Sautrela 386. saioaren aurrerapena: Ana Jaka eta Haur besoetakoa

Ana JakaGure klasiko handienen artean kokatu ohi da, ia salbuespenik gabe, Jon Mirande-ren Haur besoetakoa nobela. 1959an amaitu zuen Mirandek, baina ez zen 1970a arte argitaratu. Garai hartan nobela gutxi ziren euskaraz eta berehala lortu zuen sona, baina horretaz gain modernitatearen hainbat zantzu ekarri zituen euskal literaturara. Liburu polemikoa izan zen jorratzen duen gaia –pedofilia– dela eta, eta oraindik ere aski eztabaidagai izaten jarraitzen du. Hogeita hamar urteko gizon amildu baten eta Teresa, bere alaba besoetakoaren, arteko erlazioaz mintzo zaigu. Desira, maitasuna, tabua, bortxa, horietaz eta beste hainbat gaien inguruan hausnar egiteko bide ematen du. Aste honetako saioaren ardatzetako bat, bada, Haur besoetakoa izango da, gure iraganeko erreportajeetatik Miranderen obrari buruzkoa ekarri baitugu. Pieza ederra da obrari buruz gehiago jakiteko: bere ezaugarri literarioak, prosaren ederra, gibelean dagoen ideologia… Besteak beste Joxe Azurmendi eta Aurelia Arkotxa ikusiko ditugu beren iritzia ematen. Saioaren amaiera aldean gauza bera egingo du Beñat Sarasolak, eta erreportajetik hona nobelaren inguruan esan eta eztabaidatu direnen laburpena egingo digu halaber.

Saioko beste ardatza elkarrizketa izango dugu, aste honetan Ana Jaka rekin egindakoa. Bere euskarazko lehen obra argitaratu zuen udaberrian, Ez zen diruagatik izenekoa, eta haren inguruan mintzatuko gara. Pertsonaia grisez beteriko nobela dugu, eguneroko bizitzaren lohietatik atera ezin diren gizakiz osatua. Olga izeneko berrogeita bost urteko emakumea da protagonista eta narratzailea, hilero jasotzen duen dirulaguntzaren bidez ozta-ozta aurrera egiten duena. Ez du dirurik alokairua ordaintzeko, mutilagun alfer eta ganoragabeko bat du, arazoetan sartutako pisukideak… Parada ederra izango da opera prima hori ezagutzeko eta, bidenabar, baita idazle berri honen ideia, erreferente literario eta enparauen inguruan jakiteko.

Ohiko legez, larunbatean izango dugu ikusgai Sautrela, 15.00etatik aurrera, ETB1en.

ana jaka, ez zen diruagatik, haur besoetakoa, jon mirande, Sautrela

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude