Aldeanoa, Ameriketatik bueltan

Aldeanoa, Ameriketatik bueltan

Amorru itzela emon izan deust beti, Gabon bueltan umeak baserritarrez janzten dabezanean-eta, Bilbo bueltan gazteleraz erabilten daben “aldeano” horrexek; edo berbak bere barruan (eta hiritarren iruditegian) gordetzen dabenak.

Zuzenean eta agerian ez bada be, sakonean erdeinua daroa berbak, halan dino María Moliner-en aspaldiko hiztegiak be. Atxaga berak esana ei dau, “Euskal Hiria” gai eban berbaldi batean: “Beren burua oso kosmopolitatzat duten asko klasista batzuk baino ez dira. Bertakoa, euskalduna, mespretxatzen dute eta nekazarien edo baserritarraren pare ipintzen. Ez al zarete ohartu? Señoritoek, iraindu nahi dutenean, nekazaria hartu ohi dute: ‘aldeano’, ‘vascorro’, ‘palurdo’, ‘paleto’, ‘cashero’. Haientzat, euskalduna berdin nekazaria”. Holan balitz sikiera!

Horrexegatik, deigarria begitandu jatan orain gitxi prentsan “El aldeano de Bakio regresa de California” lerroburua irakurtzea.

 

Bakioko baserritarra

Aldeanoa, Ameriketatik bueltanAdolfo Guiard (1860-1916) artistaren lana da “El aldeano de Bakio” -klikatu handitzeko-.

Guiard bilbotarra, Bartzelonan eta Parisen ikasi -Manet, Degas eta Monetekin hartu-emona izan eban Frantzian-, barrikuntza artistikoak bertatik bertara ezagutu eta Darío de Regoyos-ekin bat euskal pintura modernoa abiarazi eban artista izan ei zan, Bilboko Arte Ederretako Museoaren berbatan. “Paletako kolore argiak erabiltzen ditu, tonu biziekin, batik bat. Gaiari dagokionez, Bizkaiko baserri-giroa eta bertako paisaia, biztanleak eta ohiturak dira egilearen gai gogokoenak”.

“Bakioko baserritarra” 1988an margotu eban, eta bilbotar gizartean zeresana emon ei eban, artelanaren maisutasuna zalantzan ipini barik be koloreen erabilerak eta estilo inpresionistak kritikak eragin ebazan-eta. Artelanaren aldeko zein kontrakoen artean orduko izen ezagunek hartu eben parte, Nicolás Viar idazleak, Antonio Trueba poetak eta Miguel de Unamuno pentsalariak, tarteko.

Artelana Bilboko Arte Ederren Museoan dozue ikusgai datorren maiatzaren 30a arte -gaur, eta eguaztenero, doan da sarrera-, museorenak ez diran lanak bertan eskegitzeaz arduratzen dan “Obra gonbidatua” programari esker.

Kontua da Bizkaiko enpresaririk aberatsenetakoa zan Ramón de la Sota-rena izandako artelana -besteak beste Euskalduna ontziolen jabe eta jeltzale garrantzitsua berau-, San Diegoko bilduma partikular batetik datorrela orain, AEB-etatik. Eta arbasoenera egin daben osteratxoaren ostean, bertara itzuliko da gure aldeano kosmopolita, Kaliforniako epelera.

Aldeanoa, Ameriketatik bueltan