[Zine kritika] Another Day of Life

[Zine kritika] Another Day of Life –

Gure txoko honetara itzuli naiz udako geldialdiaren ondoren eta Donostiako Zinemaldi zinez berezi baten ajearekin.

Berezia, aurtengo edizioan inoiz baino euskal film gehiago ikusteko aukera izan dugulako, guztira 20 film (hauen artean gure ZuZeuko Oier Aranzabalen debut zoragarria den Margolaria). Eta berezia baita Zinemaldian estreinatu delako Bihar Dok Amairu, parte-hartze txiki bat izan nuen filma eta Ander Iriarte eta Aitor Bereziartuak bikainki zuzendutako esperimentua. Eta berezia baita, eta arraroa, aurten Euskal Gidoi Onenaren epaimahaian izan naizelako Iñaki Beraetxe eta Maider Oleagarekin batera. Arraroa, azken bi asteak txintik esan gabe egon behar izan dudalako. Baina ez naiz kexatuko, esperientzia zoragarria izan da eta hirurok aho batez saria Another Day of Life animazioari ematea erabaki genuen, inongo tentsio, liskar edo haserrerik gabe.

Zinea: Another Day of LifeKanaki Films (Minerita, I am Haiti, La Virgen Negra) Ekoiztetxe donostiarraren filma Ryszard Kapuscinski erreportari poloniar ezagunaren izen bereko eleberrian oinarrituta dago eta Waltz With Bashir film saritua gogorarazten digun animazio ikusgarria Kapuscinski ezagutu zutenei egindako elkarrizketak, eta artxibozko irudiak bikainki uztartzen ditu.

Zinea: Another Day of LifeKapuscinskiren pertsonaiak berak kontatzen digu offean zergatik dagoen Angolan 1975an, Portuges erregimenaren amaieran eta herrialde afrikarraren independentziaren atarian. Lehenengo 5 minututan ezagutzen dugu nolakoa den Kapuscinski; kartsua, egoskorra eta enpatikoa.

Angolaren baliabide natural preziatuengatik borrokan Sobietar Batasunak eta EEBBak, bata MPLA eta bestea UNITA liberazio mugimenduen alde jartzen dira eta egunetik egunera lekuz aldatzen doan frontean gerra zibilak eztanda egiten du.

Kapuscinski tematiki saiatuko da hegoaldean kokatzen den frontera joateko baimena lortzen, bertan Farrusko erreboltaren liderrarekin biltzeko. Baimenik gabe, beste erreportari bat, Arturo, konbentzitzen du elkarrekin frontera bidaiatzeko. Erasoz eta balaz jositako bidean heriotza saihesten dute Carlota gerrillariaren esku-hartzeagatik. Orduan, irudi errealean grabatutako elkarrizketa batean benetako Arturok nostalgikoki gogoratzen du: “Egun horretan nire bakea galdu nuen betirako” bi erreportarien bizitza salbatzearren Carlotak berea galdu zuelako.

Eta animazio liluragarriaren artean irudi errealak sartzeak gogorarazten digu hau benetan gertatu zen gerra bat izan zela. Eta honek egiten du apartekoa animazio hau.

Apartekoa dena du film honek; Amaia Remirez ekoizle nafarrari entzun nionez, 10 urte pasa zituzten proiektua garatzen, finantziazioa lortzen eta animazioa bukatzen. 26 finantzari desberdinek parte hartu dute, 5 herrialdetako 500 profesionalek. Eta aurrekontua ere ez da makala, hasierako 2m eurotatik laster pasa baitziren 7.5m eurotara. Euskal ekoiztetxe txiki honek Kapuscinski beraren pasio eta egoskorkeria berarekin ekin zuen proiektu titaniko hau aurrera ateratzeko eta pasio hori nabari da animazioaren fotograma bakoitzean.

Filma urriak 26an estreinatzen da zinema aretoetan, eta espero dut zinemaldietan izan duen arrakasta bera izatea publikoaren artean ere.

IZARRAK: 5/5

 

Zinegilea izarfilms.com tinkoeuskara.eus

2 pentsamendu “[Zine kritika] Another Day of Life”-ri buruz

  • Euskaraz ikusi ahalko?

  • Izaskun Arandia 2018-10-03 11:03

    Kaixo Garrett!
    Ekoizleak konfirmatu dit filma gaztelerara bikoiztuta eta jatorrizko bertsioan (ingelesez) izango dela zinematan, eta euskarara bikoiztuta ETBn, aurrerago.