Amaia Elizaran: “Ezjakintasuna da dantzara hurbiltzea galarazten diguna”

Menderatzen duen dantza modalitatea ez ezik, Amaia Elizarenen (Tolosa, 1992) bizi estiloa ere garaikidea da. Hona hemen teknologia berriak iparrorratz gisa darabiltzan nomada.

Amaia Elizaran: “Ezjakintasuna da dantzara hurbiltzea galarazten diguna”

Argazkia: Irantzu Pastor. Testua: Maialen Goñi

Orain urtebete Madrilgo Mariemma Erret Kontserbatorio Profesionalean dantza ikasketak amaitu zituenetik, maleta du bidelagun. Apirila eta maiatza Dublinen igaro zituen, Nixon in China ikuskizuna aurkezten. Horren aurretik Figueresen (Herrialde Katalanak) egin zituen bi aste, eta uztaila hasieran itzuliko da, Agitart, Figueres es mou jaialdian Gea bere lehen bakarkako ikuskizuna eskaintzera. Freelance moduan jarduteak hori du.
Horren aurretik, baina, Euskal Herrian egin duen geraldia aprobetxatuz, Tolosan jaso eta Zaldibira eraman dugu, Biloreren fabrika hutsera. Eta berotzeko astirik gabe, kameraren aurrean jarri da. Ez dugu egin, baina buruz behera jartzeko eskatu izan bagenio, ziur irribarre batekin onartuko lukeela. Energia dario, eta antzeman zaio geldirik eta isilik egoteko zailtasunak dituela.

Beharbada erratuta nago, baina ez dirudizu dieta zorrotza, ordutegi zehatzak eta diziplina militarra jarraitzen dituen dantzaria…
Egunerokoan ez, baina entseatu eta entrenatzerako orduan bai, oso zorrotza naiz. Goiz jaikitzen naiz, klaseetara garaiz heltzea gustatzen zait ongi berotzeko, abdominalak egiten edo luzatzen behar beste geratzen naiz… eta denborarik ez badut, etxean egiten ditut! Baina dena ez da dantza, eta Tolosara etortzen naizenean parrandan ateratzen naiz, lagunekin geratu… Gainera, deskonektatzea beharrezkoa dela uste dut, aire berria arnastea. Bestela ez nuke bizitzarik edukiko. Eta nor bere bizitzarekin aspertuta dagoela nabaritu egiten da eszenatokian.

Twitter kontuko profilean diozunez, ‘London based freelance dance artist’ zara, alegia, kanpaleku nagusia Londresen duzula. Zergatik?
Kontserbatorioa amaitu nuenean, duela urtebete, Euskal Herrira etorri nintzen eta klaseetara joaten jarraitu nuen Londresen egitekoak ziren proba batzuen berri izan nuen arte. Munduko Errugbi Txapelketako inaugurazio ekitaldirako dantzariak behar zituzten, eta probak egin ostean, hautatua izan nintzen. Nire lehen kontratu profesionala, beraz, hura izan zen, irailetik abendura bitartekoa. Gabonetan, etxera etorri nintzenean, ohartu nintzen atzerrian aukera gehiago sortuko zitzaizkidala, eta lehen erroak Londresen bota nituenez, egokiena hara itzultzea zela. Beste nonbait hutsetik hastea, aldiz, Alemanian edo auskalo non, zailagoa iruditu zitzaidan. Eta gainera, Londrestik beste herrialdeetara mugitzea errazagoa da, komunikazio hobeak ditu, alderdi oso garrantzitsua, probak egiteko batetik bestera nabilela kontuan hartuta!

Amaia Elizaran: “Ezjakintasuna da dantzara hurbiltzea galarazten diguna”Baina ez duzu etxerik…
Ez! –barrez–. Lehen asteetan Tolosako lagun batzuen pisuan egon nintzen, zakuan egiten nuen lo, lurrean. Bertan ikasten ari den lagun baten etxean igaro nuen hurrengo astea, eta ordura arte ezagutzen ez nuen nire anaiaren lagun batenean izan nintzen beste denboraldi batez… Izan ere, logela bat alokatzeko sei hilabeteko kontratua eskatu izan didate, eta nik ez dakit nire bizitzarekin zer gertatuko den!

Egonlekua bertan duzula esateak bidea erraztuko dizula uste duzu?Bai. Esaterako, joan aurretik bidalitako curriculumetan Londresen bizi den lagun baten helbidea jarri nuen, aukera gehiago izateko. Gure artean nazioartekotasunari garrantzia ematen zaio, baina atzerrian bertan bizi diren dantzariak lehenesten dituzte. Beraz, beharraren arabera, helbidez aldatzen dut.

Eta nola dihardu freelance dantzari batek?Hasteko, Sarean ordu asko pasatzen ditut probak bilatzen, curriculumak, bideoak eta argazkiak bidaltzen… Konpainietan curriculumak behatzen dituzte lehenik; ondoren, hautapen probetara gonbidatzen zaituzte, eta haien gustukoa bazara, onartu egiten zaituzte. Horrez gain, konpainietara mezuak bidaltzen ditut haien klaseetan parte hartzeko. Ezagunen bat duzunean errazago onartzen zaituzte, baina lagunik izan ez arren, eskaera bidaltzen dut, badaezpada. Bidalitako mila emailetik bi erantzun jaso ohi ditut, batez beste, baina ez dut amore ematen. Eta egunerokoan, profesionalentzako klaseetara joaten naiz The Place dantza eskolara. Hiru urteko dantza karrera eskaintzen dute bertan, baita freelancentzako saioak ere. Lau libera esterlina balio ditu ordu eta erdiko klase batek, eta oso denbora gutxi denez, ordubete lehenago iritsi eta ordu eta erdi beranduago alde egiten dut. Astero irakasle ezberdin batek gidatzen du saioa, eta aukera ona da jende berria ezagutu eta kontaktuak egiteko.

Elkarrizketa osoa gaztezulo.com-en

Amaia Elizaran: “Ezjakintasuna da dantzara hurbiltzea galarazten diguna”

Euskal Herri osora hedatzen den euskara hutsezko gazte hilabetekaria da Gaztezulo. 2000 urtean hasi zuen bidea aldizkari gisa, baina egun askotariko euskarriak dituen proiektu komunikatibo osoa da. Gazteen topalekua.