Arabako arkeologia objektuak III: erromes maskorrak

Arabako arkeologia objektuak III: erromes maskorrak –

Erromes maskorrak bieirak dira eta jateko erabiltzeaz gain, itsasoko maskor hauek Donejakue bidea egiten zuten eta duten pertsona erromesen ezaugarri eta sinbolo ere badira.

Arabako arkeologia objektuak III: erromes maskorrak

Arabako Arkeologia Museoaren 3. solairuan, azken aurreko bitrinan, bi daude erakusgai. Biak ala biak Basalden topatu ziren, Mezkia herrian (Agurain eta Donemiliaga artean dagoena). Gaur egungo nazional 1 (N1) errepidea dena, erromatar garaian galtzada zen, Lautada gurutzatzen zuena Iruñearantz eta Erdi Aroan Donejakue bidea bertatik zihoan, nahiz gero arrazoi politiko eta ekonomikoengatik beste bide batzuk zabaltzen joan ziren (Errioxatik doan Frantsesbidea, etab.).

Donejakue bidea gaur egun arrazoi askorengatik egiten da, izpirituagatik, sozializatzeko, opor gisa, ariketa egiteko, etab. Erdi Aroan ere erromesaldia egiteko hainbat arrazoi zeuden. Jatorrian eta oinarrian izpiritualitatea zegoen: pekatuak barkatuak izateko edo naturaz kanpoko indarrek lagundua izateko edota egindako promesa bategatik egiten zen sarritan.

Goi Erdi Arotik ohikoa bihurtzen joan zen leku edo lurralde santuak ikustera joatea, esandako arrazoiengatik (adibidez, Erroma, eta hortik dator “erromes” izena, jatorrian Erromara bidea egiten zuenari deitzen baitzitzaion eta gero beste leku santuetara joaten zirenei zabaldu zitzaien izena). Horrek pertsona mugimenduak sortzen zituen eta, beraz, haien inguruan ekonomia loraldia, merkataritza, ideien eta artearen zirkulazioa etab. bilakatzen ziren.

Hori horrela, erromesak erakartzeko moduak bilatu zituzten hainbat errege edo pertsonaia boteretsuek eta horretarako erlikiak (santuen aztarnak) gordetzen ziren elizak eta lekuak erabiltzen eta sortzen hasi ziren (erlikiak lortuz, erosiz, eta kasu batzuetan asmatuz). Konpostelan, garai erromatar berantiarreko sarkofago bat topatu zuten, bertako erresuma kristaua ahula zen garai batean eta Jakue edo Santiago apostoluaren hilobia zela zabaldu zen, jende andana bertara erakarriz eta Donejakue Bidea sortuz. Horrek ekonomia ere suspertu zuen eta izen ona ekarri zien.

Bi erromes maskor hauek Basaldeko elizaren Erdi Aroko, XII. mende inguruko hilobietan, bi hildakorekin hilobiratuta aurkitu zituen Paquita Sáenz de Urturi arkeologoak. Horrek adierazi ahal digu erromesak zirela hildakoak seguruena, alegia, bidea egiten ari zirela inguruan hil eta bertan hilobiratu zituztela edo hil ondoren erromes bidea egin izanaren frogarekin hilobiratu nahi izan zituztela (Zerua errazago lortzeko edo). Indusketak adierazi zigun, beraz, noizkoak diren maskor horiek, Erdi Arokoak, eta oso garrantzitsuak izango ziren haientzat, zeren ez zen ohikoa garai hartan hildakoekin hatua uztea.

Bina zulo dituzte, zintzilik edo josita eramateko eta hezurduren aldaken inguruan agertu zirenez, uste da, poltsa batean josita eramango zituztela.

Garai hartako sinismenen eta gizarte eta ekonomiaren historiaren zati bat kontatzen digute, beraz.

Arabako arkeologia objektuak III: erromes maskorrak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude