Amondarain

images11.jpg
Oraintxe itzuli naiz J.R. Amondarain artistak Ergobian daukan estudiotik eta, arraioa!, oraindik ikusitako guztiaren kulunkan nabil. Datorren Apirilean Donostiako Koldo Mitxelenan egingo duen erakusketa handia dihardu prestatzen. Neurri ikaragarriko koadroak, eskultura batzuk eta baita neurri txikiagoko beste margo batzuk ere, oso finak. Tematika zabala darabil: errealitateari argazkiak egin eta gero hura pintatu, Sherman eta bestelakoen argazki ezagunetatik koadroak egin, museoetako kopistak margotu… Amondaraini berdin zaio lan abstraktu edo figuratibo bati heltzea. Lan batzuetatik besteetara dagoen tartea aipatu diodanean, “guztietan nago ni” erantzun dit. Eta egia da. Egia galanta, koadro guztiek baitute haren kutsu ukaezina, baita artearen historiako lan ezagunak erabiltzen dituenean erreferentzia gisara ere. Itzela izan da eman digun ikuskizuna eta itzela egiten ari den lana. Esango nuke gaur bertan hemen dugun pintore handienetakoa dela bera. Apirilean egiaztatuko da hori. Lagunok, ahal baduzue, ez galdu erakusketa hori.

Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Zer duzu buruan “Amondarain”-ri buruz

  • Hasier Etxeberria

    […]   Sin fin, islaren isla jarri dio izena azkenean. Ondo jarritakoa, arraioa. Hemendik ordu pare batera zabalduko dute Koldo Mitxelenan Jose Ramon Amondarainen erakusketa, Ekainaren 16a arte. Lehenago ere esan nuen zerbait honetaz alua.munduan. Baina, egia esan, hobe nuke isilik egonda, hitzek ez baitute, askotan, sentitutako zirrara urrutitik ere adierazten jakiten. Xantza paregabea izan dut gaur eguerdian JR berarekin erakusketa ikusi dudanean. Mekauen zotz, hau da hau maisua! Jolas egiten du, behin eta berriz. Lan bakoitza zeuk amaitu behar duzu: argazki zuri-beltzeko batetik, pintura bat, haren argazkia gero, eta ondoren, deskuidantzen bazara, haren fotokopiaren pintura erraldoi bat… Mila munduren oihartzuna, behin eta berriz errepikatua. Beltz bat egurrezko kaxa baten azalean. Zer egiten du hor? Kristalean margotutako koadro beltz eta hori bat, nik sekula ikusi dudan dotoreena. La Virgen! Hobe nuke, bai, isilik, hitzik aurkitu ezin denean. Oteizaren lanak, Saphirorenak, Shermanenak, Wallenak, Badiolarenak… denak jolasaren aitzaki. Lekutan geratzen da Warhol! Ez dut nehoiz kausitu pintatzeko halako abildadea daukan pertsonarik, zer pintatuak baizik ez baitu kezkatzen JR. Hormatzar itzelak pintatuko baditu ere, lanak ez du batere kezkatzen. Hori erraza da oso (berarentzat, jakina). Birtuosoa da. Gaiak du erakartzen, eta ni ere bai: kopiatzean bakarrik erakus dezakezu zer zaren (nola ikusten dituzun gauzak, nola asmatzen duzun erreproduzitzen, zer den artelan bat zuretzat, zerk daukan garrantzia, zein kezka plastiko interesatzen zaizun…).  Ez galdu, otoi. berdin da teknika (pintura, pintura eta pintura, eskultura, argazkia, instalazioa… denak menpe Amondarainek). Zoaz azkar eta gero esan erratua nabilen ala, aitzitik, gaur eta hemengo artista handienetako baten aurrean gauden. Pintoreetan pintore Amondarain. Bai jauna. zabaldubildudel.icio.us […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude