Alferrik irakurritako liburuak

Batzuetan jartzen naiz pentsatzen zein  ote den gehiagotan irakurri dudan liburua, eta ia beti etortzen zait burura gazteagotan ohe-liburu bilakatu zitzaidan Pailazo baten aburuak izeneko hura,  Heinrich Böll-ek idatzia, jakina. Zenbat bider irakurriko nuen, zazpi? Bederatzi? Gaztelaniaz irakurri nuen nik, 1986a arte ez baitzuen Jose Antonio Azpirozek euskarara ekarri eta, gainera, egia esan behar bada, euskarazko itzulpenetarako joera ez baitaukat guztiz ezarria oraindik ere.

Kontua da liburu hartatik deus ez dudala orain gogoan: ez protagonistaren izenik, ez bestelako gertaerarik. Badakit, hala ere, edo hala esango nuke, bederen, eleberri hura “garrantzizkoa” izan zela nire baitan. Pailazo sinesgabe baten ibilera garratzak zirela bai, badakit, familia oneko semea, gizarte arautu baten aurka oldartua… Ezer gutxi besterik.

Askotan, nobela oso batetik, xehetasun inozo bat baizik ez zait geratzen garunetan. Esate baterako, Echenoz-en Je m’en vais eleberritik, soilik pare bat lerdokeria geratzen zaizkit gogoan, argumentua ere ez dudalrik oroitzen. Baga: errealitatean ez dauden zubiak jartzen zizkion Donostiaren deskribapenari. Biga: Ipar Poloko  hartz zuri guztiak ezkerrak direla eskuekin, zioen eleberrian. Biak ala biak txorakeria galant askoak. Eta, gainera, zubiekin ez zuela asmatu baldin badakit, zergatik sinetsi behar diot egile horri hartzen ezkerrekotasunaren kontua?

Beraz, zertarako irakurtzen ditugu gero ahaztuko ditugun liburuak?

Pentsa liteke, Böllen liburu hura eta beste batzuk fikzio huts zirela, eta ipuinak galdu egiten direla usu gizakion buruetako zirrikituetan. Hel diezaiogun, bada, kontu “seriosago” bati: saiakerari. Eta bereziki, literaturaren inguruko saiakerari.

Gehiagotan irakurri dudan mota honetako liburua, joan zen mende amaieran argitaratutako Italo Calvinoren ikasgai amerikar haiek izan ziren (Lezione americane). Gaztelaniaz irakurri nuen liburua, Seis propuestas para el próximo milenio izenaren pean. Eta ez irakurri bakarrik, erosi ere hiru-lautan erosi nuen liburua, beti baten bati laga eta akabo.

Gaur ez du inork Calvino aipatzen, nahiz eta nire adinkide bazara, oroituko dituzun haren ipuin bikainak eta, batez ere, literaturarekin zeukan gozamen paregabea.  Liburu hura errebelazio itzela zen idazle izan nahi zuen batentzat, literatura posmodernoaren formulazio erabatekoa zetorren han idatzita, sei hitzaldi desberdinen transkribapenean. Gogoan dut irakurri nitueneko kitzikadura eta ezin lorik egina. Iruditzen zitzaidan, han irakurritako haiek apurtxo bat gordetzen banituen buruan, inoiz edo behin izkiriatuko nituela sekulako eleberri eta liburu itzelak, sekreturik ez zeukala jada idazkuntzak niretzat… Putza!

Calvinoren kontu haietatik ere, bat bera ere ez dut ganoraz gogoan, soilik hitzaldiren bat edo besteren izenburuaren akordua: Azkartasuna, Arintasuna, Laburtasuna, Ikusgarritasuna… Kito. Horixe da dena. Ez eta anekdota miserable bat ere. Nire ganbara honetan ez da beste akordurik apur horixe baino, eta portada horizta batena (oker ez banago).

Zer atera dut, beraz, irakurketa gozatsu hartatik?

Gaur bertan, hirugarrenez noa hastera  argazkiko liburu hau irakurtzen, Milan Kunderaren Le Rideau (Erridaua). Tusquetsen edizioan irakurriko dut, frantsesaren nire ezaguera ez baita ikaragarria ere.

Kontua da, liburu hau irakurri ahala, lerro bakoitzean jabetu naizela —lehenago  Calvinorenarekin bezala—, idazkuntzaren sekretu handienak bertan kontatzen direla eta, batez ere, Europako eta leku guztietako literatura benetan ezagutzeko, ezinbestekoa dela liburu hau.

Kafka, Musill, Gombrowicz, Broch, Flaubert, Proust… handienak aipatzen ditu Kunderak eta ez hori bakarrik: haien lanaren giltzak jartzen ditu ageri-agerian. Literaturaren funtsa benetan ulertzeko leiho bat eskaintzen dizu liburu honek eta harritu egiten zara Kundera jaunaren ezaguera literarioarekin eta, batez ere, gauzak diskurtso argi, garbi eta eder batean antolatzeko duen gaitasunarekin.

Horiek eta gehiago ikusten ditu irakurle honek txekiarraren lerroak  irakurri ahala, baina aldi berean da ohartzen, irakurtzen dituen horiek ihes egiten diotela burutik, aingirek eskuetatik dakiten bezala. Ezer gutxi geratzen zaiola itsatsita buruan eta ez duela aterako ikasgairik batere, deskuidatzen bada.

Soilik Einsteinen aterkiei buruzko anekdota txoro bat geratu zaio lehenengo irakurketatik, Kixoteren amodioaren kalitateari buruzko beste bat bigarrenetik… Deus gutxi, egia esan.

Horregatik, hainbeste edertasun ez galtzeko, hainbeste jakituria eta proposamen gordetzeko, erabaki du irakurle honek hirugarrenez irakurtzea liburu bera, jakin arren deus ez duela aterako irabazirik irakurketa horretatik, baldin eta ez bada unean uneko gozamen garbia eta iluminazioaren sentipen iheskorra, eta bihar edo etzi oroitzapen baizik izango ez zaion zerbait: “Irakurri nuen ba nik Kunderaren liburu hura pare bat aldiz. Zertarako egingo nuen hori baldin eta ez badut deus oroitzen irakurketa hartatik?”.

Hori bai, orduan jakingo du irakurle honek, esku artean daukadan Kundera hau, koadrilakoa dutela Calvinok, Böllek eta konpainiak. Liburukoa erabat ahaztu arren, nolabait bere barnean gorderik dituen liburuen egileen artekoa dela txekiar hau ere. Bai jauna.

 

(Gai honekin lehenago ere ibilia naiz bueltaka.)

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

2 pentsamendu “Alferrik irakurritako liburuak”-ri buruz

  • Zu bezalako ezkorrentzat, argi izpi bat: Ohar zaitezen irakurritako guztia ez duela ezerezak irensten inondik inora. (Gero hitzetan jartzeko gauza ez bagara ere; hitzez hitz gogoratu ezina ahanzturarekin tronpatzen badugu ere). Azalpen zientifikoa, hemen:
    http://www.rtve.es/v/629212/ vía @rtve
    Zerbaitetarako balioko dizuelakoan.
    Bestela ere animo!

  • […] baino gehiagotan galdetu izan diot nire buruari zergatik eta zertarako irakurtzen ditugun gero ahaztuko ditugun liburuak. Eta oraindik ez daukat erantzun garbirik. Alabaina ez da hori liburuekin gertatzen den kontu […]