Anjel Lertxundi: “Gerra zilegi izango bada, beharrezkoa du atzean gezur handi bat”

Anjel Lertxundi – 

Andu Lertxundik (Orio, 1948) ‘Gilles de Rais’ eleberria kaleratu du eta karlistadetan barrena garamatza Vincent delako antzerkilaria ‘La Poucelle’ obraren bertsio bat sortzen doan heinean. Donostia Kultura Irratiaren ‘Ispilu Beltza‘ magazinerako egindako elkarrizketa transkibatu dut hemen.

Anjel Lertxundi : "Gerra zilegi izango bada, beharrezkoa du atzean gezur handi bat"

Egun hauetan gehien egiten dugun galdera, agian inozoa, da zer moduz. Zer moduz zaude Andu?

Nahiko ondo. Azkenean beti egiten duguna egiten nabil, etxean sartu eta lanean jardutea, baina oraingoan ezin irten kanpora. Horixe txarrena. Orain jada bukatu denez, hobeto.

Esan izan dugu Pandemia bapatean eta abixatu gabe iritsi dela. Zertan harrapatu zaitu?

Lagun batzuk Xabier Leteren artikuluen bilduma bat egin dute, Zeruko Argian idazten zuenetik Egunkariaraino eta nik ere parte hartu dut hitzaurre luze bat idazten, horretan harrapatu ninduen. Eta gogoan dut, Txinan 10 egunetan ospitale erraldoi hura eraikitzen hasi zirenean, jendeak barre egiten zuela eta ni, berriz, oso kezkatuta nengoela. Ez! Hau ez da barre egitekoa hau kontu oso serioa da txinatarrak horrela lanean jarri direnean. Eta efectivamente. Nik Otto Pette idazteko dokumentazio asko erabili nuen pandemiei buruz, eta abar, zerbait sinesgarria egiteko. Eta ikasi ere egin nuen horretaz zertxobait. Ordutik bi gauza geratu zitzaizkidan; bat, pandemia batek gizartearen alor guztiak harrapatzen dituela; eta bi, pandemia guztiak berdinak direla. Eragiten dituzten ondorioak, gizartean, familian, onenetik txarreneraino, erreakzioak errepikatu egiten direla. Berdin dio erdi aroko pandemia den ala oraingoa. Gero ikasten joan naiz teorian ikasi nuen hura, praktikan ere holaxe dela.

Sentsazioa ematen du arazoa muturren parean izan arte, edo guri zuzenean ukitu arte, ez zaigula axola.

Bai, hitz egiten dugu globalizazioaz, baina, benetan sinetsi gabe globalizazio batean bizi garenik. 2008ko krisialdian, eta orain zer esanik ez, garbi daukagu ezer ez dela gelditzen txoko batean, batetik bestera igarotzen dela oso oso azkar. Hasi modatik, eta moda ez bezala, gauza larriagoak diren kontuetaraino.

Zertarako balio izan dizu itxialdiak, horrenbeste denbora etxean sartuta egoteak.

Ba irakurtzeko eta idazteko, eta noski gorabehera hauetaz pentsatzeko. Egunero egunero etortzen ziren berriekin, eguneroko datuak aztertu eta apunteak hartu, pentsatu… Eta gero esku artean neuzkan lanak, pilatuta neuzkan batzuk, eta uste nuen zulo txikiko enbutu batean nengoela, eta pandemia garaiak balio izan dit pendiente neuzkan lanak askatzeko.

Konfinamendua amaitu eta liburu berria aurkeztu, biak bat izan dira.

Bai, hor gertatzen dena da, eta lehen aipatu dizut enbutuarena, eta nik uste dut jende askori gertatu zaiola, pilatu zaizkiola aurretik zeuzkan lanak eta oso denbora laburrean denak batera aterako direla. Nik banuen, eta badut, 12 urteko umeentzako liburu bat amaitua, baina, aurkezpenak izango lirateke bat martxoan eta hurrengoa ekainean… eta orain gauza guztiak pilatzen doaz. Norbaitek esango du, honek zenbat gauza egin ditu denbora laburrean! Baina ez, kontua da denbora luzeko lana pilatu egin dela.

Nire pronuntziazioa oso txarra da, eta jakin nahi nuke ‘Gilles de Rais’ hori nola esaten den.

(Barreak) Lehendabizi esango dizut lehengo batean eztabaidan jardun genuela aurkezpenetan nola esan behar dugun. Eta Jorge Jimenez editoreak esaten zuen onena zela euskaraz esaten den bezala esatea, Gilles de Rais. Eta berak frantsesez oso ondo daki, nik baino askoz hobeto daki. Frantsesei beraiei ere kostatu egiten zaie hori esatea. Hor badago ‘e’ klaseren bat nonbait, ‘Re’ delako hortan, oso Zaila egiten dena frantsesak ez garenontzat esaten. Nik egiten dut ‘Jills De Re’. Oso antzekoa da, baina frantses batek seguru asko barre egingo luke hau entzundakoan.

Karlistaldira garamatzazu, zer eta antzezlan baten testigu izateko, ‘La Poucelle’. Nondik sortu zitzaizun istorio hau piztu duen garra?

Badu bere istorioa. Orain dela 24 urte argitaratu nuen ipuin labur bat ‘Piztiaren izena’ liburuan. Eta beti pentsatu izan nuen ipuin hartan bazegoela nobelatxo bat. Eta orain ez dut gogoan, ipuin hura idatzi nuenean, zergatik idatzi ote nuen ipuin hura. Nik uste dut, hemen agertzen ez den kontu bat dagoela. Liburu hartan deabruaren inguruko tradizioaz hitz egiten nuen, eta Gilles de Rais bere izaeragatik, Frantziako historian izan duen garrantziagatik eta abar, deabruarekin parekatzen zen pertsonaia bat zen. Aldi berean berari buruzko nobela bat irakurri nuen, asko interesatu zitzaidana. Perraultek ere ‘Bizar urdin’ izenarekin ipuin tradizional bat argitaratua zuen, eta ‘Bizar urdin’ delako hori Gilles de Rais da. Alegia, tradizio oralera ere pasatu zen pertsonaia hau. Gorabehera guzti hortatik idatzi nuen nobela honen sorburuan dagoen ipuina. Kontua da, nobela berri honetan, orain kontatu dudan hau guztia ez dela agertzen. Istorioaren oinarrian dago, baina, oraingoan ‘La Poucelle’ antzezlana egingo dute karlistek, soldaduak adoretzeko.

Oso gaurkoak dira eleberrian aipatzen dituzun hainbat dilema, arteari lotuak. Vincent protagonistak dituen kontraesanak. Izan ere, Vincent antzerkigilea 50 ontzaren truke erosten dute karlistek. Ez dakit Kultura zenbateraino dagoen saldua, edo gauden salduta.

Artista munduan diruaren kontua beti izan da arazo bat. Kulturatik bizitzea oso zaila delako eta abar. Baina, aldatu dena da, diruari buruzko balorazioa. Garai hartan, XIX. mendean edo, zer esanik ez, Erdi Aroan, diruaren benerazioa pekatuarekin lotua zegoen. Gaizki ikusia zegoen. Bat izan zitekeen aberatsa, baina, ez zuen esaten aberatsa zenik. Ez zen harro bat, aberastasunak erakusten ibiltzen zena, ez baldin bazegoen burutik eginda noski. Eta tradizio katolikoan, zer esanik ez, diruaren aitortza zerbait lotsagarria izan da. Dirua bai, izan ezazu nahi duzun guztia, baina, ez gero hortaz publikoki harrotu. Elizari eman (barrea).

Orduan, diruaren truke artea egitea edo gauza onak egitea ez zegoen ondo ikusia. Beste helburu batzuk lehenesten ziren. Eta gaur berriz tontoena da diruari garrantzia kentzea eta “ez dut diruagatik egiten” esatea. Gaur, dudarik ez dago, dirua dela baliorik inportanteena. Balio politiko, balio kultural edo sozial guztien gainetik dago dirua, sektore guzti-guztietan. Eta bere arteari bizitza eskaintzen dion artista batentzat, urrezko ontza batzuk jarri mahai gainean… eta “zer egin behar dut horren aurrean?”. Gure Vincent honek onartu egiten du egiten zaion erronka eta antzerki hori sortzen du. Gero krisia etortzen zaionean, izango ditu bere zalantzak, moralak ere bihurtzen direnak. Baina, batez ere, artistikoak bihurtzen direnak. Ni gizon artistikoa, beti sinetsi izan dudana antzekian… eta ni neu izan nauk neure burua traizionatu duena, antzerki hori onartuta eta gero ‘La Poucelle’-n egin ditudan triskantzekin. Ez hainbeste ‘La Poucelle’, nere burua baizik. Benetan apasionantea egiten zitzaidan dilema hori. Zeren, klaro, Faustoren mitoa daukagu, baina Goetheren ‘Fausto’-n gutxien gutxienez jakituria dago jokuan eta Faustok saltzen du bere arima jakituria izatearen ordainetan. Zerbait bada! Duina edo inportantea. Baina hemen ez, hemen zerbait guztiz materiala da.

Vincentek baietz esaten die karlistei. Baina pertsonaia antagonikoa da. Karlistak dira erlijioso atzerakoiak eta Vincent, berriz, ilustratua. Barre ere egiten die!

Bere inpresioa da pailazo batzuk direla. Ez dakit zer izen erabiltzen duen, xanfarinak edo. Bai, nolabait, irrigarriak dira pertsonaiak.

Eta enkargatzen dioten antzerki obra, propaganda ariketa hutsa da. Gogora etorri zaizkit gaurko Hollywoodeko blockbuster belikoak.

Nik esango nuke Hollywoodeko zinearen zati handi bat, dirua eman diona, bere historiaren gorazarrea izan dela. Yankien historiaren gorazarrea, hasi indioen pelikuletatik eta Bigarren Mundu Gerraraino. Nazien kontrako horretan, esango nuke gehiago dagoela bere buruaren loratzea, bestearen kondena baino. Behar bada esajeratzen ari naiz, baina, ezin da ahaztu nazien kontrako jarrera horretan AEBen nagusigoa garbi uztea oso presente dagoela. Kasu honetan, arrazoi guztia dute nazien kontra egiteko, baina, bestalde, badago beren prepotentziari euste bat. Izan ere, naziek irabazi balute AEBen hegemonia kolokan jarriko zuten. Erabaki horren atzean ez dago bakar bakarrik kontu moral bat, aliatuen artean badago botere borroka bat.

Eta ‘Gilles de Rais’ eleberrian Vincentek ikusten du bere sorkuntza nola baldintzatzen duten. Propagandaren izenean nola eskatzen dioten obra eraldatzeko, erridikuloraino. Propagandaz gain, oso gaurkoa den beste gai bat etorri zait burura. Fake News famatuena. Tira, agian ez dena horren berria.

Fake Newsena nik uste dut Grezia klasikoan ere gertatzen zela. Demagun, Troiako zaldiarena. Azkenean, ez da informazio muntaia izugarri bat, zeren ez dira ari benetako izaera saltzen, gezur bat baino. Han barruan daude gero Troia bentzutuko duten soldaduak. Gerra zilegi izango bada, eta salduko bada, behar beharrezkoa du atzean gezur handi bat. Aznarrek eta haiek egin zuten bezala. Zerbait asmatu gure benetako etsaiaren aurka joateko. Zeren, besterik gabe gerra bat egitea oso gaizki ikusia baitago. Baina esaten baldin baduzu gu baino askoz ere gaiztoagoak direla besteak, orduan, agian hasi zara jendeari ulertarazten, baietz: mundua salbatzen ari garela.

Anjel Lertxundi

Ze irakur ohitura dauzkazu? Zer egunkari irakurtzen dituzu goizetan?

Lehendabiziko egunkaria irakurtzen dudana Berria da. Etxean jasotzen baitut. Eta gero, segun eta zer kontu dauden, handik hona ibiltzen naiz. Hemengo batzuk gainetik begiratzen ditut, portadak-eta. Irakurtzen dut El País. Astean bitan, informazioren bat ez baldin badaukat, irakurtzen dut Le Monde. Horiek dira irakurtzen ditudanak. Ni ingelesez ez naiz moldatzen horren ondo eta zeozer konkretua topatuz gero hiztegia begiratuta irakurtzen dut.

Eta nola moldatu zara sare sozialek gobernatzen duten garaiotan? Jarraitzen dituzu sare sozialak?

Momentu jakinen batean, zeozer interesatzen zaidanean, sartzen naiz. Baina ez sare gehienetan. Batez ere Youtuben sartzen naiz musika entzutera, eta gero, zera…

Twitterren?

Twitterren bai. Euskarak nahiko mugimendu izaten dut twitterren. Ni ez nago Twitterren, baina sartzen naiz tranpaz.

Bazaude, baina ez dakigu nola.

Kar Kar kar! Hori da, hori da!

Gainera orain Twitterren egon da polemika interesgarri bat Donald Trumpen txioen harira. Nola Twitterrek egin dion fact check deitzen den hori. Edukia ezabatu gabe baina Trumpek esandakoak gezurtatzen dituen informazioa estekatuz.

Ari naiz jarraitzen kontua. Eta kontua da sare hauetan, azkenean… zuk ezin duzu esan sare bat sortu dut libre izan dadin eta gero askatasun horretan, edozein gauza egiten uztea. Beno, dirua irabazteko garaian erantzule zara, gero neurri batzuk hartu behar dira. Zuk zure iritziak badituzu, eta ez da zentsura egiteko, baizik eta, medio honetan badaudela arau batzuk errespetatu behar direnak. Eta arauetako bat, normala denez, eta are gehiago halako agintea duen jende baten aurrean gaudenean, ba medioa ez duzuela erabiliko gezurren transmisore bezala. Orain arte sareek hartu ez duten neurria da, eta hori da normalena eta onena, harik eta, sartzen den arte norbait arauak hausten hasten dena. Arauak puskatzen dituen bati, ateak itxi egin behar zaizkio.

Izendatzen ez dena, ez da existitzen.

Neurri handian hori egia da, baina, izenik gabeko gauza askok bide luzea egiten dute eta gero hasten gara izenak jartzen. Jada, izenik ez zuen horrek bere bidea egindakoan.

Bataila politikoaren erdigunean beti egoten da zera hori, nork jarriko dion izena zeri. Edo nork gailenduko duen izen bat edo termino bat bestearen gainetik eta askotan hor hasten da batailaren garaipena, ez?

Bai, gurean ere gertatu da. Niri batere gustatzen ez zaidan “euskarara ekarri genuen” eta “horrelaxe ekarri genuen”. Errelato delako horrekin gertatzen den bezala. Zeinek monopolizatzen duen izen jakin bat, eta orduan markatuta geratzen da izen horren atzean doan informazio guztia. Ez da xaloa, ez da inuzentea izen bat erabiltzea, zeren, segun eta nork erabiltzen duen jada markatuta dator. Dena markaje bihurtzen da. Eta orduan oso tentuz ibili behar duzu, zer esaten duzun eta nola esaten duzun.

Gilles de Rais pertsonaia ez nuen ezagutzen. Deabrua da. Baina gero ikusten duzu karlisten antzerkia propaganda hutsa dela eta zer pentsatua ematen du. Agian Gilles de Rais ez zen irudikatzen zuten bezain gaiztoa. Esan nahi dut badirudiela dena dela zuria ala beltza. Edo oso gaiztoa edo oso justua. Aldiz, karlistaden erretratu honetan gris asko ikusten dira, ihes egin duzula liberalak vs karlistak, gaiztoak eta onak logikatik.

Bai, zeren, logika horrek ez du funtzionatzen, ez baldin bada gure aurreiritzietan. Gaiztoak eta onak. Arc-eko Juana, Juana de Arco deitzen dioguna gaztelaniaz, santa egiten dute. Bestea berriz, Gilles de Rais, kondenatu eta urkatu egiten dute. Eta Frantziako memoria patriotikoan madarikatuta geratzen da. Eta noiz? Historiaren momentu inportanteenean Frantziarentzat: Ingelesak bidali zituztenean eta Orleans konkistatzera zihoazenean. Gilles de Rais mariskala eta Juana de Arco biak elkarrekin daudenean Frantzia handiaren ejerzitoan. Momentu historiko inportanteenean biak dira heroiak. Gero, besteak beste historia klase bat du eta behartzen ditu frantsesak Gilles de Rais ohorezko historiatik kentzera. Gaur ez dute ospatzen, noski, Gilles de Rais, izan zena izan zelako, eta Juana de Arco berriz bai. Eta hor ikusten dugu gure memoriak eta memoria historikoak, nola egiten dituen bere hautuak eta manipulazioak.

Gurera etorrita, Sabino Arana bezalako pertsonaia bat datorkit burura. Oso zaila zait pentsatzea nolakoa zen, ikusirik, zenbateraino karikarizatu izan den. Bere diskurtsoaren zati bakar bat bakarrik aipatuta. Eta horrela beste pertsonaia askorekin gertatzen da.

Nazio eraikuntza guztietan egin dira, esan dira eta esaten segitzen da, Sabino Aranak esandakoak bezalako astakeriak edo handiagoak. Espainiaren eraikuntzaren historian, Covadongatik hasi eta esan diren eta oraindik ere mantentzen diren horiek guztiak Sabino Aranak esaten zituenak baino askoz ere handiagoak dira. Eta eutsi egiten zaie orain ere. Badaude salbuespenak eta ezin da orokortu, baina, jendearen iruditeriak segitzen du eusten. Zer esanik ez VOX eta konpainiak. Zer gertatzen da? Ba hainbat fenomeno historikok, naziogintzak adibidez, beren mitologia behar duela, nolabait esatearren. Nazioaren motiboa sendotu behar duela. Eta nola sendotzen da? Ba nazioari buruz oso ondo hitz eginaz, esajeratzeraino.

Bai.

Errekonkista garbi dago ez zela existitu. Eta Ameriketako konkista sarraski bat izan zela garbi dago. Eta konkista hitza bera gaur espainiarrek gauza zilegia balitz bezala erabiltzen dute. Eta nola du zilegitasuna edozein lurraldek beste lurralde bat konkistatzera joateko? Gainera, gerra baterako motiborik egon ez denean. Amerikako konkistan ez dago gerrarako motiborik.

Motiboa da ebanjelizazioa eta indioak salbatzea.

Lehendabiziko motiboa da han urrea eta ondasunak daudela. Eta gero dago erlijioarena. Eta bertakoak salbatzearena. Ebanjelioan badago esaldi bat Jesusena, esaten duena: “Zoazte eta zabaldu zazue berria”. Hire berria bezelakoa bazeukatek besteek, zertan da hirea hobeagoa? Niri oso harrigarria egiten zait, Hego Amerikako konkista guzti hortan, ze azkar ekartzen dituzten denak erlijio katolikora eta ze azkar ekartzen dituzten denak gaztelaniara. Edo oso maisu eta predikadore onak ziren, edo makilak zeuzkaten oso efikazak.

Anjel Lertxundi:”Gerra zilegi izango bada, beharrezkoa du atzean gezur handi bat” Anjel Lertxundi  Anjel Lertxundi  Anjel Lertxundi  Anjel Lertxundi Anjel Lertxundi  Anjel Lertxundi  Anjel Lertxundi 

Oier Aranzabal

Barruan Gaude elkarrizketa saioa ZuZeu Podcasten. Ispilu Beltza kultur magazina Donostia Kultura Irratian. Ekaitza bainuontzi batean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude