sortu diren proiektuen aurkezpena 2023. urteko neguan egitea aurreikusten da.

Aurreko urteko deialdiari esker, Ogiak hizketan baleki obra multidiziplinarra ekoiztu zen. Lan honek, kazetaritza performatikoa erabiliz, Gasteizko historiaren baitan ahaztuta dauden zenbait pasadizoren berreskurapena planteatzen du.

Egitasmoak Vital Fundazioaren babesa dauka.

Izen-emate inprimakia hemen. Ikusi oinarriak hemen.

TopAraba, Arabako euskal kulturaren sormena sustatzeko Oihanederrek proposatzen duen egitasmoa