Ander Barriusok “A Love Supreme” (Kafe Aleak)

Ander Barriusok “A Love Supreme” (Kafe Aleak)
7884581148e30ccb73a24dfa45b62e09_XL

.

John ColtraneAnder Barriusok "A Love Supreme" (Kafe Aleak)

“A Love Supreme”

(Impulse -1965-)

.

.

 

 

God will wash away all our tears…
He always has…
He always will.
John Coltrane

.

 

Ez da beti gertatzen. Baina gehienetan bai. Askotan.

Disko hori entzuteak batzuetan sortzen dion zirrara berezi hori sentitzea, behin baino gehiagotan nahita bilatu eta noizean behin aurkitzen duena.

Orain ere (kaleko atea krisketaz itxi eta etxera sartzean) horixe nahi du sentitu lehenbailehen, premiaz, eta ez kaletik dakarren ezinegona.

Egongela zeharkatu duelarik, takoidun zapatak erantzi ditu. Sukaldean alkohol hondar bat ixuri du edalontzian, izotzik gabe, eta larruzko minigona beltzaren elastikoa laxatu duen bitartean lehenengo tragoa edan du antsiaz.

Bareago, errezelak jaitsi ditu etxea ilunpe leunean utzi arte. Besaulki zaharrean eseri da eta diskoa martxan jarri du. Gorriz margotutako ezpainetan duen zigarreta piztu eta gero, ke bafada luzea plazerez botatzearekin batera entzun ditu sarrerako lehenbiziko notak deiadarka, ezustean, txoriak bezala airean supituki hegaldatzen.

Kontrabaxuak, pianoak eta bateriak lagunduta, erritmo lasai eta errepikakor bat marraztu du soseguz eta, besaulkian barrena murgilduz, haien atzetik irristatzen utzi du bere burua. Saxoa bere bekatuak oihuka aitortzen hasi denean, hitz egokienen bila arituko balitz bezala dela pentsatu du, bera bezain zalantzati dirudiela. Soloak jarraitu dio segidan zerbait harrapatu nahian, ideia bat edo agian erantzun bat, bide desberdinak saiatuz darabilen hizkuntza etengabe birsortzen. Uneka dena da norabide aldaketa eta segurtasun eza, gero, sortutako korapilotik ezbairik gabe askatu eta aurrera jarraitzeko jario geldiezinean. Tarteka trabaturik geldituko dela dirudien arren irteera bat aurkitzen du beti.

Berak ere badaki irteera bat bilatu beharko lukeela, baina beldurra beruna baino pisutsuago nabaritu du barruan, eta oinak kateatu dizkio. Edo beharbada biziraute sena da ihes egiten uzten ez diona, nork daki. Edonola, horrela ezindurik ibiliko ez dituen bide berriak irudikatzea alferrikakoa dela aitortu dio bere buruari, atsekabez baina soberako gupidarik gabe. Keinu bakar batez hustu du edalontzia.

Pixkanaka, erritmoa geldotzen joan da berriz, eta giroa lasaitzen. Lau musikariek zerbait atzeman dutela dirudi, ideia baten inguruan atseden hartuz bezala, eta beraiekin batera erlaxatzen doala sentitu du. Ahotsek (“…a love supreme…a love supreme…”) errepikapen zirkular goxo batera eraman dute. Sakonak eta hipnotikoak dira, baina apalak, eta hezi gabeak ere bai. Baxua bakarrik gelditu da ideia horrekin jolasean, indarra hartzen joan da, gero guztien artean egingo duten eztandarako prestatuz. Abiatu dira eta saxoak hegaz bezala kendu du zikinkeria gainetik, sakon eta indartsu arnastuz, oihu egiteak garbitzen gaituen bezala. Garbitasun berbera desiratzen du bere bizitzarako, nekatuta dago lan egiten duenean nazka sentitzeaz, zikinkeria burutik ezin kentzeaz… Pianoak bitartean kristalezko notak marraztu ditu segurtasunez dantzatuz, jostari eta alai, gero indar obsesiboz saxoari berriz pausu emateko honek bere bilaketa jarrai dezan, galdu eta bidea eginez, euforiaz oihuka, berriz lasaituz erantzuna aurkitu ondorengo neke atseginean murgildurik.

Atseden labur bat eta bateriak gela guztia bete du, kaiolaturiko piztiaren ezinegonaz. Laukotea indarrez bueltatu da segidan, zerbaiten irrikaz, larriki desiratzen duten horren atzetik presaka, aldaketa, konponbide, irteera baten atzetik. Berak, ordea, ez du ezer aldatuko denik uste, ez du konponbiderik ikusten, ezta irteerarik topatzen ere. Obsesiboki ekarri ditu gogora lehenengo lantxoa egin zueneko nazka eta goragalea, bezeroaren aurpegi larria, bukaerako intziri animalia. Bakarrik gelditzean egin zuen bota-aldi luzea.

Gaurkoan ez du botaka egin. Ohiturak eraman du goragalea, baina higuinak hor dirau fideltasun nekagarriz, eta horretatik ezkutatzeko ahaleginean gogo biziz murgildu da musikaren baitan. Pianoak arinki inguratu ditu zailtasunak, dotoreziaz egin du aurrerantz saxoa berriz jokoan sartu arte, askatasunez eta euforiaz aurrerantz ihesi berak egin nahiko lukeen modura.

Azkenean helmugaren batera iritsi direla ematen du. Abiadura geldotu eta atseden hartu dute, urtuz bezala isilduz joan dira eta bateriak eztanda batean barrenak hustu ditu uholdeka. Negar egiteko gai zeneko garaiak gogoratzen ditu oraindik, baina bizitzak aspaldi garbitu dizkio malkoak aurpegitik. Kontrabaxuaren itzulipurdi eroei jarraitu die, gero seriotu eta edertasunarekin jolasean nola
aritzen den entzunez, ezkutaketan bezala.

Azkenengo atala otoitz baten antzera hasi da, poliki. Konklusio bat da, egindako bidearen ederrari begirada lasai bat luzatzea. Begiak itxita, diskoaren bukaerak zigarretak botatzen duen kearen kurba eta espiral motelak gogorarazi dizkio.

Norbait erailtzeko enkargua betetzen duen bakoitzean bezala dela pentsatu du emeki itzaltzen diren azkenengo notak entzutearekin batera, tiro egin ostean pistolaren aho beltzetik irteten den kea bezain bihurria dela.

*John Coltranek (saxo tenorea), McCoy Tynerrek (pianoa), Jimmy Garrisonek (kontrabaxua) eta Elvin Jonesek (bateria) 1964ko abenduaren 9an grabatu zuten A Love Supreme izeneko diskoa Rudy Van Gelderen New Jerseyko estudioan, laukotearen momenturik gorenean, askoren iritziz Coltranek inoiz jo eta konposatu duen musikarik ederrena erregistratuz.

.

Ander Barriuso (Eibar, 1976), soinu teknikaria

.

.

“Kafe aleak” liburuaz, Leire Lopez Ziluagak eta Ibon Rodriguez Garciak, argitalpenaren arduradunek

Ander Barriusok “A Love Supreme” / Ander Barriusok “A Love Supreme” / Ander Barriusok “A Love Supreme”