Aldatzen ari dena

Aldatzen ari dena –

Itziar Ugarte Urizar BERRIAn.


Kazetariak nahi izaten duen titulua da: zerbait aldatu dela, bukatu dela; edo gertatu ez bada, gertatzear dela; badoala bukatuz, mudatuz, sikiera.

Aldatzen ari dena
Arg: Dani Blanco (ARGIA)

Bada zerbait airean, izendatzen zaila bada ere, esaldia mihi puntara, hatz puntetara hurbiltzen diguna. Norabide aldaketa baten zantzuak, transatlantiko baten abiaduran bada ere. Aldaketa handiek hori dute, labain egiten dute momentuan, eta soilik distantziak azaleratzen du zer zen egiaz berregituratzen ari zena.

Musikarien partean da agerikoena Landakon. Diskoen formatu fisikoaren eredua «amaituta edo amaitzear» dagoela zioten Pasadenakoek aurrekoan egunkari honetan; eta liburugintza «aldaketa prozesu batean» sumatzen duela aipatu zuen herenegun Elkarreko Antxiñe Mendizabalek. Lanean ere atera da —oraingoz ahapeka—, egunkariak irakurtzen ez dituztenek egiten dituztela gero eta gehiago egunkariak. Mundu bat ez bada joan, joaten ari dela, alegia. Irratian ere entzun nion behin Aritz Galarragari: «Atxagak esaten zuen kasik Neolitikotik aldatu ez zen mundua telebistarekin bukatu zela. Uste dut orain beste buelta bat gehiago gertatzen ari dela, eta pantailekin, konektibitatearekin, une oro zintzilik egote horrekin bukatzen ari dela orain arte ezagutu dugun mundua. Gu telebistaren seme-alabak garen bezala, orain 15 urteko gazte bat beste paradigma batean sartuta dago bete-betean».

Digitalizazioaren lanbroa da Landakora ere aspaldi iragazi zena, eta giharra eskatzen du hor igeri egiteak. Ginsberg parafraseatuz, ikusi ditut nire belaunaldiko bururik argienak sareetako giro saturatuan erdi itota, beraiek egiaz zerekin gozatzen duten ahaztuta; baina ikusi ditut, halaber, pantailetatik nahiko aparte bizi diren zaharragoak ere sareak hauspotzen duen kontsumo azkarrak harrapatuta. Nik nahi nuen euren arreta gaitasuna, baina erloju bat agertu zaie eurei ere buru gainean.

«Bizitzak ez du ematen». Zenbati entzun diozue? Zenbatetan esan? Noiz utzi zion emateari?

Azoka aurreko egunetan hogei diskotik gora aurkeztu dira aste bakarrean, eta ea nork irakur ditzakeen udazkenean aurkeztu diren liburu guztien artetik interesatzen zaizkion guztiak —jakin-mina gosetia da, gainera, eta zain ditu garai eta begirada urrunagoko kontuak ere—.

Ez naiz ni izango, baina, makinak gelditzeko deia egingo duena, nola ba. Izatekotan, zaleak ugaritzeko lanetan jarriko nuke makineria. Eta desaktibatzen ahalik eta denbora gutxienean ahalik eta gehien irensteko premia. Eta, eskatzen hasita, Uxue Apaolazak Euskadi sarien banaketa ekitaldian esandakoa ere lehentasunetarako: denbora librearen banaketa justuago bat —«ez dago literaturarik alferkeriarako denbora duinik gabe»—, besteak beste, ohar gaitezen aldaketa sasoiek biziagotzen duten guztiaz.

Aldatzen ari dena  Aldatzen ari dena

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.