Anoatik uzkira eta Bueltak

fisio

Aldakorrak dira tabuak eta lotsak, herriz herri, belaunaldiz belaunaldi zein pertsonaz pertsona. Gure Mendebaldean, abangoardien garaiaz geroztik tabu-haustea hein batean ohitura bilakatu denez, eta transgresioa arauzko inertzia, lotsagarriaren muga berrezartzea berriro bihurtu da interesgarri, transgresio unibertsalaren gailentzeak panorama patetiko hau baitakar: artista supermatxinoa zer urratu bilatzen, arraina lehorrean ura bezain dotore, eta balizko mugak axolagabetasun orokorraren aurrean hausten, honezkero inor gutxik sentitzen baititu muga horiek zinezko mugatzat.

Ezinezkoa denez legerik gabeko transgresioa, muga-ezarlea izaten da matxinoaren benetako heroia, sarritan oharkabean; edo aitortu gabe, behintzat. Pilarrek Martin “atsegin zaion lekuan” ferekatu eta “Martinek lepoaren sakongunean ufatu du esker onez”. Martinek fereka diezaioten atsegin duen lekua uzkia da. Hortxe Saizarbitoriak zeharkatu nahi ez duen muga bat.

Ipurdiaz isiltzeko eta mintzatzeko moldea nabarmen aldatu da Martutene-tik Uxue Apaolazaren Umeek gezurra esaten dutenetik eta Danele Sarriugarteren Erraiak-era doan belaunaldi-jauzian. Saizarbitoriaren belaunaldiak ia ez du uzki konturik aipatzen; esaterako, donostiarraren obra osoan behin baino ez da ageri “uzki” hitza, eta testuinguru kliniko batean.

Uzkia hedatu egin da haatik, orobat uzkiari buruzko elea. Tropelari dagokionez, Aingeru Epaltzaren trilogiak “Jainkoak guarda zure uzkia!” kariñozkoaz aberastu gaitu, baina “uzki-zorra” kontzeptua izan da arreta gehien deitu duena; botere-guneetan bai, bederen. Ikastetxeren bateko zuzendaritza uzki-zorra gure garaira egokitu eta zigor gisa instituzionalizatzen ahalegindu da; oraingoz arrakastarik gabe, egia zor.

Belaunaldi berrietako uzkiaren ikusgarritasunaren adibide, Uxue Apaolazaren testu hau: “ama oraindik ere etxera sartzen denean, alaba maitea ikusten duenean eta pentsatu zein ona den bere alaba eta zu sofan eserita zaude pijamaren azpitik hatza ipurdian sartzera zoazela atzoko zakilkadek diametroa handitu dizutela iruditzen zaizulako.”

Halakoak irakurrita, zer sentituko zukeen Txomin Agirre batek, edota  Utarsusek?

Ea singularrak eta ezohikoak berez balio ote duen gehiago salduenak eta normalak baino eztabaida gorabehera, bistan da gaur egun, euskal literaturan, ezohikoagoa litzatekeela protagonista kristau fededun baten gorabeheren narrazio autobiografikoa, ezkontzara birjina heldu nahian tematua (eta gainera erakargarriagoa ere balitzateke, batik bat autoreari elkarrizketetan fede eta tema horien zinezkotasuna sumatuko balitzaio), ezen ez norberaren uzki, kaka, esperma, muki, izerdi, uzker, odol, goitikin, malko eta edozelako jarioei buruzko kontakizun xehea. Ekai hauek erabiltzea jadanik ez da ezohiko, eta halakoak darabiltzan kontakizuna soilik salbatzen du, beste edozein literatur testu bezala, egituraren eta pertsonaien arkitekturak eta estiloaren graziak; Danele Sarriugarteren Erraiak da uzkiaren eta jarioen nonahikotasunera garamatzan bultzi horrek ganoraz profitatu duen azkenaurreko geldialdia.

Bide batez esanda, Apaolazaren aipu hori dakarren “Bueltak” izeneko ipuinari lotutako jazoera ilun batek adierazten du herri gisa uzkiarekin dugun arazoaren neurri kezkagarria. Paperezko argitalpenak pasarte hau dakar:

“Komunera bakarrik etortzen naiz. Drogak nik erosten ditut, horretan ez dut dependentziarik onartzen; nire duintasunari duela pare bat urte egin nion kontzesio bat da eta geroztik ez du negoziaziorik onartzen. Ondo neurtu behar da uzkia; hitz-jario kontrolik gabeak garesti ordaintzen dira.”

Ezin da ulertu, ez du zentzurik. Baina inork ez du tutik ere esan, toleranteak eta irekiak baikara euskal literaturaren irakurleak, hau da, berdin zaigu ulertu zein ez ulertu, eta pentsatuko genuen  “idazle gazte hauek beti uzkia atzera eta aurrera, zipriztin surrealista batez nahiko zuen Apaolazak bere ipuina apaindu”.

Gero Umeek gezurra esaten dutenetik-en ebooka atera eta honelaxe aldatu da esaldi hori: “Komunera bakarrik etortzen naiz. Drogak nik erosten ditut, horretan ez dut dependentziarik onartzen; nire duintasunari duela pare bat urte egin nion kontzesio bat da eta geroztik ez du negoziaziorik onartzen. Ondo neurtu behar da anoa; hitz-jario kontrolik gabeak garesti ordaintzen dira.”

“Uzki” beharrean “anoa” jarrita ezin hobeki ulertzen da.

Zer gertatu ote zen? Ez dirudi lapsus esanguratsu horietako bat izango zuenik Apaolazak. Ziurrenik, euskaldunok, uzkiaren protagonismo berriarekin batera, edozein testu zuzentzeko grina itsuak ezaugarritzen gaituenez, “anoa” bezalako erdarakada ziztuan zuzenduko zuten uzki jatorra erabilirik.

3 pentsamendu “Anoatik uzkira eta Bueltak”-ri buruz

  • Anoa hitzak, euskaraz, gaztelaniazko “ración” eta frantsesezko “portion” esan nahi du.

    • Eskerrik asko, Galder. Dirudienez, latineko “annona”tik dator. “La pitance du pasteur, du berger” dakar Orotarikoak; eta, gero eta artzain gutxiago dagoen arren, bizi-bizirik dago hitz interesgarri hori iparraldean; baita Gipuzkoako zenbait eskualdetan ere, ziurrenik batik bat mugatik hurbil daudenetan. Antxon ere entzun izan dut ordea.

    • Bai, nik mendi martxetako “anoa postu”-etan ikasi nuen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude