'Amerikanuak', gaur egungo migrazioak ulertzeko parabola ederra

Ederra da estetikaz Gorka Bilbao eta Nacho Reigeren Amerikanuak. Elko elurtuak bakardadearen hotza sentiarazten du. Lautaden zabalerak, txiki sentiarazten, Audiencen erritmora. Baina batik bat Alfonso eta Mary Igoa, Pete Paris, Jose Yaniz “Txapo” edota Juan Juaristi “Parrillas”en lekukotasunak dira  ederrak.  Euskal Herritik, bereziki Nafarroatik eta Bizkaitik Elko Nevadara (AEB) artzain lanetara emigratu zuten gizonen historia kontatzen du filmak, lurralde arrotz batean aurrera ateratzearen zailtasunaz mintzo dira, nostalgiatik. Oso gazterik, “bizirik dagoen paketea” bailiran iritsi ziren haietako asko Nevadara, lepotik zintzilika euren izen abizenekin kartel bat zutela. Urte osoa ardiekin mendian bakardadean egiten zuten askok, “emakumerik ikusi gabe”.

Azken euskal artzain emigranteak direlako tristatzen dira behin eta berriz filmean. Eta eurek azkena eman arte “familia bat bezala” biziko dira, Star Hotel-en elkarrekin bazkalduz eta musean eginez. Komunitate baten parte sentituz. “Eat, drink and be basque”.

Adinak, kilometroek eta bizimoduak berak urruntzen bagaituzte ere, “geure komunitateko” sentitzen ditugu pantaila  handitik nafarrera edo bizkaiera itxian mintzo zaizkigunak. Eta etorkizun hobe bati buruz behin gazte izandako artzain haiek zituzten ametsek eta amets horiek lortzeko egindako lanek, negarrek, borrokek, bizitako bakardadeak eta ezintasunak itzelezko errespetua sortzen diote bati.

Zinematik atera, eta errealitatea. Ikusi ere egiten ez ditugun senegaldarrak, txinatarrak, nikaraguarrak, ekuadortarrak, marokoarrak, aljeriarrak, edota errumaniarrak hemengo kaleetan dabiltz, euren ametsekin. Baina zer den, geure komunitateko sentitzea ala ez sentitzea! Amets horiek lortzeko egiten ari diren lanek, negarrek, borrokek, bizitzen ariko diren bakardadeak eta ezintasunak ze errespetu zor diogun otu zait. Eta elurraren irudia etorri zait gogora.

'Amerikanuak' filmeko irudi bat: artzainak musean

Irudia | 'Amerikanuak' filmeko irudi bat: artzainak musean | , | LGPL
elko, emigrazioa, zinema

Zer duzu buruan “'Amerikanuak', gaur egungo migrazioak ulertzeko parabola ederra”-ri buruz

  • Coen anaien gizakiak gogoarazi dizkidate.

    Nazionalistek zabaltzen diguten topikoetatik zein urrun: Boiseko unibertsitatea, euskal jaiak, … .
    Atzean eta aurrean beti egoten dira gizakiak: Patxiku, mutil zaharrak, … .
    Eskerrik asko Gorka eta Natxo desmitifikatu baitituzue aurreiritzi batzuk

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude